Koronabirusa. Haurrak

Etenaren ostean, parkeen biziberritzea

Hiri eta herri ugaritan umeen parkeak irekitzen hasi dira azken egunotan. Oñatin, haurrek gustura hartu dute jolastokien irekiera, baina horiek gabe ere jakin dute zer egin kalean.

Oñatiko postetxearen alboko haurren parkea, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Oñati
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Haur bat jauzi batean igo da Oñatiko (Gipuzkoa) postetxearen alboan dagoen jolas parkeko egiturarik handienera. Alde batetik, traktore bat dirudi; beste aldetik, txirrista ere baduen etxe bat. Ingurutik pasatzen ari diren adineko pertsonak agurtzen ditu eskuaz, etxeko leihotik begira egongo balitz bezala. Agindu bat jaso du, ordea; parketik alde egiteko ordua iritsi da. «Gero itzuliko gara», esan dio postetxetik atera berri den heldu batek. Kexa handirik gabe, salto bat egin du lurrerantz, eta aurrera egin dute eskutik helduta.

Hego Euskal Herrian «normaltasun berrian» sartzearekin batera, pixkanaka hasi dira neurriak ere arintzen. Hain zuzen, eztabaidagai izan da azken asteotan haurren jolas parkeen irekiera; hainbat pertsona kexu ziren tabernetako eta jatetxeetako terrazak parkeak baino lehenago ireki dituztelako. Azkenean, iritsi da jolas parkeen ordua ere. Hiri eta herri batzuetako parkeetan jada ez dago larrialdia adierazten duen zinta zuri-gorririk, eta haurrek eta gazteek horietako jolasez gozatzeko aukera dute. Gainera, parkeak desinfektatzeko ardura hartu dute udalek.

Postetxe alboko parketik aterata, Errementari plazan dagoen jolas parkea da bigarren geldiunea. Kulunka handi batean jolasean dabiltza sei ume, batzuk bultzaka eta beste batzuk gainean. Kontatu dutenez, «gustura» hartu dute parkean jolasteko aukera izatea, baina aitortu dute parkerik gabe ere asmatu dutela zer egin; adibidez, patinetan eta bizikletan ibili dira. Pozik daude, eta euforia oihuak ez dira falta. Rolak aldatzeko unea iritsi da: kulunkan zeudenei bultza egitea tokatu zaie: «Orain zuek sufrituko duzue, indar handia egiteko asmoa dugu».

Hirugarren geldiunea

San Lorentzo auzoan dagoen parkea da hirugarren eta azken geldiunea; ezbairik gabe, jendetsuena. Haurrak jolasean dabiltza, eguzkipeko beroari ihesi, dagoen gerizpe apurra aprobetxatu nahian. Guraso talde bat ere bertan da; hala nola Jokin Igartua eta Arantza Goikoetxeandia. Haien arabera, «zentzu gabeko gauza asko» egin dira arintze fasean, eta horietako bat haur parkeak lehentasun gisa ez ezartzea izan da. Gaineratu dute batez ere haur gazteenek izan dutela faltan parkea, hor elkartzen baitziren inguruko beste umeekin. Halere, gurasoen esanetan, zaharrenek ez dute izan parkeen hutsunerik.

Herrian dagoen giroa ikusi besterik ez dago jabetzeko haurrek eta gazteek parkeen ordez kaleak hartu dituztela. Jolaserako gune dira herriko plazak, kaleak eta parkeak; eskura ezer gutxi izanda ere, imajinazioa erabilita, umeek aise asmatzen dute zer egin, ingurukoekin erlazionatu eta jolastuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.