Hezkuntzaz

2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Hezkuntza Legeajokoan. Gogoeta. Hezkuntza sistemak herri eta nazio egitasmo gisa hezur-mamitzen gaitu, Euskal Herriak erronka gisa aurre egin ahal dio. Herri gisa ezagutarazteko gaituena. Hezkuntza da biharko Euskal Herriaren argazki baikorraren tresna eraginkorra. Euskal Herriaren hegoaldean Espainiak ondo jakin izan du hezkuntzaren garrantziaz euskaldungoa zirriborratzeko. Ahal izan duenean saiatu da tresna horren jabe bakarra izaten. Eta horrela alfabetatze-eskolatzearen lehenengo formalizazio eta sistematizazio ahalegina 1857ko Moyanoren lege famatua izan zen.

Estatu espainolak, frantziarrak eraiki zuen eskola eta hezkuntza sistema guztiz jakobino ereduari jarraiki, lege zentralista eta uniformatzaile hura sortu zuen. Estatu espainoleko hezkuntza administrazioa antolatzeko eta finkatzeko izan zuen eraginkortasuna nabaria izan zen. Hainbat araudi eta aginduz udal eta foru aldundietan esku-sartze zorrotza lortu zuen, eta eskoletan, gobernu organoak, gaiak, gaztelania, ikuskaritza, kopuruak, irakasleriaren prestakuntza, maisu-maistren izendapena, eskolen kontrol ideologikoa, euskararen aurkako politika beligerantea... Estatuari zegozkion, Espainiarekiko menpekotasuna lortu nahian.

Baina euskal foruen galerak euskal gizartean erantzun irmoa sortu zuen euskararen eta euskal kulturaren defentsan. Aldeko erreakzio honek kimu desberdinak izan zituen, hala nola Iruñeko Asociación Euskara de Navarra, Gasteizko Revista de las Provincias Euskaras, eta Donostian, Jose Manterolaren Consistorio de los juegos florales euskaros eta Euskal-Erria aldizkaria, Bilbon R. M. Azkue eta S. Arana, Euskal Esnalea, Euskaltzaleak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza. Geure Eusko Ikaskuntza bai, zeinek 1918an Oñatin burutu zuen lehenengo batzarra. Helburu tinkoa, non eskolak euskararekiko eta euskaldungoarekiko suposatzen zuena argi asko azalduz. Horra Landeta eta Elizalderen auzo- eta nekazal-eskolak, elebitasunaren kontzepziotik abiatuta euskaraz ikasteko bideak errazten, maisu-maistra euskaldunak bilduz, eta ama hizkuntza babestuz. Ondoren Bilbo eta Donostiako Euskal Ikastetxeak, Euskal Eskolak eta Tolosako Ikastola: Miguel Muñoa, Elena Gamero, Elbira Zipitria eta abar. Hezkuntzaren eraginkortasunaz beti jabetu izan gara.

Euskal Herrian Ipar aldeak ere ezagutu zuen, eta du, hezkuntzaren inguruan Estatu frantziarrak beti izan duen, eta duen, jarrera guztiz zentralista. Parisek badu zoritxarrez euskaldunontzat, euskararentzat, euskal kulturarentzat, hezkuntzarentzat oro har bere aurpegi zitala. Eusko Ikaskuntza gara. Aspalditik gatoz. Euskal Herriaren zerbitzuan gaude. Kontziente gara hezkuntzaren garrantziaz herri gisa dugun argazki-erronka osatuan. Gaur egun marrazten dugun Euskal Herria, biharko argazkia. Argazkia zirriborratzen ari gara. Lanean egin behar, hezkuntzak gaur egun dituen ataka eta korapiloez: zaurgarritasuna, segregazioa, euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza... euskararen garrantzia ikur eta tresna erabilgarri bezala. Transmisioa. Digitalizazioa, ezaugarri berriak, etorkinak eta hiritar berriak, euskaldunak. Sare sozialak, Internet, metodologia berriak, esparru eta espazio berriak, kultur aniztasuna, etorkinak eta euskararen erabilpena, gizartearen kohesioa, hezkuntza formala eta ez formala, gazteak, euskarekiko atxikimendua, inklusibitatea, ekitatea, ikastetxeen autonomia, udalen joko-zelai berria eta abar oso luze bat. Haize berrietara prest gaude. Asmatu behar.

Badakigu Euskal Herria esku arteandugula eta berezitasun guztien gainetik hezkuntzak batuko gaituela. Ez da erraza. Zailtasunak, korapiloak. Bere onenak eman behar, ateak eta leihoak irekitzen, freskotasuna eta itxaropena etorkizunari. Baditugu asmo eta ideiak hezkuntzan aurrera egiteko. Bi zentralismo itogarriek ez zuten lortu etorkizuneko Euskal Hezkuntza abegikorra itotzea. Auzolaneko eragileak ditugu bidelagun zubigintzan. Etorkizuna eta euskal gizarte kohesionatuagoa, esku arteko zeregina. Hezkuntza Legeajokoan. Aurrera. Lortuko dugu. Bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.