Eskubideak eta betebeharrak

Pako Sudupe eta J.J. Agirre
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Dagoeneko ia inork (%1,7) ikusten ez duen ETB1en, Kontseiluko idazkari nagusia, Paul Bilbao, gonbidatu dute Ahoz aho saiora, eta elkarrizketan entzundakoak lerro hauek idaztera bultzatu gaitu. Azken urteotan EAEko Euskalgintzan nagusitu den diskurtsoaren zenbait ezaugarri oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkigu. Pandemiaren ondorioez diharduena berbarako.

Batetik, entzun behar izaten dugu pandemia garaian euskara zaurgarria edo zaurgarriagoa dela. Euskara ez da ezer euskaldunok gabe; beraz, euskaldunok izango gara zaurgarriak, izatekotan? Eta zer esan nahi du horrek: euskaldunok besteak baino ahulagoak garela? Bai, badakigu ez dela hori aditzera eman nahi, baina gaude laguntzen duela lehendik ere badaukagun gizagaixo eta gajo konplexua areagotzen.

Esaten zaigu haur askok euskararekin daukaten harreman bakarra eskolan dela, eta nola aurrez aurreko eskolak mugatu edo kendu behar izan diren, bada, ingurune erdaldunean bizi diren haur eta gazte horiek bestela baino euskara dosi txikiagoa jaso dutela, eta, horrenbestez, atzendu/moteldu egin zaiela askori.

Ados, baina orduan, esan dezagun ingurune erdaldunetako eskola-ume edo gazteek hizkuntza-galera izan dutela pandemia dela medio. Eta ez dezagun hortik kanpora atera, diskurtso biktimista ustelean jausi gabe... errukiak predikamendu gutxi baitu.

Eta esan dezagun argi eta garbi, EiTBk ez duela betetzen bete beharko lukeen funtzioetako bat, hots, haur eta gazteei euskarazko helduleku eroso eta gustagarri bat eskaintzea, areago inguru erdaldunduetakoei.

Bestetik, eskubideak bakarrik aipatzen dira: euskaldunok euskaraz egiteko ditugun eskubideak. Baina inposizio kontuak ez dira aipatzen, ez baita hori diskurtso zuzena eta salgarria, antza denez. Baina hitz egiteko modu horrekin, kanpoko geruza mehea pittin bat urratu orduko, berehala egiten dugu topo eskubide eta betebeharren dialektikarekin.

Zeren eta, baldin eta guk eskubidea badugu euskaraz egiteko, gurean bizi den orok euskara jakiteko betebeharra du; bestela, ezinezkoa baita. Eta esan behar da era berean, EAEn indarrean dauden lege guztiek bermatzen dutela erdaraz egiteko eskubidea, bai pribatuki, bai administrazioetan, edonon eta edonoiz. Baina euskararekin ez dela gauza bera gertatzen; euskaldunok ez daukagula euskaraz egiteko eskubidea bermatuta eremu asko eta askotan, EAEn ez, baina are gutxiago Nafarroan eta Iparraldean.

Honaino ados egongo gara. Orduan, zergatik ez dugu aipatzen ez dakitenek ere euskara ikasteko betebeharra dutela, eta betebehar hori pertsonala eta kolektiboa dela, eta hala denez, erakunde publikoek neurriak hartu behar dituztela euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea arlo guztietan bermatua izan dadin.

Eta, halaber, erdaraz egin nahi duenak dituen eskubide berberak izan behar ditugula gutxienez, eta horretarako ezinbestekoa da EAEn bizi garen guztiok euskara derrigorrez jakitea, euskaldun bat bera ere derrigortu gabe erdaraz egitera ezein arlotan.

Laburbildurik, eta sinple-sinple esanda, euskaldunok Euskal Herrian euskaraz egiteko dugun eskubidea bermatzeko, argi esan behar da EAEko herritar guztiok dugula eskubidea eta betebeharra euskaraz jakiteko, espaƱolez/frantsesez jakiteko betebeharra daukagun bezala.

Ez dela mezu sinpatikoa? Ez du zertan sinpatikoa izan!

Inposizio mozorrotua dela? Euskal Herrian euskaraz egiteko eskubidea bermatzea ez da inoiz inposizioa izango; Espainian espainiera erabiltzea ez den bezala, eta Frantzian frantsesa ez den bezala.

Gauzak argi esan ditzagun inor engainatu gabe eta eufemismo lauso eztietan galdu gabe. Euskaraz egiteko eskubideari denok jakiteko betebeharra datxekio, nola huntza hormari! Eta hori bermatzeko neurri publikoak premiazkoak dira arlo guztietan, EiTBtik hasita!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.