Albistea entzun

Koronabirusa

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu COVID ziurtagiria exijitzea

Eusko Jaurlaritzak ez du helegiterik aurkeztuko. Nafarroak bihar eskatuko dio baimena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari, zenbait lekutan COVID ziurtagiria galdegiteko
<b>Ziurtagiria.</b> Ziurtagiria behar da Ipar Euskal Herrian jarduera batzuetarako. Irudian, denda baten sarrera.
Ziurtagiria. Ziurtagiria behar da Ipar Euskal Herrian jarduera batzuetarako. Irudian, denda baten sarrera. G.F Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez - Irati Urdalleta Lete -

2021eko azaroak 23

Joan den ostegunean egin zuen eskaera Eusko Jaurlaritzak, eta atzo iritsi zen erantzuna: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez zion baimenik eman Eusko Jaurlaritzari zenbait tokitan COVID ziurtagiria aurkezteko beharra ezartzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 150 kasukoa baino handiagoa den herrietan ezarri nahi zuten neurria, gaueko aisialdian eta jatetxeetan. Bi magistratuk babestu zuten ziurtagiriaren aurkako erabakia. Luis Garrido epaileak boto partikularra eman zuen, eta argudiatu zuen bere ustez baimendu egin beharko zutela ziurtagiria ezartzea. Horretarako aukera izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez du erabakiaren aurkako helegiterik aurkeztuko Espainiako Auzitegi Gorenean.

Epaileek zenbait arrazoi eman dituzte COVID ziurtagiria ez derrigortzeko. Adierazi dutenez, eskubide «garrantzitsu askori» eragingo lieke neurriak, eta ez soilik berdintasunari eta intimitateari —epaileen arabera, Eusko Jaurlaritzak horiek aipatu zituen eskaera egitean—. Besteak beste, biltzeko askatasunari, hara-hona ibiltzeko askatasunari eta adierazpen eta sorkuntza artistikorako askatasunei eragin diezaiekeela esan dute. Gainera, azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako memoriak jasotzen du 100.000 biztanleko 184,84 kasuko intzidentzia metatua zegoela azaroaren 15ean, baina ez du zehazten herri bakoitzekoa zenbatekoa zen. Hau da, epaileen irudiko, ez dute frogatzen erkidego osoan datuak berdinak direnik, eta, hortaz, ez dago justifikatuta autonomia erkidego osoan neurri bera aplikatzea. Halaber, gogorarazi dute 12 urtetik gorako herritarren «gehiengo handi bat» txertatuta dagoela, eta hori ere neurria ez ezartzeko faktore bat dela. Beste arrazoi bat ere eman du auzitegiak: «Inkongruentzia» da establezimenduetako bezeroei ziurtagiria eskatzea, baina langileei eta jabeei ez eskatzea. Iruditzen zaie halatsu gertatzen dela establezimendu horietara sartzea baimentzen dietenean ere 12 urtetik beherako umeei —txertatu gabe daude guztiak, oraingoz ez baitago haientzako txertorik—. Erantsi dute neurri horrek «ahaztu» egiten dituela osasun arrazoiengatik txertoa ez hartzea gomendatuta daukatenak ere.

Jaurlaritzaren eskariak aurrera egin izan balu, establezimenduen jabeen ardura izango zatekeen bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea. Aisialdirako eta dantzarako jarduerak eskaintzen dizkieten lekuetan eskatu beharko zuketen, hala nola diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere nahi zuten ziurtagiria eskatzea, 22:00etatik aurrera. Jatetxeetan ere eragingo zukeen neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko zuten.

Jaurlaritza ez dago ados

Eusko Jaurlaritzak ordu batzuen buruan erantzun dio erabakiari. «Harrituta eta ulertu ezinik» daudela esan du, «beste autonomia erkidego batzuetan ontzat eman diren neurriek Euskadin oinarrizko eskubideak urratzen dituztela uste baita».

Ohar bidez adierazi du ez dagoela ados EAEko Justizia Auzitegiaren autoarekin. Eusko Jaurlaritzak gogoratu du auzitegiak ebazpenean esan duela «arrazoi medikoengatik eta epidemiologoengatik» justifikatu behar direla oinarrizko eskubideei mugak ezartzea. «Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak egin duena», nabarmendu du. Auzitegiak urratuko liratekeen eskubide zerrenda bat jaso du, baina Eusko Jaurlaritzak esan du txertoa hartua edo PCRa egina dutenek bermatuak izango lituzketela. Gainera, epaileek adierazi dute neurria ez litzatekeela erkidego osoan ezarri behar. Bestelako iritzia du Jaurlaritzak, ordea: «Mugikortasun handia» dela eta, «modu uniformean» ezartzearen alde dago. Ospitaleetako egoerari dagokionez, aipatu du auzitegiak esan duela «une honetan ez dela beste batzuetan bezain larria». «Kontua da presio hori areagotzea saihestea», zehaztu du Jaurlaritzak. Eta ez zaio zentzuzkoa iruditzen establezimendu batzuetako bezeroei COVID ziurtagiria ezin eskatu ahal izatea, langileei edo 12 urtekoei dokumentu hori ezin dietelako eskatu soilik.

Nafarroako Gobernuak ere exijitu asmo du COVID ziurtagiria zenbait jardueratan. Bihar eskatuko dio horretarako baimena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari. Azaroaren 27tik urtarrilaren 6ra eskatu nahi dute, jatetxeetan, gaueko aisialdian —besteak beste, diskoteketan eta dantzalekuetan—, baita barnealdeko ekitaldi jendetsuetan ere, jateko edo edateko aukera badago.

Datuak, okerrera

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, orain «benetan premiazkoa» da pandemiaren hedapena kontrolatzeko balioko duten neurriak ezartzea. Ez da gutxiagorako, goraldi betean baitago COVID-19a. Hala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak berak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten azken datuek. Astebetean, 5.584 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, aurreko astean baino 2.140 kasu gehiago; hau da, astebetean %62 ugaritu dira COVID-19 kasuak.

Gipuzkoako egoera da bereziki larritzekoa. Han detektatu dira azken asteko positiboen %40. Nafarroakoak dira kasuen %28, Bizkaikoak %25, eta Arabakoak %7. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia metatuak berresten du Gipuzkoakoa dela egoerarik txarrena: bertan, 513 kasukoa da intzidentzia; Nafarroan, 365ekoa; Bizkaian, 199koa; eta Araban, berriz, 176koa.

Ospitaleetan ere sumatzen da igoera: egun, 261 gaixo jasotzen ari dira Hego Euskal Herriko erietxeetako arta. Joan den astelehenean jakinarazi zuten 187 gaixo zeudela ospitalean; hau da, astebetean %40 areagotu da erietxeratu kopurua.

Gainera, 42 gaixo daude COVID-19ak jota ZIUetan larri. Igoeratxo bat nabari da azken egunetan, baina ez ospitaleratzeetan adinakoa: duela astebete baino lau eri gehiago daude.

Gaitza zuten zenbat lagun hil diren ere jakinarazi dute erakundeek: astebetean hamabost pertsona zendu dira, aurreko astean baino bat gehiago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk osasun zentrora bidean, Donostian ©Maialen Andres / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

27 herritar hil dira COVID-19ak jota, iragan astean baino hiru gehiago. Orotara, 445 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan.

Moderna txertoaren bi bial. ©Guillaume Fauveau

Moderna txertoa baizik ez dute jarriko Iparraldeko txertaketa guneetan

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak erran du «dosien kontserbazioagatik» hartu duela erabakia. Pfizer txertoaren dosi bat jarri behar dutenek eta 30 urtetik beherako herritarrek osasun langile independenteengana jo beharko dute hemendik aitzina.

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta ©Guillaume Fauveau

Ziburun trenak harrapatuta zaurituriko etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Ikasleak maskara jantzita, Mauleko kolegioan, iragan irailean. ©Guillaume Fauveau

Ikastetxeetako protokoloa zorroztuko dute Ipar Euskal Herrian

Oihana Teyseyre Koskarat

Hirugarren arrisku maila aplikatu beharko dute hezkuntza egoitzetan: maskara derrigorrezkoa izanen da beti, taldeak ez nahasten ahalegindu beharko dira, eta, tokiko egoeraren arabera, lizeoetan klaseen erdia etxetik egiten ahalko dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.