Albistea entzun

Pandemia osteko (eta aurreko) gerra semiotikoak

Iñaki Lopez de Luzuriaga - Idazlea eta wikilaria

2022ko ekainak 23

Azken hamarkadan Euskadi izendapena Euskal Herriko hiru lurralderi —Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatutako eremuari— deitzeko ia oharkabean zabaldu digutenean, sinboloen borroka puri-purian da munduan, eta ez gauza onerako. Nafarroaren erreferentzialtasunaren eztabaida gorabehera, XX. mendeko gure memoria historikoan —diasporan bereziki— iltzatuta dagoen Zazpiak Bat armarriak pertsekuzioa pairatzen du Nafarroa Garaian. Gure errepideetatik, kirurgia plastikoko operazio batean bezala, moztu digute armarri hori, baita Atarrabiako frontoian jartzea debekatu ere aurtengo martxoan.

Israelgo Gobernuko agintariak legez kanpo uztekotan dabiltza Palestinako bandera. Eta ikusi dugu jada zein izan den izenen dantza Ukrainako gerraren eta politika gertaeren harira. Kiev izena Kyiv izatera pasa zen ingelesez, eta hor izan ziren borroka gogorrenak aldaketa gerta zedin. The Guardian egunkariak sutsuki babestu du aldaketa hori otsailaren 25eko artikuluan. ENWP Ingelesezko Wikipedian aspaldi egin zuten hautua ukraineraren alde. Euskaraz Kiev izena berdin geratu da, arrazoi linguistikoak direla tarteko eta ukrainar izen guztiei buruz jokabide koherentea izatearren, egunkari honetako Alfontso Mujikaren kolaborazioan xeheki azaldu bezala (2022-04-06).

Orain Turkiak hartu du txanda. Turkiar agintariek herrialdearen izena, koronimoa, aldatzeko agindu diete Nazio Batuei, izena ez baita kontu txikia; eta onartua izan da. Kasu honetan, ingelesezko izena ofizialki Türkiye izatea agindu dute, berdin beste hizkuntza guztietan ere, beti Türkiye, turkieraz. Recep Tayyip Erdogan buruzagi duten turkiar agintariek argudiatu dute Turkia-k beste hizkuntza hegemoniko horietan konnotazio negatiboak dituela. Ingelesez, lehenik, Turkia izenak indioilarra ere esan nahi du (turkey), eta pertsona ergela izatea esan nahi du, baita porrot latza jasatea ere.

Turkiar agintariek Turkia izenak izan duen karga historiko ezkorra ere arindu nahi izan bide dute, greziar, armeniar eta kurduekin izan den garbiketa etnikoa zuritzeko. Ez doa oharkabean teknika horrek PPk ustelkeria kasuak garbitzeko baliatu duen formula ekartzen duela gogora: ustelkeria atzean uzteko, Madrilgo Genova kaleko egoitzatik lekualdatzea, alegia, bilgarria, paketea aldatzea (utikan mamia!).

Turkia izenaren aldaketak kohesioa ere izan bide du kausa: Turkia marka sendotzea, Turkiaren historia hobe islatzea (!), eta izen berriak herrialde horren «helburuekin bat egitea». Kurduek beste eragozpen bat, espresatzeko orduan.

Gurera hurbilduz, berriz, gaurkotasun handiko gai bat: frantses epaileek beren bandera bihurtu dute ikasleek baxoaren eta brebetaren azterketa normaltasunez euskaraz egin ezin izatea. Hor ere debekua. Ez baitator bat, antza, Frantzia markarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...