Bakea eta elkarbizitza. Euskal presoak

Bakartuta gizarteratu?

Lehen graduaren eta bakartzearen gogortasunaz txosten bat egin du euskal preso izandako batek: «Tortura modu bat da bakartzea»

Espetxe bateko ziega bat. BERRIA / BERRIA.
enekoitz esnaola
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Urte batzuk egin ditu Espainiako Estatuko espetxeetan preso, bakartuta eta egoera gogorrean; ezagutzen du kartzela mundua bestela ere, eta txosten bat egin duMadrilek euskal presoei «sistematikoki» ezartzen dien erregimenaz. Isolamendua eta erregimen itxia du izena haren lanak —21 orrialdekoa da, eta BERRIAk eskuratu du; egileak nahiago du bere izena ez argitaratzea—. «Ez duzu soilik askatasuna galtzen, baizik eta baita intimitatea ere, eta kontzientzia, nortasuna eta duintasuna gal ditzazun saiatzen dira», idatzi du preso ohiak dokumentuan. «Hori da borrokarik gogorrena. Erakutsi behar duzu ez zarela animalia bat, ez intsektu bat, ez zenbaki bat, eta pertsona bat zarela».

Erregimen itxia da lehen gradua, eta kartzelako legedia garatzea eragozten du. «Bereziki arriskutsuak» izateagatik ezartzen diete presoei, edo, ustez, erregimen arruntera —bigarren gradua—eta irekira —hirugarrena— egokitzen ez direlako. Estatu osokoespetxeetan preso sozialen %2 dauzkate lehen graduan; EPPK-koak, %90 inguru —berrehunen bat— eta AEM inguruko bostak. Joan den maiatzean ETAk bere ibilbidea bukatu zuenetik, EPPK-ko hiruzpalau baino ez dituzte aldatu aurreneko gradutik bigarrengora.

Euskal presoekin «anomalia» gertatzen dela salatu du txostenaren egileak, eta esan du, espetxe administrazioa Barne Ministerioaren esku dagoenez, «segurtasun eta izaera politikoko» irizpideak nagusitzen direla. «Gabezia demokratiko garrantzitsua eta larria dago, eta espetxe sistemak ez du bermerik ematen». «Kontraesan handi bat» azpimarratu du preso izandakoak: «Isolamenduaren bitartez nahi da gizarteratzea».

«Jarraipen bereziko» presoei FIES erregimeneko fitxategia ezartzen diete —1991n sortu zuten—; haien artean dituzte euskal presoak. Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe jo zuen 2009an, baina espetxe sistemak ez du agindua betetzen, fitxategiko datuak soilik administratiboak direla jota, ez eskubideei lotutakoak. «Kontua da ezartzen den kontrolarekin intimitatea, denbora eta espazioa ukatzen direla», esan du preso ohiak. «Erregimen makiavelikoa eta biolentoa da».

Neurri sorta

Luzea da neurri sorta: ziegako miaketak, araketa pertsonalak, ziega eta modulu aldaketak, ahozko eta idatzizko komunikazioen atxikitzea, bestelako objektuena ere bai, bisiten ondoren gorputz miaketak, abokatuen eta bestelako bisiten kontrolak, bisitetarako gehienez hamar laguneko muga, presoari buruzko eguneroko txostenak, egunean hogei ordu ziegan, jardueretarako modulutik irteteko debekua… Gainera, dokumentuak dakarrenez, «etengabea da tentsioa» —«deskribaezina da isolamendu modulua: jipoiak, garrasiak, negarrak, kolpeak, tratu txar fisikoa eta psikikoa…»—, presoek «gorrotozko begiradak» jasotzen dituzte espetxeko langileen aldetik, ziegako eta atariko baldintzak oso txarrak dira —argi natural gutxi, espazio urria...—, eta medikuek ez dituzte behar bezala artatzen. «Gizarteratzearen helburutik urrun, pertsona deuseztatzeko munstro bat da kartzela. (...) Tortura modu bat da bakartzea».

Espetxe bakoitzeko Tratamendu Batzordeak hiru hilean behin aztertzen du presoa, gradua aldatu edo ez erabakitzeko-eta, baina euskal presoak automatikoki lehen gradua mantentzen dituztela dio aipatutako dokumentuak, nahiz eta EPPK-koek gradu progresiorako asmoa agertua duten; eskaerak ukatu dizkiete. Gainera, «ezin da ahaztu presoek modu aktiboan hartu dutela parte ETAren armagabetzerako eta desagerpenerako», esan du txostenaren egileak.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian eragina izatearren, torturaren aurkako Europako erakundeak egoeraz informatzearen alde agertu da euskal preso ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.