Albistea entzun

Juaristik uko egin dio hautagaitzari, «lekuz kanpoko» jarrerengatik

Europako Parlamentuko EH Bilduren hautagai zen Josu Juaristi. Uko egin dio, «harreman bat amaitzean» jarrera «ez-onargarriak» izateagatik
Josu Juaristi Orain Errepublikak koalizioaren aurkezpenean, Bilbon.
Josu Juaristi Orain Errepublikak koalizioaren aurkezpenean, Bilbon. M. R / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko apirilak 6

Josu Juaristi EH Bilduko Europako Parlamentuko hautagaiak uko egin dio bere postuari, «harreman sentimental bat» amaitu ostean izan dituen jarrera «ez-onargarri» eta «lekuz kanpokoengatik». EH Bilduk ontzat jo du Juaristiren dimisioa, eta abian jarri du zerrendaburu berria aukeratzeko bidea. Koalizioak martxan jarri du gertatutakoa argitzeko protokoloa, eta behin-behinean militantzia eten diote.

Juaristik ohar baten bidez jakinarazi du erabakiak «harreman sentimental» baten hausturak eragindako egoera fisiko eta emozional «zaurgarri» batekin duela zerikusia. «Aitortu behar dut harremana eten ostean, besteak beste, baimenik gabe eta lekuz kanpo zeuden mezuak bidaliz jarrera ez onargarriak izan ditudala, min eginez pertsona zehatz bati», azaldu du Juaristik. EH Bilduri azalpenak eman dizkio, «dagokion prozedura» abian jarri ahal izateko.

EH Bilduk, berriz, ontzat jo du Juaristiren dimisioa, eta jakinarazi du prozedura abian jarriko duela zer gertatu den argitzeko. Bien bitartean, eten egingo du Juaristiren militantzia. Datorren maiatzaren 26ko Europako Parlamentuko hautagai berria izendatzeko bidea ere martxan jarri du koalizioak.

Joan den legegintzaldian ere EH Bilduko europarlamentari izan zen Juaristi, GUE/NGL taldearekin, eta datozen hauteskundeetarako ere bera zen zerrendaburu, Orain Errepublikak hauteskunde koalizioarekin. EH Bilduz gain, ERCk eta BNGk osatu dute taldea.

Aulkia lortzeko aukerak

Lau urtez Europako Parlamentuan lanean aritu ostean, joan den urteko azaroan hautatu zuten berriz ere Juaristi EH Bilduko zerrendaburu izateko. Lorena Lopez de la Callerekin lehiatu zen orduan, eta koalizioaren oinarriak bere alde egin zuen %75,6ko babesarekin.

Europako Parlamentuko inkestak kontuan hartuta, Juaristik aukera izango luke Europako Parlamentuan berriz ere jarduteko. Martxo hasieran egindako inkestek zioten Orain Errepublikak hautagaitzak hiru eserleku lortuko zituela.

Ibilbide politikoa hasi aurretik, kazetaritzan aritu izan da Juaristi. Egin egunkariko nazioarteko saileko erredaktorea zen kazeta itxi zutenean, eta Gara-n ere postu horretan aritu zen harik eta zuzendari izendatu zuten arte. Zazpi urtez aritu zen postu horretan, eta Zazpika aldizkariko editorea ere izan da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernan, atzo, Zaballako espetxean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Foro Sozialak azken bilera egin du EPPK-ko ordezkariekin

Gotzon Hermosilla

Honenbestez, bi aldeek bukatutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa. Foro Sozialak esan duenez, EPPK-k ontzat jo du urte hauetako harremana

Gure Esku-ko Josu Etxaburu, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gure Esku-k ekintzetara igarotzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Iosu Alberdi

Elkarteak talde parlamentarioei exijitu die eztabaida «garden eta ireki» bat hasteko, erabakitzeko eskubidea arautzea helburutzat hartuta
Armak erabilerarik gabe uzteko saioan parte hartu zutenak, Luhusoko Errekarte baserrian, 2018ko abenduan. ©/ Bob Edme

Luhusoko auziko instrukzio aldia amaitutzat jo dute

Jon O. Urain

Fiskalak hilabeteko epea du orain auziari buruzko eskaera aurkezteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...