Albistea entzun

Pobretu nahi gaituztenei aurre egiteko, azaroaren 19an kalera

Iratxe Delgado Arribas - Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta

2022ko azaroak 17

Pobreziaren aurkako nazioarteko egunean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun sindikatu eta eragileok dinamika berria iragarri genuen, Pobreziari stop! Bizi baldintza duinak eta prezioen kontrola lelopean. Askotarikoak gara Karta osatzen dugun eragileak, errealitatea aztertzeko begirada anitz ditugu, eta egungo egoerari aurre egiteko kasu askotan proposamen desberdinak ere. Izaera hau, ahultasuna baino gehiago, bertute dela deritzogu, elkarrekin urratsak egiteko konbentzimenduak gure indarrak biderkatu egiten dituelako.

Oinarrizko adostasunak biltzen ditugunez, sendoak dira hauek. Sinetsita gaude, saltzen digutenaren kontrara, langile eta herritarrok bizi dugun prekarizazio eta pobretze prozesua ez dela fenomeno meteorologikoa, erabaki politikoek eragindakoa baizik. Are gehiago, jakin badakigu aberastasunaren banaketa injustua ez zela pandemiarekin hasi, ezta Ukrainako gerrarekin ere, lehenagotik datorrela.

Egiturazkoak diren krisien ondorioak bizitzen ari gara; zaintza lanak pribatizatu dira emakumeon bizkar utzita, planetaren muga biofisikoei so egin gabe hazkunde amaigabearen mantran oinarritutako produkzio, banaketa eta kontsumo ereduan sakontzen ari da, eta aberastasuna geroz eta esku gutxiagoetan pilatzen jarraitzeko erabakiak hartzen ari dira. Ez da ezer berria, baina azken hilotako gertakariek egoera azkartu eta larriagotu egin dute.

Inflazioaren gorakadari, langileon eta herritarron diru sarrerak eta beharrezkoak ditugun zerbitzu publikoak murriztuz erantzun nahi dio kapitalak, langile klasearen pobretze prozesua areagotuz. Europako Banku Zentralak interes tasak igo ditu, Madriletik hartutako neurriak epe laburrekoak eta eznahikoak dira, eta Urkullu eta Txibiteren gobernuak ez dira erabiltzen ari indarrean dauden eskumenak herritarren bizi baldintzak ziurtatuko dituzten politikak egiteko. Finantza sektorea, oligopolio energetikoa, patronala eta oro har elite ekonomikoak dira gehiengoaren pobretzea eragin eta egoera honekin etekinak pilatzen ari direnak.

Panorama honetan, errezeta magikorik ez, baina bai eraginkorra den proposamena: kalean mobilizazioak indartu eta erroko aldaketa eragiteko alde anitzetako aliantzetan sakontzeko unea dela uste dugu. Bide-orri integralak beharrezkoak dira, orain arteko lehentasunak aldatu eta langileon, emakumeon*, pertsona migratu edota arrazializatuon eta planetaren zaintza eta interesak erdigunean jarriko dituztenak.

Sei aldarrikapen nagusitan bildu dugu gure proposamena: langileon lana duintzeko neurriak, tartean 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.260 euroko gutxieneko pentsioa; baita zaintza lanak aitortu eta banatzeko zein soldata eta pentsio arrakala amaitzeko politikak ere; energia eskubidea ziurtatzeko sektorearen kontrol publikoa, produktuen prezioen mugapena eta trantsizio ekologikorako bide-orria; osasungintza, hezkuntza eta oro har zerbitzu publikoen defentsa; etxebizitza, herritartasuna, elikadura edota garraiorako oinarrizko eskubide eta behar materialen bermea; bakea eta burujabetza. Horiexek elkarrekin borrokatzeko gida lerroak.

Hasi gara bidea egiten, eta azaroaren 19an, larunbatean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin zein beste eragile eta sindikatu batzuekin batera kalean elkartuko gara aldarri hauen defentsan. Zatiturik eta otzan nahi gaituzte, datorrena onartzeko besterik ez dugula sinetsarazi nahi digute, baina elkarrekin eta bidea partekatuz merezi dugun etorkizuna borrokatu dezakegu. Ez hutsik egin!

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kide Gotzone Sestorain Zabaleta, Manu Martinez Agirre, Marije Etxebarria Ezpeleta, Jabier Saenz Sanchez, Elene Lopetegi Olea eta Leire Gallego Lopez de Goikoetxea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...