Albistea entzun

'Borrokalari transgeneroak'

Liburu hau arma bat da

Idazlea: Leslie Feinberg. Itzultzailea: Fermintxo Zabaltza. Argitaletxea: Katakrak.

Irati Majuelo -

2021eko abenduak 5

Katakrak argitaletxeari esker ezagutu genuen lehen aldiz Leslie Feinberg, idazle, borrokalari eta langile transgeneroa. Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian irakurle bat baino gehiago harritu zuen, astindu, txunditu, harrotu. Fermintxo Zabaltzaren eskutik euskaraturiko bigarren lan honek efektu berbera izango duelakoan nago, edo hala espero dut behintzat, gure historiaren, Mendebaldeko pentsaeraren erroei erauzitako maisulana baitakar Feinbergek, fin bezain probokatzaile.

Borrokalari transgeneroak ez da, idazleak hasieratik argi uzten duenez, ohiko historia liburu bat, ez trans pertsonen historia orokor eta osoa, ez eta gaur egun trans mugimenduarekin ulertzen dugunaren genealogia hutsa. Bi lan-lerro sakonen emaitza dela esanen nuke. Batetik, arkeologia lan xehe eta zorrotza da, gizakiaren lehen komunitateetatik gaur egunera arte, generoa logika bitarretik at bizi zuten pertsonen bilaketan, kokapenean eta dokumentazioan oinarritzen dena. Eta bereziki, pertsona horiek komunitate desberdinetan izan zuten pisu errealaren eta historia hegemonikoan izan duten interpretazioaren arteko aldea ulertzeko saio tematia. Bigarrenik, trans kontzeptuaren pean bil daitezkeen esperientziei buruzko hausnarketa-lan garrantzitsua da, egungo begirada (post)modernotik at, gizaldiz gizaldi egon diren pertsona ez-bitarrei gardentasunez so egiteko asmoa agertzen duena. Badu asko saiakeratik, ukaezinezko ikuspuntu pertsonaletik abiatzen baita ikerketa. Eta hori du indargune nagusienetako bat liburuak, izan ere, egilearen zalantzek gidatzen dute irakurlea, bere sentituz Feinbergen kezkak, gogoetak eta, bereziki, galderak. Historia, politika, teoria, hirurak biltzen ditu idazki honek, hiruretan bermatzen dira Feinbergek aurkitutako erantzunak. Finean, idazleak esaldi bakarrean laburbiltzen duen gisan, liburu hau arma bat da: «Garaia da geure historien aditu gisa idatz dezagun».

Estilo zuzen eta argia darabil idazleak, une batzuetan ukitu pedagogiko batez ere ari dena. Izan, ideia ustez korapilatsuak azaltzeko erraztasun handia baitu, esperientzia pertsonalera edota adibide zehatzetara joz. Hala ere, erraietan bizi duen borroka dela ikusgarri egiteko ez du arazorik, eta, ondorioz, ez dira kritikak eta aldarriak falta. Alabaina, ez da panfletora iristen, eta eskertzen da. Liburu honek idazkeraren aldetik duen ezaugarririk bereziena, ziur aski, galderak azaleratzeko modua da, itaunen bidez diskurtsoa gidatu eta irakurleari erantzunen bila hasteko grina pizten baitio. Umearen jakin-min kutsatu gabea, helduaren kokapen politiko ezinbestekoa, jazarriaren auto-berrespen iraultzailea; hirurak biltzen ditu Feinbergen hitzak.

Baina bada lan honen interesa akuilatzen duen beste gako bat: intersekzionalitatea. Sarri ulertzen konplexua gertatzen den kontzeptuaren ariketa praktikoa izan zen idazlearen bizitza, eta hala islatzen du bere idazkeran ere. Oroz gain, zapalduen arteko batasunaren aldarria baita liburu honek uzten duen oihartzuna. Borroken arteko babesaren beharra, bidegurutze amankomunak eta aliantzak berriz ere zalantzan jartzen diren garaiotan, ezinbesteko begirada da Feinbergena: zapaldu ororen askatasunaren alde egiteak zu zeu askatuko zaitu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manuel Asin, Rebeca Esnaola eta Teresa Morales de Alava, atzo, Ikuspuntu jaialdiaren aurkezpenean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Ehundik gora begirada

Uxue Rey

Ehun film inguru emango dituzte Iruñeko Ikuspuntu jaialdian, hilaren 27tik apirilaren 1era. Peter Nestlerri eskainiko diote atzera begirakoetako bat
Arantza Santestebanen <em>918 gau</em> filma. ©BERRIA
Euskadiko Orkestrak hainbat ikasleren aurrean emandako kontzertua, atzo, Kursaalean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Ravelen 'Bolero' obra interpretatu du Euskadiko Orkestrak, Kursaalean

Miren Mujika Telleria

Lau kontzertu egin ditu denera Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken bi egunetan, Gipuzkoako milaka ikasleren aurrean
Julen Apella Santamaria idazlea (erdian), Imanol Larrinagaren margolana eskuetan, alboan Arantza Urkia eta Felipe Juaristi dituela, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Julen Apellak irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketako seigarren saria

Ainhoa Sarasola

Postal bat desertuan lanagatik jaso du aitortza. Balea Zuriak maiatz aldera argitaratuko du liburua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...