Hidalgo kapitaina

Ibon Meñika, Ibai Alzaga
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Cadizen jaio zen Manuel Hidalgo Salas, 1936ko gerraren arestian. Gaztetan guardia zibil sartu, eta, 30 bat urte zituela, Euskal Herrira heldu zen, nora eta Bizkaira. Baita Erandioko emakume batekin ezkondu ere, zeinarekin hiru seme-alaba izan zituen. 60ko hamarkada hartan, informazio zerbitzuetan nabarmendu zen, alegia, erregimenarekiko disidentziaren kontrol, jazarpen eta errepresio lanetan.

Frankismoaren irudiko ondo betetako zereginen ordainean, 1972an kapitain izendatu zuten, eta Gernikatik ia Bizkaia osoa bihurtu zuen bere menpeko eremu. Berezko zituen handinahiak, izaera zertxobait eszentrikoak eta sen psikopatak gainerakoa egin zuten, besteak beste, Busturialdean, Lea-Artibain, Durangaldean zein Uribe Butroen Hidalgo kapitainaren legenda beltza zabaltzeko. Izan ere, berari buruzko datu biografiko asko ezagutzen ez dugun arren, herriz herri egin zituenen kontakizun amaigabeak entzun daitezke oraindik, bere agerraldi beldurgarriak, jipoi sadikoak edo tortura sesioak jasan zituztenen ahotik.

Horietako testigantza ugarik gogoratzen dute zaldian ibiltzeko botak soinean, usta eskuan zuela, helikopteroan heltzen zein Sukalki Egunean ikurrina bat zintzilikatua zuen zuhaitza bota nahian Mungian, atxiloketa arbitrarioen buru edonon, Txiki, Otaegi eta FRAPeko beste hiruren fusilamenduaren lehen urteurreneko protestak tiroka erantzuten Gernikan, edo Josu Arrizabalaga ondarroarrari bere atxiloaldira ongi etorria emateko mailu batekin buruan joz.

Hauek guztiak eta beste asko egun argitan eta inpunitate osoz egin zituen urte haietan Hidalgo kapitainak, baina gauza jakina da Fuerza Nuevako mitinetan parte hartzen zuela eta baita talde parapolizialen eraso asko laguntzen eta antolatzen aritu zela ere. Zonalde honetako jaun eta jabe zela, urte haietan Uribe Butroen eta Busturialdean Guardia Zibilak zein talde parapolizialek utzitako ondarea aztertuz gero, zerrenda makabroa osa dezakegu: jipoiak; hainbat herritar torturatu; 1973an guardia zibilek Fruizen tiroz akabatutako Joaquin Diestre gasteiztarraren erailketa; 1974an guardia zibilek kontrol batean tiroz larriki zauritutako Pedro Bilbao gernikarraren kasua; 1975ean guardia zibilek Mungiako Zigor dantzalekuko atean tiroz akabatutako Alfredo San Sebastian plentziarraren erailketa; 1975ean guardia zibilek Gernikan tiroz akabatutako Blanca Salegi eta Iñaki Garai senar-emazteen erailketa; 1975ean zehar Busturialdeko hainbat herritan egin ziren negozio zein etxebizitza desberdinen aurkako erasoak (leherketak, tiroketak...); 1976an ezezagun batzuek Mungiako Jai Alai tabernaren aurka egindako tiroketa; 1976an ezezagun batzuek Nicolas Madariagaren Bakioko etxean eztandarazitako lehergailua; edo 1976an baita, zenbait ultrak Bermeo, Mundaka eta Gernikan ehunka autori egindako gurpil zulaketak.

Behin Franco diktadorea hilda, eta trantsizio demokratiko deritzon aurpegi zuriketa haren mesedetan, 1976ko abenduan garaiko agintariek azkenean Hidalgo kapitaina lekualdatzea erabaki eta Leonera bidali zuten.

Beste askok bezala, Hidalgok gaur egun oraindik pairatzen darraigun trantsizio ustez eredugarri haren izpiritua ezin hobeto islatzen du. Izan ere, lekualdaketa haren ondoren berataz dauden hurrengo erregistroek adierazten digute, esaterako, 1989an Jaeneko 213 Komandantzian teniente koronela zela, eta Guardia Zibil Laguntzaileen Eskolan ikasketa buru ere izan zela. Alegia, erregimen frankistaren helburuen mesedetan aritutako gizon hau egindako lanagatik saritzen eta babesten jarraitu zutela ustezko demokrazian ere.

Gauzak horrela, Manuel Hidalgo Salas 2012ko urtarrilaren 13an, gaur hamar urte, hil zen Ubedan, esan ohi den moduan, ohean. Inoiz ez ikertua, sekula ez epaitua, nehoiz ez zigortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.