Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Autodefentsa feminista

Naia Torrealdai Manduliz,, Elene Lopetegi Olea eta, Ainhoa Olaso Sopelana, Euskal Herriko Bilgune Feminista -

2022ko azaroak 25

Zerrendatu genitzake bizi ditugun indarkeria instituzionalaren, pobretze estrukturalaren, gure gorputzen kontrolaren, kriminalizazioaren, bortxa sistematikoaren eta eskubide falten adibideak. Baina, nazkatuta gaudela esatera gatoz. Ez da ezer berria. Sistema heteropatriarkal kapitalista ezer gutxi aldatu den honetan, are gehiago, indartu den honetan, berriz ere diogu: nazkatuta gaude!

Patriarkatuak nolakotasun berriak aurkitu baditu ere, indarkeriak bere horretan jarraitzen du. Badakigu indarkeria matxistak egiturazko sistema oso bat duela atzean berau sostengatzeko eta justifikatzeko. Uda honetan geratutakoa biolentzia estruktural horren beste adibide bat besterik ez da; ziztaden harira, emakumeonganako* kontrol eta beldur mekanismoak era masiboan jarri dira martxan: kontrol poliziala, oihartzun mediatikoa, beldurraren erabilera eta diskurtso morbosoen kapitalizazioa, jarrera erreakzionarioak... Baita mugimendu feminista kriminalizatzeko bideak ere, Algortan eta Bilbon, adibidez.

Egoera horietan, batzuek eraso matxistek hartutako forma konkretu horietan jarri nahi izaten dute fokua; era utilitarista batean eraikitzen dituzte diskurtsoak beldurra hedatuz eta erreproduzituz, etekin politikoa atera nahian. Baina fokua ez da hori, eraso matxisten ulerkera eta horien aurkako erantzunen antolakuntza feminista baizik.

Erantzukizuna eta ardura gizonengan jarri nahi dugu. Olatu feministak iritsi zirenean, gizon batzuek ondo ikasi zituzten diskurtso eta azaleko jarrerak. Lotsarik gabe erabili dituzte ikasitakoak. Patriarkatua ere ez da lotsatu. Ez da aldatu, bere horretan jarraitzen du; olatu feminista bakoitzak lortutako garaipenen aurrean oldartu egiten da.

Ikusi dugu nola, sistema kapitalista heteropatriarkalak feminismoaren termino eta iruditegietatik etekina atera duen bezala, gizonek ere berdintsu egin duten. Itxurak ez baitu errokoa aldatzen. Are gehiago pandemia osteko garaiotan, non sistema heteropatriarkal kapitalista sostengatzen duten mekanismoak esplizituago ikusten diren; sistema heteroarautzailea, sexuaren araberako lan banaketa agerikoa, sektore feminizatuen muturreko prekaritatea… Indarkeria bere zentzu zabalenean.

Zorionez, feministok hamaika forma horien aurrean beste hamabi modu bilatu ditugu horiei aurre egiteko. Horregatik, horri guztiari aurre egiteko autodefentsa feminista da dugun tresna. Urteak daramatzagu autodefentsa feministaren baitan antolatzeko deia egiten eta autodefentsa feministak har ditzakeen hamaika bide eta forma sortzen, aplikatzen eta aldarrikatzen. Ez dugu terminologia lausotzerik onartuko, urteetako lanaren ondoren aldarrikatu dugu Euskal Herri osoan autodefentsa feminista, eta berriz ere berresten gara aldarri honetan. Feminismoz armaturik gaude!

Autodefentsa feminista dugu lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta gure bizitzen defentsa eraikitzeko erreminta! Bide horretan jarraituko dugu; antolatzen, espazio kolektiboak sortzen, olatu feministak eragiten. Ezin daitekeelako uka feminismoak duen gaitasun politizatzailea eta sistema iraultzeko duen indarra. Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko.

Gora borroka feminista! Ekin autodefentsa feministari!

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...