35 orduko lan astea, Montororen mahaian

Bi aste barru bilduko dira berriro Ogasun Ministerioa eta Espainiako langile publikoen ordezkariak. Martxoan 2018rako aurrekontu proiektu bat aurkezteko aukera zabalik utzi du oraindik gobernuak

Cristobal Montoro, joan den astean, Espainiako Kongresuan. J.P. G. / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua eta funtzionarioen ordezkariek lan baldintzei buruzko akordio bat negoziatzen jarraituko dute. Atzo bildu ziren Cristobal Montoro Ogasun ministroa eta sindikatuak, eta bi aste barru berriro elkartuko dira. Otsailean akordio bat lortu nahiko luke Montorok, oraindik ere denbora ikusten duelako 2018rako aurrekontu proiektu bat aurkezteko martxoan. Proiektu hori ez du oraindik egin, artean ez duelako lortu kontuak onartuko dizkion aliaturik.

Negoziazio horrek ondorioak izan ditzake Euskal Herriko langile publikoen egoeran. 2012. urtetik funtzio publikoko lan baldintzak ezarri eta derrigorrean betearazi ditu Rajoyren gobernuak. Eusko Jaurlaritzako administrazioan 35 lanorduko astea berriro indarrean jartzeko akordioaren aurka jo, eta baliogabetzea lortu du. 35 lanorduko astea berreskuratzea da Espainiako funtzionarioen ordezkariek egindako eskaeretako bat. Oraingoz, Montorok ez du amore eman horretan, baina prest agertu da aztertzeko. Aurrekontuak aurrera ateratzeko modurik ez balu, ministroak agindu die sindikatuei dekretu bidez onartuko dutela lan baldintzei buruz lor daitezkeen akordioak.

Soldatari dagokionez, datozen hiru urteetarako %5,25eko igoera finkoa proposatu die ministerioak, eta beste %2,75eko osagarri bat, Espainiako ekonomiaren martxaren araberakoa. 2018an Eusko Jaurlaritzako langileei %1,5 igo die soldata Urkulluren gobernuak, Espainiakoak eskaini duen kopuru bera. Horrekin batera, ordainaren %0,5 jarriko du Itzarri pentsio osagarrian, urtearen joanean beste %0,5 emateko aukera zabalik utzita.

Jaurlaritzaren epaia

Joan den astean 35 orduko lan astearen harira beste kolpe bat eman zion Espainiako justiziak Eusko Jaurlaritzari. Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat jo zuen auziari buruz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia, eta ez zuen onartu Urkulluren gobernuak jarritako kasazio helegitea. 2016. urteko otsailean berriro ere dekretu batekin funtzionarioei 35 orduko lan astea onartu zien Jaurlaritzak. Erabaki horren aurka jo zuen Espainiako Gobernuak, Estatuaren abokatuaren bidez.

Epaiak berriro ere zalantzan jarri ditu autogobernuaren mugak. Gernikako Estatutuaren 10.2 eta 10.4 artikuluen arabera, eskumen esklusiboak ditu EAEk autogobernurako erakundeak eta funtzio publikoa antolatzeko. Gorenaren epaiak ez du hori kontuan hartu, eta lanaldiari buruzko dekretua baliogabetu du, Espainiako Gobernuak 2012. urtean ezarri zuen murrizketa ez duelako errespetatu. Lege hura «oinarrizko» gisa onartu zuen Madrilek, eta, ondorioz, administrazio guztiek bete beharrekoa dela ondorioztatu dute epaileek.

35 orduko lan astean 2000. urtean jari zen indarrean Eusko Jaurlaritzako langile publikoentzat. Gobernuaren eta lau sindikatu nagusien arteko akordioaren emaitza izan zen, lanaldi murrizketaren aldeko kanpaina luze eta zabal baten ondoren. Autogobernua indarrean jarri zenetik, funtzionarioen lan baldintzak arautu ditu Jaurlaritzak, 2012. urtean Espainiako Gobernuak murrizketak oinarrizko lege baten bidez orokortzea erabaki zuen arte. Arau horretan, asteko lanaldia gutxienez 37,5 ordukoa izango zela finkatu zen.

Espainiako aurrekontuei lotutako lege batean onartu zen aldaketa, eta oraindik ere indarrean segitzen du. Hala ere, Jaurlaritzak berriro ere dekretu bidez urteko lanaldia 1.592 ordura mugatzeko erabakia martxan jarri zuen iaz, eta horren aurka jo zuen Rajoyren gobernuak.

Jaurlaritza oso kritiko agertu da erabakiarekin. «Estatu autonomikoa alde batera uztearen ageriko adibidea dugu hau, eta baita kafea denontzat ematearena ere», kritikatu zuen Josu Erkoreka gobernuko bozeramaile eta Gobernantza Publikoko sailburuak. Alderdi guztiek, PPk izan ezik, eta sindikatuek salatu dute erabakia. Jaurlaritza sindikatuekin bilduko da administrazioaren mahai orokorrean, balizko erantzun bat adosteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.