Ez emakume bat, ez gizon bat, ez euro bat gehiago gerrarako

Marisa Ruiz Amostegi eta Teresa Gorriz
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Putinen Errusia inperialistak Ukraina inbaditu du, lurralde subiranoa. Horren ondorioz, giza eskubideen, emakumeen eskubideen eta Ukrainako herriaren urraketak gertatu dira. Hori gogoratuz, esan behar da Zelenskik, bere gobernuak eta bere militarrek gizon ukrainarrak hil dituztela, gerrara joatera behartu zituztenak baina beste aukera bat egin zutenak. Eragozle eta desertoreei ongietorria eman nahi diegu, eta zorte handia opa geratu direnei, sentitzen dutelako ezin dutela bizi etxea, ingurunea, paisaia utzita, haien parte delako. Erbesteratutako milaka emakumeentzat animo handia. Era berean, ezin dugu ahaztu indarkeria-testuinguru horrek militar errusiarrak, txetxeniarrak, ukrainarrak, emakumeen eta haurren bortxatzaileak edo bestelako astakeriak eragiten dituztenak bultzatzen eta erakartzen dituela.

Gerra batek harrapatzen zaituenean, indarkeria eta logika militarra gailentzea eta geratzen den biztanleriaren zati batek armak jaso nahi izatea ulertzen da, hala egin nahi ez duen beste zati bat egongo den bezala. Gure gizarteetatik saiatu behar dugu etikoki eta ekonomikoki pobretzen gaituen logika horretatik ihes egiten, eta armak bidaltzeari ezetz esaten diogu, gatazkak konpontzeko pertsonak ezabatu nahi ez ditugulako, eta litekeena delako gatazka mailaz igotzea ere, arma nuklearrak erabiltzera iristeraino.

AEBei, adibidez, ez zion dar-dar egin pultsuak Hiroshiman eta Nagasakin. Zergatik dar-dar egingo die orain herrialde horiei guztiei? Errusia, AEBak, Israel, Iran... guztiak Ukrainako gatazkaren inguruko lurralde edo interesen eremuan. Gerretara joan beharko lukete horiek eragiten dituztenek. Ez ditugu ikusten Putin, Zelenski edo beste batzuk lubakian, ezta haien gorpuak edo beren seme-alabenak jartzen ere.

Bestalde, non arraio landu da arazo bat gerra batean sartu gabe konpontzeko prebentzioa? Mugimendu feministek beti eskatu dute prebentzioa, prestakuntza eta hezkuntza, baita beste neurri batzuk ere, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka borrokatzeko modurik onena direlakoan. Gerren aurkako lana ez al zen, bada, harreman diplomatikoen bidez egiten? Ez da lan handirik egin horretan, bistan denez. Beste interes batzuk egongo dira, industria militarraren fabrikenak edo errusiar edo ukrainar militarren interesak, heriotza sortzeko eta zentzurik ez duen existentzia bat justifikatzeko.

Gogoratu nahi dugu, armaden lan humanitario deiturikoak aurpegi zuritze hutsa direla; horretarako daude suhiltzaileak, eta, nahikoa ez bada, gehiago kontrata ditzatela, nahi dutenerako ederki igotzen dituzte-eta aurrekontuetako diruak. Adibidez, Espainiako Estatuko aurrekontuetan, iaz baino %26 gehiago dago Defentsa Ministerioarentzat.

Egitura instituzionalak sortzen eta legeak egiten ditugun gizarte gisa, gizarte bidezkoagoak, solidarioagoak eta hobeto bizitzeko helburuz, ezin dugu onartu gatazken konponbidea bitarteko militarren bidez bideratzea, gerrara iritsiz. Gerrarik Ez plataformak aurkeztu zuen mozioaren puntu bat onartu du dagoeneko Nafarroako Parlamentuak, «su-eten bat sustatzeko eta negoziazioei ekiteko ahaleginak babestea» proposatzen zuena. Eta, horretarako, ekidin behar dena da tankeak eta bestelako armak bidaliz gatazka bat sustatzen eta handitzen jarraitzea; hori ez da bidea.

Kolonbiako emakume eta erakunde feminista askok gatazka armatuan aldarrikatu zuten bezala, Ez emakume bat, ezgizon bat, ez peso (euro) bat gehiago gerrarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.