Osasuna eta zaintza, publikoak jakina; eta hezkuntza?

Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso eta Elena Cardenas, Fernandez de Pinedo
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Osasuna, zaintza, pentsioak, hezkuntza... zerbitzu horien guztien kalitateak jendarte baten ongizate maila adierazten du. Euskal Herri osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere bai, horien defentsan ahots asko altxatu dira aspaldi, eta pandemiaren eraginez areagotu egin dira.

Orain, EAEko ikastetxeetan matrikula egiteko garaia dator, eta familia askorentzat idatzi honen izenburuko galderari erantzutea, erabaki hau hartzea eta ikastetxea aukeratzea ez da hain erraza. Gure sistema publiko-pribatu dual honetan aukeratzeko askatasunaz hitz egiten den bitartean, haien umeak inertziaz matrikulatuko ditu zenbait familiak; beste batzuek ondo aztertu eta hausnartutako aukera bat egingo dute; eta azkenek ustez dagokien bakarrera joango dira. Baina bakoitzaren ezaugarriak direnak direla, kalitatezko hezkuntza nahi dugu familia guztiek.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok erantzuna argi dugu. Apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde, guraso zein hezkuntza eragile moduan, balioan jarri eta dagokion lekuan kokatzeko. Eta galdera horren erantzunaren bila zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, hezkuntza publikoaz harro egoteko arrazoiak helarazi nahi dizkiegu:

Harro, unibertsala delako: herritar guztientzat irekia eta doako oinarrizko hezkuntza eskaintzen duen bakarra.

Harro, euskalduna delako: gaurko eta etorkizuneko euskaldunak hezten dituelako, testuinguru guztietan eta euskal kultura, gurea, ardatz hartuta.

Harro, anitza delako: ezberdinen arteko elkarbizitza egunero biziz ikasten delako, ez irakatsiz; ideologia, jatorri eta maila sozioekonomikoaren gainetik, pertsonekiko errespetuan oinarritzen da. Eskola publikoak gaurko jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkie haurrei txiki-txikitatik; eskola publikoan aniztasunaaberastasuna da, pertsona gisa aberasten gaituena.

Harro, inklusiboa delako: denona da, eta denontzat. Norbanako guzti-guztien garapen integralaz arduratzen baita, kolektiboa ahaztu gabe. Ezberdintasunak direnak direla, inor atzean uzten ez duen hezkuntza.

Harro, herritarra delako, gurea delako: komunitate osoarena izanik, urte askoren poderioz eta lanaren ondorioz familia, ikasle, irakasle, eta langileek eraiki dutena eta gaur egun eraikitzen jarraitzen duguna.

Harro, jendartearekin bat aldatzen doan eskola delako. Izan ere, parte-hartzailea baita eskola publikoa, partaidetza gune askorekin: Guraso elkarteak, OOG (Ordezkaritza Organo Gorena), batzordeak... Bai barruko eta bai kanpoko ekarpenei irekia: herri eta auzoetan integratua.

Harro, elkartasunerako gune pribilegiatua delako. Elkarbizitzako eta elkar zaintzeko gunea.

Harro, berritzailea delako: hobekuntza eta proposamen anitzi irekia. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten da, talde lanari garrantzia emanez.

Harro, begirada feminista hezkuntza komunitatean zabaltzen ari delako. Hezkidetzarako aurrerapausoak ematen dituelako.

Harro, jasangarria delako: etxe ondoan egonik ingurunearekin guztiz bat egiten duelako, herri eta auzoak bizitzaz betetzen.

Azkenik, harro, Eskola Publikoak aipatutako ezaugarri guztiak betetzen dituen eskola delako eta gure seme-alaben hezkuntzaren bermea delako. Seme-alabarekin batera gurekin bertan parte hartu nahi al duzu?

Euskal Eskola Publikoan zuen zain gaude: zatoz gurekin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.