Astearte arratsean aurkeztu zituen Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek konfinamendua arintzeko atondu duten planaren oinarri nagusiak, eta egun guztian airean ibili ziren atzo etorkizun hurbila zedarrituko duen egitasmo horren inguruko balorazioak. Nafarroako Gobernuak, esaterako, departamentuen arteko bilkura egin zuen atzo arratsaldean, Maria Txibite lehendakariaren gidaritzapean; Espainiako Gobernuak iragarritako arintze plana aztertu eta hori «Nafarroako errealitatera ekartzea» zen helburu nagusia. Javier Remirez lehendakariordeak azaldu zuenez, Nafarroako Gobernuak ere «ekarpenak» egin dizkio Madrilen ondu duten planari, arintzerako batzorde berezian dituen bi ordezkarien bitartez. «Osasun kontuei dagokionez, sintonia handia egon da Nafarroako eta estatuko ordezkarien artean, OMEren gomendioei segika hartu baitira erabakiak», azaldu zuen. Espainiako Gobernuaren plana, ordea, «Nafarroako errealitatera egokitu» beharko dela esan zuen: «Foru komunitateak baditu berezkotasun ugari. Bertoko errealitate sozioekonomikoa ez da Baleareetakoa: adibidez, industriak BPGan duen pisua askoz handiagoa da hemen, eta turismoarena, txikiagoa».
Planaren gainean herabeago mintzatu ziren Eusko Jaurlaritzako buruzagiak goizean. Agerraldia egin zuen Josu Erkoreka gobernuko eledunak hiru sailbururekin: Garapen Ekonomikoko arduradun Arantxa Tapiarekin, Osasun sailburu Nekane Murgarekin eta Ingurumen sailburu Inaki Arriolarekin. Ez zuten zuzenean planari buruzko iritzirik plazaratu nahi izan, ordea. «Astearte arratsalde-gau partean izan genuen plan horren berri», nabarmendu zuen Erkorekak: «Ez dugu astirik izan aztertzeko». Planaren gaineko «zehaztapenak» falta direla esan zuen, gainera, eta araubideak zein izango diren ikusi ahala, errazagoa izango dela jarrera argiagoak agertzea. Gogoeta «pertsonala» zela adieraziz, Erkorekak onartu zuen «harriduraz» ikusi duela planean «probintziakako» antolaketari eman zaion garrantzia. «Osasun eskumenik ez dute probintziek», oroitarazi zuen.
Urkullu lehendakariak, ordea, arratsaldean hartu zuen hitza Twitterreko bere kontuan jarritako bideo batean. Salatu zuen Espainiako Gobernuak «estatu eredu probintzial bat» sustatu nahi duela, erabaki bateratuak hartu ordez. Lehendakariaren esanetan, Sanchezek bezperan azaldutako planak «atzeraldi zentralizatzaile bat» eragin du: «Ez ditu errespetatzen ez nazio aniztasuna, ez autonomia estatua. Are gutxiago, gure autogobernuaren gaitasuna». Espainiako Gobernuaren komunikaziorik eza kritikatu zuen, alarma egoera kentzeko eskatu, eta Sanchezi exijitu zion «bi aldeko elkarrizketa bat» hasteko.
Goizean egindako agerraldian,Jaurlaritzako buruzagiek esan zuten jabetzen direla osasun krisiak ekarri duen krisi ekonomikoaren larritasunaz, eta nabarmendu zuten propio zer-nolako «ekintza plana» jarri duten martxan ondorio ekonomikoak samurtzeko: dagoeneko plan horretara 1.555 milioi euroko funts bat jarria dutela esan zuten.
Lan mundurako plan bat
Konfinamendua arintzen hasi den honetan, «jarduera ekonomikoa» suspertuz joango dela nabarmendu zuen Arantxa Tapiak, eta aparteko ahalegina jarri behar dela orain horretan. Horiek horrela, «ekinaldi berritzaile» bat aurkeztu zuen helburu duena laneko martxa eta langileen osasuna bermatzeko «jauzi kualitatibo bat» egitea. «Izan ere, babeserako aholku guztiei erantzutearekin batera, instrumentu teknologiko bat behar dugu gaitzari aurre egiteko», adierazi zuen. COVID-19aren epidemiaren harira, esan zuen «osasuna» ardatz hartuta ari direla ikerketa eta zientzia zentroak, eta haien laguntzarekin heldu den hilean proiektu pilotu bat jarriko dutela martxan, hain zuen, langileek birusa duten jakiteko. «Testatze intentsiborako plan bat» izango da: «Batez ere, izango da jakiteko zer ari den gertatzen lanera itzultzen ari den jendearekin». Osasun Sailarekin ondu dute, eta hainbat fase izango ditu.
Lehen fasean, 2.000 lagun inguru ikertzea da asmoa; horiei testak egin nahi dizkiete, eta haien osasun egoerari buruzko informazioa lortuko dute inkesten bidez ere. Ikertuko dituztenetatik, mila lagun inguru izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BRTA ikerketa zentroetako langileak; beste mila inguru, garraio publikoan ari direnak. Lortutako datuak «adimen artifizialaren» bidez aztertuko direla esplikatu zuen Tapiak. «Izan ere, adimen artifizialak datu asko gurutzatzeko aukera ematen du, eta egitasmoak era emango digu jakiteko zer diagnostiko mota egin ditzakegun enpresetan jendeak lanean jarraitzeko». Langileen «arrisku maila» izango da azterketak egitean aintzat hartuko duten aldagaietako bat. Testez eta inkestez harago, eskuko telefonoen bidez lortutako informazioa erabiltzea ere aztertzen ari dira, baina datuen «anonimotasuna» erabatekoa izango da. Langileen osasunari erreparatzeko «metodologia bat» lortzea da xede nagusia.
Koronabirusa
Urkulluk zentralizazioa gaitzetsi du, eta Nafarroak plana egokitu nahi du
Urkulluk Sanchezi egotzi dio nazio aniztasuna ez errespetatzea, eta «atzeraldi zentralizatzaile bat» eragitea. Tapiak egitasmo «aitzindari» bat aurkeztu du langileei testak egiten hasteko: 2.000 lagunekin hasiko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu