Etxean ez dugun aitortza, kanpotik

Leire Rodriguez
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Uliako Lore Baratzak proiektuko kideok urteak daramatzagu auzolanean, Donostiako Udalak itxia zuen Uliako Mintegi Zaharren parkea zaindu eta kudeatzean. Bitarte honetan aitortza bezainbeste kolpe jaso ditugu. Eusko Jaurlaritzak emandako Elkarlan saria jaso genuen 2016an «elkarrekin balio publikoa sortzeagatik». 2017an, parkean gazteentzako etxebizitzak egitea onartu zuen Donostiako Udalak aho batez. Epaitegietan gelditu genuen astakeria hori, eta brindisaren biharamunean Aranzadiren egoitza berria parkean eraikitzeko asmoaren mamuak estali zigun ilusioa. Gora eta behera, ezker-eskuin etorri dira albisteak, baina guk xume-xume erronkari eutsi eta egunero-egunero ireki dugu parkea. Erratza pasa dugu. Baratzea erein dugu. Komunitatea eraiki dugu. Lana izan da. Hala ere, zintzo eta norabide onean goazen ziurtasunak nekezia astindu eta tinko aurrera egitera eraman gaitu urtez urte.

Donostiako Udalaren lursailean lan egiten dugu, nolabaiteko kudeaketa partekatuan (baimen ofizialik gabe jarraitzen dugu 2019tik). Asteartero baratze komunitarioan 30 bat lagun biltzen gara, azken auzolanetan 50 ginen. Gehienok emakumeak gara, adin, jatorri eta testuinguru anitzetakoak. Denok baldintza berdinetan, diru-saririk gabeko elkarlanean. Irribarreakjasotzen ditugu bata bestearen ordainsari. Poza ematen du eskuak lurrean sartzeko beharra duten hiritarrei aukera hori eskaintzeak. Kolektibotasunaren, elkarren arteko mendekotasunaren eta eremu publikoaren ezaugarri den auzolanean dihardugu, denona den eta denon artean zaindu nahi dugun hori elkarrekin zaintzen. Arlo publikoan herritarrok esku hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu modu horretan.

Baina parkeko lanak ez ezik, bulegoko lanak ere badituzte tankera honetako proiektuek, eta, parkeko kide baten oihartzunari jaramon egin, eta hor aurkitu genuen Europako Bauhaus Berria (NEB) egitasmoa eta proposatzen zuten sari deialdia. Ez gara goi-mailako politikaren bereziki zale, ez eta Itun Berdeak proposatzen dizkigun trantsizioaren fededun ere. Baina, aldarriak aldarri, Uliako Lore Baratzak proiektuak berak proposatzen dituen balio horien adibide izan bagara: proiektu jasangarria, parte-hartzailea eta ederra gara eta harrotasunez defendatzen dugu hori herri kide eta erakundeen aurrean.

Ursula von der Leyenek Europarako kultur proiektu berritzaile bezala aldarrikatu du NEB, etorkizun jasangarri eta inklusiboa imajinatu eta eraikitzeko deia egiten die europar guztiei, begien, buruaren eta arimaren gozamenerako. Guk bezala, dei horri erantzun zieten Europa osoko 2.000 proiektuk. Guk ez bezala, proiektu gehientsuenek talde profesionalak dituzte atzean, arkitekto, diseinatzaile eta unibertsitateak besteak beste. Uliako Lore Baratzetako kideok egiten duguna ahalik eta hobekien kontatzen tematu ginen, eta, hara non, gure ilusioak egin du bere bidea. Sarituak izan gara Biltzeko eta partekatzeko leku berrasmatuen atalean.

Bruselatik etorri da etxean jasotzen ez dugun aintzatespena. Izan ere, Donostiako Udal Gobernuak ezikusia egiten du gure jardunaren inguruan, eta bere aldetik ari da parkea erabat desitxuratu nahi duen proiektu ofizial bat pentsatzen. Aranzadi Zientzia Elkartea ari zaio laguntzen asmo horretan, eta bien arteko lankidetzan bertan dauden XIX. mendeko ur-biltegiak hurrengo Hondalea bilakatu nahi dituzte, akaso inork behar ez duen Basque Water Center bat eraiki.

Baina hau ez da utzitako gune arkeologiko bat Aranzadiren ustiaketarako. Uliako Mintegien Parkean, Uliako Lore-Baratzakproiektuko kideok bizirik eta indartsu dihardugu, eta gu gara parkearen oraina eta etorkizuna, udal agintariek ikusi nahi ala ez.

Azken hitza, urte hauetan guztietan, gure komunitatean, auzoan, hirian eta Euskal Herrian zehar jaso dugun babesa eskertzeko. Sortu auzo-lorategiak hiri eta herri guztietan! Gozamena da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.