Oihana Etxebarrieta.

Feminismoa, bizitzak babesteko

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Azaroaren 25aren bueltan hitz batzuk idazten hasita, ezinezkoa da azken egunetan Askatasun Sexualen legearen interpretazio baten harira sortu den polemika aipatu gabe hastea. Konstatazio batekin hasi nahiko nuke: Euskal Herriko Mugimendu Feministak hautatutako leloa ezin zen momentu hobeagoan etorri (Beldurra eta kontrolaren aurrean, Justizia Feminista). Justizia sistemak patriarkala izaten jarraitzen duela argi dago, eta honi aurre egiteko feminismo antolatu gehiago behar dugula, kalean zein txoko guztietan, baita instituzioetan ere. Ematen dugun pauso bakoitzeko han izango dira, gaizki ari garela esanez, gehiegi eskatzen dugula, hori ez dela bidea... baina horrek ez gaitu isilarazi eta gelditu behar.

Urteari errepasoa egiten jarrita, gainera, bereziki aipatu nahiko nuke uda aldean jai giroan izandako erasoen gorakada, eta bereziki substantzia kimikorik gabeko ziztaden erasoak. Emakumeon kontra antolatutako gorroto baten erakusle dira beldurra eta kontrola bilatzen duten eraso hauek. Nerea Barjolak ederki azaldu zuen: «izu sexuala» sortu nahi dute, etxean eta esaneko emakumeak nahi dituzten erasotzaile guzti horiek. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauei erantzuteko protokoloak landu dituen eta erasoak salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Isiltasunak normalizazioa dakarrelako, onarpena. Eta aspaldi esan genuen ez gaudela egoera hau gehiago onartzeko prest.

Baina nabarmentzekoa iruditzen zait antolakuntza feministaren kontra egondako deslegitimazio kanpaina ere. Ez da kasualitatea uda hasieran Navarra Suma bezalako alderdi atzerakoi batek Iruñeko Udalean martxan zegoen jai giroan aritzeko protokolo feminista bertan behera utzi nahi izatea, mugimendu feministak eta aldaketaren udal gobernuak pasa den legegintzaldian adostutako tresna ezinbestekoa. Protokolo propioak garatzen ari ziren herri mugimenduko kideenganako erasoak ere izan ditugu. Algortako Mugimendu Feministako kideek, emakume baten borondatea babesteagatik, Ertzaintzaren kontrako erasoa egin izanaren akusaziopean deklaratu behar izan dute, eta hori onartezina da. Urteetan zehar, bakar-bakarrik egon zen mugimendu feminista protokolo hauen sorreran eta jarraipenean. Gerora etorri dira jai batzordeetako prozesuak, instituzio ezberdinekin landutakoak... Eta orain, hauen garapenean ezinbesteko lana egiten duten horiek eskertu eta aitortu beharrean, deuseztatu nahi dituztela dirudi.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragiten duen Berdintasun Legearen erreforma egin da pasa den ikasturtean, indarkeria matxistaren kontzeptualizazioa irekiago bat ekarri duena eta salaketa beharra ezabatu duena. Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berriztea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean, baina hauek ez dute ezertarako balio, garapenerako aurrekontuak eta baliabide teknikoak ezartzen ez badira.

Urte honetan, gainera, atzerakada ekonomikoaren mamua haizatzen ari den honetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu behar ditugu politika eta zerbitzu publikoak. Berdintasunaren norabidean kokatu edo indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak ere oinarrizko beharrizan bezala identifikatzen ditugu. Beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatu behar ditugu, berdintasun-unitateak sustatu eta berdintasun-teknikarien egonkortasuna edo kontratazioa bultzatu behar da, baita emakumeen parte-hartze eta erabakimenerako guneak sustatu ere. Emakume etxeak bezalako guneak, adibidez, espazio pribilegiatu bilakatzen dira, elkar babesteko, aitortzarako, indarkeriei aurre egiteko prozesuak ahalbidetzeko... Euskal demokrazia patriarkala ikerlanean ederki azaltzen den moduan, zerbitzu publikorik ezean, emakumeon etxekotze prozesu bat aktibatzen da, eta indarkeriari aurre egiteko, beraz, baliabide publikoak defendatu behar ditugu.

Guk argi dugu, azaroaren 25etik eta martxoaren 8tik at, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren alboan egin nahi dugula bidea, haiengandik elikatu, haiekin eztabaidatu, bidea eraikitzen jarraitu. Ez dugu ulertzen euskal emakumeontzako indarkeriarik gabeko bizitzarik, bizitza onik gabe, eta hori bere herritarrak zainduko dituen sistema publiko sendo batekin egingo dugu. Eta sistema horrek feminista izan behar du ezinbestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.