Begirada bat atzerantz

2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urteko azken egunetan, urteko laburpen moduan, hamabi hilabetez gizarte moduan bizi izan ditugun gertaera garrantzitsuenak entzuteko aukera izaten dugu, zenbait ikuspegitatik. Eta, balantze horretan, urte berrirako erronkak adierazten zaizkigu; hots, zer utzi dugun atzean, konponduta, eta zer dagoen konpontzeko.

Caritas Gipuzkoak ere egiten du bere analisia, eta, artatzen eta laguntzen ditugun ehunka pertsonaren bizitzaren ikuspegitik, zer erronka dauden azaleratzen dugu. Kezka moduan, bi gizarte-egoera nabarmentzen ditugu, eta bi dira, halaber, proposatzen ditugun konponbideak.

Pobrezia gaztetu egin da

Pandemiaren hasiera-hasieratik, Caritas ohartu da gure gizarte-arretaren zati handi baten hartzaileak, zuzenean edo zeharka, 30 urtetik beherako pertsonak direla. Datu esanguratsua eta kezkagarria da; ohartarazten digu sistema publikoak ez dituela gazteenak babesten, eta agerian jartzen du gazte horiek ez dutela hobetzeko itxaropenik eta horrek guztiak kezka eragiten duela haien etorkizunean, eta, beraz, baita gizarte osoarenean ere.

Lana, diru-sarrerak eta etxebizitza

Egoera horrekin eta gizarte-talde horrekin lotuta, erronka moduan, politika publikoek hiru arlotan sortu behar dituzte aukerak.

Lan duina, bizitzeko adinako diru-sarrerak lortzeko. Diru-sarrerak, lan ezari edo lan prekarioari aurre egiteko. Eta, azkenik, etxebizitza izatea, funtsezko beharra da eta. Hiru zutabe horiek garatu egin behar dira, familien zaintza-beharrak kontuan izanda.

Pobrezia harremanekinlotuta dago

Zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonek familia edo gizarte-sarerik ez dutelako edo sare horiek urriak direlako ere izaten dute egoera hori. Bada datu adierazgarri bat: Caritasek artatzen dituen pertsonen ehuneko handi bat bakarrik dauden pertsonak dira, familia edo gizarte-sarerik ez dutenak konponbide bat emateko beren egoera ekonomikoari, edo bizitzarako hura bezain garrantzitsuak diren beste gauza batzuei; esaterako, gaixo daudenean zainduak izatea...

Elkartasun babesleaeta komunitarioa

Caritasek azpimarratu egin nahi du Gipuzkoako gizartea solidarioa dela, eta aitortu egin behar dio hori gizarteari. Erakundeko boluntarioen kopurua nabarmen handitzea eta herritarren ekarpen ekonomiko ezberdinen bidez jasotako ekarpenak eskertzen ditugu.

Horiei esker, besteak beste, familiei zuzeneko laguntzak eskaini eta kudeatu ditugu oinarrizko beharrak asetzeko. Zentzu horretan, Duintasuna eta autonomia elikatu sentsibilizazio-kanpaina ere bultzatzen ari gara.

Baina elkartasun horrek ekintza kolektiboagoak egitea eskatzen du, bi bidetatik. Batetik, pobreziatik eta bazterkeriatik babesten duten politika publikoei babesa emanez, eta, bestetik, espazio komunitarioak garatuz bakardadeari aurre egiteko, gero eta handiagoa baita.

Elkartasuna auzotartasun bihurtu beharra dago, inguratzen gaituztenekiko kezka zintzoa izatea, elkar topatzea, elkarrizketa eta parte-hartzea bilatuz. Itxaropenez betetako urte zoriontsua opa dizuegu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.