Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari berriak

Majid

Filmaren irudi bat. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
'Wolf'

Zuzendaria: Jim Taibuttu. Aktoreak: Marwan Kenzari, Chems Eddine Amar. Herrialdea: Herbehereak. Iraupena: 121 minutu.

Rabat (2011) opera prima-k ez zuen zabalkunde handirik izan, baina Wolf bigarren lan luzea Zinemaldian aurkeztu ahal izan du etorkizunean zeresan handia eman dezakeen Jim Taihuttu gidoigile eta zinemagileak. Eta horrez gain, genero zinemaren zale ororentzat erreferentzia bilakatu den Austingo Fantastic Fest entzutetsuan ere parte hartu du egunotan; beraz, programatzaileen interesa bereganatu duela esan dezakegu. Ez da harritzekoa, burutu duen filma bortitza, krudela, eta ikusgarria baita. Harri eta zur uzten duten horietakoa da, sekulako zirrara eragiten baitu hasieratik.

Marwan Kenzari aktore paregabeak haragitzen duen Majiden istorio gogorra dakar, eta argumentua originala ez izan arren (topikoz josita dago), benetan indartsua da. Gainera, Europako ekoizpena dela antzematen da, ez baitu pertsonaien inguruan epai moralik egin nahi. Gaizkile batzuen bizipenak pantailan islatzea da autorearen helburua, eta, beraz, ezin daiteke inolaz ere moralistatzat jo. Polemika atsegin duela argi dago, gizartearen zati handi batek etorkinen inguruan dituen aurreiritziak berresten baititu, eta arriskutsuak direla irudi dezake. Alde horretatik, lehenengo eszena oso adierazgarria da; Majid eta bere lagun Adil erakusleiho baten aurrean daude, gauez. Ikuslea berehala jabetuko da motoei buruz hizketan ari direla, eta publikoak lapurtzeko asmoa dutela pentsa dezake. Eta susmoak egia bilakatzen dira bat-batean. Filmak Gael Morel frantziarraren zinema ekar dezake gogora; frantziarraren ustez, homosexualek gaizkia egiteko gaitasuna galdua zuten aspaldian, eta, horregatik, Notre Paradis bezalako lanetan hiltzaile homosexualak ageri dira. Majid Herbehereetan jaio den arren, besteek etorkintzat daukate. Animalia hutsa da, eta inor bere bidean gurutzatzen bada, gogotik ordainduko du gizajoak. Beldurra helarazten du, sekulako antzezpena eskaintzen baitu, txapela kentzeko modukoa. Askorentzat deserosoa suerta daiteke, darabilen indarkeria bortitzagatik, batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.