Memoriaren Eguna

«Keinu txikien garrantzia»

Urkulluk «eskerrak» eman dizkie ETAren indarkeriaren kontra agertu zirenei. Memoriaren Eguna adostasunik gabe igaro dute eragileek. Nafarroan memoriari buruzko erakusketa bat zabaldu dute

Eusko Legebiltzarraren kanpoaldeko ekitaldia, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eskerrak eman zizkien atzo, Memoriaren Egunean, bakearekin konprometitutako «ehunka mila pertsona anonimori». Hego Euskal Herriko hainbat eragile eta erakundek ospatu zuten Memoriaren Eguna, indarkeriaren biktimak omentzeko eta bakearen alde egin duten pertsonak eta mugimenduak aitortzeko. Ekitaldi nagusia Donostian egin zuten, Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko! lelopean, Gogora institutuaren eta Jaurlaritzaren eskutik.

Haren hitzaldian, Urkulluk goretsi egin zuen «euskal gizartearen gehiengo zabal batek terrorismoaren aurrean eta bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren alde duen konpromiso zibikoa», eta adierazi zuen ez dutela «historia berridatzi» nahi: «Baina bai egin genuena balioesten saiatu». Horri lotuta, bi ondorio nabarmendu zituen: batetik, «euskal gizartearen zati txiki batek justifikatu, babestu eta oinarri soziala eman ziola indarkeria helburu politikoekin erabiltzeko estrategiari»; eta, bestetik, «euskal gizartearen gehiengoak giza eskubideekiko, bizitzarekiko eta pertsonen askatasunarekiko konpromisoa erakutsi zuela».

Ikusi gehiago: Iñaki Arzak, Elkarriko militante ohia: «Ohartu gabe, gatazkari aurre egiteko jarrera bat sortu genuen»

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak «elkartasun eta babes osoa» adierazi zien,«ETAren biolentzia jasan zuten pertsonei eta haien familiei» ez ezik, «bestelako bortizkeria eta urraketak jasan zituzten herritarrei eta haien gertukoei». Gogora-k ekoitzitako dokumental labur baten bitartez, «indarkeriaren aurkako eta bizikidetzaren aldeko» urratsak egin zituztenak oroitu zituzten, eta haiekiko «esker ona» adierazi zuten. Ekitaldian, gainera, oroigarriak eman zizkieten iraganean bakearen aldeko mugimenduetan «aktiboki» parte hartu zuten pertsonei. 2010. urtetik antolatzen da Memoriaren Eguna, azaroaren 10ean. Patxi Lopez buru zuen Eusko Jaurlaritzak hartu zuen erabakia; data hori aukeratu zuten argudiatuta euskal gatazkari lotutako indarkeriaren biktimarik egon ez den eguna dela. Hala ere, ez da inoiz erabateko kontsentsurik egon biktima guztiak oroitzeko, ezta aurten ere: PP+C's eta Vox ez ziren egon antolatutako ekitaldietan.

Donostiako ekitaldiaren aurretik, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean bildu ziren ganberako ordezkari politikoak: Urkullu, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, eta EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta zenbait sailburu ere izan ziren Gasteizko ekitaldian. Gauerdiko iparrorratza eskulturaren aurrean lore eskaintza egin zuten, eta haren alboko suontzia piztu. Minutu bateko bi isilune ere egin zituzten. Ondoren, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak egia eta erreparazioa eskatu zituen biktimentzat. Azaldu zuen «polizia gehiegikeriaren» biktimak ere «gogoan» dituztela: «Oroimenetik ezabatzen baditugu iraganeko hilketak, mehatxuak eta jazarpena, irudituko zaigu hemen ez dela ezer gertatu».

Memoriaz, Nafarroan

Nafarroan ere aritu ziren oroimenaz: Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatuta, Beldurrik gabe bizi, memoriarekin bizi erakusketa inauguratu zuten Iruñean. Nafarroako erakundeetako eta Parlamentuan presentzia duten talde politiko guztietako ordezkariek hartu zuten parte. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak adierazi zuenez, elkarbizitzarako «garrantzitsua» da «egia ezagutzea». Horrekin lotuta, erakusketa «hausnarketarako pizgarri» izan daitekeela adierazi zuen, «terrorismoa zer den eta zer izan den ez ahazteko».

Errealitate Sozialaren Behatokiaren ikerketa bati buruz ere aritu zen Txibite. Nafarroako DBHko ikasleek indarkeriari buruz duten ezagutza maila aztertu dute, eta Nafarroako lehendakariak azaldutakoaren arabera, «gazte askok ez dakite ETA zer izan zen». Horregatik, esan zuen «memoria programak» hezkuntza curriculumean sartuko dituztela.

Unai Hualde Parlamentuko presidentearen arabera, «ezinbestekoa» da egia ezagutzea: «Ezin dugu ahaztu, ez zelako inoiz gertatu behar». Bakean oinarritutako gizartea sustatzeko «biktima guztiekin» lan egin behar dela esan zuen, eta, horretarako, presoen «ongietorriak» eta halako adierazpen «onartezinak» saihestu behar direla: «Biktimak birbiktimizatu eta doako eta bidegabeko kalte erantsia eragiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.