Osalan enpresa txikiei begira jarriko da

2015. eta 2020. urteen arteko estrategiak lehentasuna emango dio enpresa txiki eta ertainetan prebentzio politikak indartzeari.Eragileek nabarmendu dute elkarrizketa sozialaren emaitza dela

Osalanek lan esparruko eragileak bildu zituen aurkezpenean. M. D. V. / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Enpresa modernoa langileak zaintzen dituen lantegia da, kalitate oneko lanpostuak sustatzen dituena». Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak era horretan irudikatu zituen atzo euskal lantegiak Laneko Segurtasun eta Osasunerako euskal estrategia aurkeztu berritan. Segurtasuna oraindik bermatu beharreko alorra dela uste du, hala ere, eta horregatik lan munduko eragileei eskaera egin zien elkarlanean «laneko istripuei aurre egiteko». Agente horien artean, administrazioa, enpresa eta sindikatuak hartu zituen gogoan, eta bakoitzak bere esparrutik lan egin dezala eskatu. Hori da, hain zuzen, Osalanek 2015etik 2020ra arterako landu duen bide orriak duen bereizgarria, Izaskun Urien zuzendariaren arabera. «Lan esparruko eragileen elkarlanari esker, helburuak zehaztu, indarguneak aprobetxatu eta baliabideak gehitu ahal izan dugu. Aurreko estrategietan aurreikusitako koordinazioa hobetzea lortu dugu oraingoan». Patronala, sindikatuak, prebentzio agenteak eta mutualitateak, besteak beste, elkarrekin eseri dira mahai beraren bueltan datozen urteetako estrategia adosteko.

Ildo berria lan baldintzak hobetzeko asmoarekin sortu da, Urienen arabera. Hori dela eta, ahulguneak topatu eta horientzako lan ildoak prestatu dituzte. Besteak beste, enpresa txiki eta ertainetan segurtasuna bermatu beharra lehenetsi dute, baita lehen sektorean ere. «Laneko segurtasuna behar beste garatu gabe dago esparru horietan». Behar hori ikusi du, baita Alfonso Rios Euskadiko CCOOko lan osasuneko arduradunak. Lan segurtasuna bermatzeko neurriak gero eta enpresa handiagoetan ezarri direla esan zuen. «1995eko legediaren arabera, sei langile baino gutxiago zituzten lantegietan beharrezkoak ziren prebentzio planak, baina ondoren 20 eta 25 langileraino igo dute kopurua».

Aukera horixe bera aprobetxatu zuen Riosek elkarrizketa sozialaren beharra aldarrikatzeko. «Aurkezpen honekin agerian geratzen da elkarrizketa soziala edukiz beteta dagoela, eta ez alderantziz hainbatek esaten duten moduan». Mahai sozial horretan lantzen diren gaien ondorio modura aurkeztu zuen Osalanen estrategia berria. Baina lan osasunaren inguruan egiteko asko dagoela ez zuen ezkutatu. «Malgutasun neurriak lan osasunaren kaltetan doaz, eta horren erakusgarri da, besteak beste, lan publiko askotan hamalau orduko lanegunak izaten dituztela behargin askok». Jon Bilbao Confebaskeko kideak, berriz, lan munduan egon den aldaketen eragin beharra aldarrikatu du. «Azpikontratazioak hor daude, betiko, beraz, hori onartzen baldin badugu, ildo horretan lan egin beharko da segurtasuna bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.