Euskaraz gura duzu? Zoaz Gipuzkoara

Mikel Basabe Kortabarria
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Horixe esan berri dit, birritan esan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Hona gertatutakoa: merezimendu-lehiaketaren baitan, funtzionario izateko eskubidea onartu dit Hezkuntza Sailak. Prozesuaren nahitaezko ataletako bat mediku-azterketa pasatzea da: hori barik, ezin funtzionario izan. Horraino, harritzekorik ez.

Derrigorrezko mediku-azterketa hori pasatzeko hitzordua eman zidan sailak, Quiron Prevencion-ek Gasteizen duen egoitzan. Zergatik Gasteizen? Bada, bertan ditudalako bizitokia eta lantokia: Arabako hiriburuko institutu publiko bateko irakaslea naiz. Zergatik Quiron Prevencion-en? Derrigorrezko tramite hori azpikontratatu egin dutelako.

Quironen Gasteizko egoitzara joan nintzen, bada, baina han inork ezin zidan mediku-azterketa euskaraz egin. Gaztelaniaz egiteari uko egin, erreklamazioa idatzi,eta Hezkuntza Sailari eskatu nion bestehitzordu bat eman ziezadala, azterketa euskaraz pasatzeko.

Egun gutxitara ailegatu ziren erantzunak: lehenengoa, Quironena (gaztelania hutsean, enpresa horrek igorritako mezu guztiak legez): Beasainen nuen hitzordu berria. Ondoren Hezkuntza Sailarena ailegatu zen. Hauxe, berbaz berba: «Posta elektronikoz jaso duzun bezala, azterketa medikoa euskaraz egiteko hitzordua duzu Beasainen, urriaren 27an, 13:00etan».

Hau da, Quironek badu Beasainen mediku-azterketa euskaraz egiterik, baina Gasteizen ez. Horren jakitun egonda ere, Hezkuntza Sailak herritarrari eskatu dio beste herrialdera mugi dadila, azpikontratatu duen enpresari eskatu beharrean euskarazko zerbitzua Gasteizen ere ematea.

Hori horrela, berriro ere eskaria egin nion Hezkuntza Sailari, Quironek mediku-azterketa euskaraz eta Gasteizen pasa diezadan. Haren erantzuna, hauxe: «(...) deialdian ez da adierazten osasun-azterketa lurralde jakin batean egingo denik, erreferentzia gisa lantokia, bizilekua edo beste alderdi batzuk har baitaitezke, hala nola ordu-eskuragarritasuna. Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea duzu, eta, beraz, zure hizkuntza-eskubideak betetzeko izapidetu da zure eskaera. Hau dela eta proposatzen dizugu Hezkuntza Sailak ordain ditzala osasun-azterketarako garraio-gastuak, aldez aurretik egiaztagiri bat aurkeztuta. Azterketa medikoa egiteko hitzordua duzu Beasainen, urriaren 27an, 13:00etan».

Zergatik bidali gura naute Beasainera? Ez Gasteizen «ordu-eskuragarritasun» arazo bat dagoelako, euskaraz egin gura dudalako baino.

Hezkuntza Sailak egoera bideratzen ez badu, auziak epaitegian amaituko du. Gerta liteke epaileek niri ematea arrazoia, baina gerta liteke sailari ematea. Horrela gertatuko balitz, EAEko epaileek Hezkuntza Sailari emango baliote arrazoia... Eusko Jaurlaritza poztu egingo litzateke? Ospatu egingo luke epaileek esango baliote:

1. Administrazioek badutela Gasteizen emango den zerbitzu bat hizkuntza-eskubideak kontuan hartu barik azpikontratatzea.

2. Edozein administraziok daukala «deialdiz» erabakitzerik euskaldunoklegez dauzkagun hizkuntza-eskubideak errespetatzea ondo datorkion.

3. Gasteizen (Euskal Herriko bigarren hiririk populatuenean) herritarrek ez dutela zerbitzu bat euskaraz eskatzerik. Bestela esanda: administrazioak baduela Gasteizen zerbitzua euskaraz egitea ukatzerik.

4. Badagoela, ondorioz, zerbitzua Gasteizen euskaraz egitea eskatu duen herritarra beste herrialde batera mugiaraztea.

5. Normala dela enpresa azpikontratatuari eskatu beharrean EAEko leku guztietan ziurta dezala euskarazko zerbitzua, herritarrari eskatzea enpresaren premietara egokitzea.

6. Praktikan, aukera dagoela EAE zonifikatu eta hizkuntza-eskubideak leku batean bai, bestean ez errespetatzekoa.

Hezkuntza Sailak egoera bideratu ez, eta epaileek arrazoia ematen badiote, Eusko Jaurlaritza poztu egingo da epaileek, beste behin ere, herritarron hizkuntza-eskubideak murriztu dituztelako? Ala salatu egingo du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.