Kontzertua eta kupoa

Onartuta, eta zalantzan jarrita

Espainiako Kongresuak onartu ditu kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren legeak. Ciudadanosek «iruzur politikotzat» jo ditu. EAJk gogor kritikatu du EH Bilduko diputatuen abstentzioa

EAJko diputatuak, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuari harrera egiten, Espainiako Kongresuaren atarian, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
gotzon hermosilla
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Alde handiz eta arazo berezirik gabe onartu ditu Espainiako Kongresuak kontzertu ekonomikoaren legea eta kupoarena. Ciudadanosek aurkezturiko osoko zuzenketa biak atzera bota dituzte —gainerako indar politiko guztiak kontra azaldu dira—, eta bi legeen bozketetan ere baiezkoak aise gailendu dira: aldeko 294 boto eta kontrako 36 kontzertu ekonomikoaren legearen kasuan, eta 292 baiezko, 36 ezezko eta EH Bilduren abstentzio biak 2017-2021 eperako kupoaren kalkulua arautzen duen legearen kasuan.

Alde horretatik, ezustekorik ez da izan Espainiako Kongresuan. Baina bozketen emaitzak gorabehera, etorkizuna baldintza dezaketen bi ondorio utzi ditu saioak. Alde batetik, inoiz baino ozenago entzun dira kontzertu ekonomikoaren kontrako aldarriak, batez ere Ciudadanoseko buru Albert Riveraren ahotan; eta, beste aldetik, kupoaren legearen bozketan EH Bildu abstenitu izanak arrakala sakona ireki du koalizio subiranistaren eta EAJren artean.

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroari egokitu zaio bi lege egitasmoak aurkeztu eta defendatzea. Esan du akordioa «negoziazioaren ondorio» izan dela: «Akordio ona da EAErentzat eta Espainiarentzat, zalantzak uxatzen dituelako eta, beraz, hain beharrezkoa den egonkortasuna dakarrelako». Negoziazioan parte hartu dutenak «egingarria denaren mugen barruan» mugitu direla erantsi du, «ezinezkoa den planteamendurik» egin gabe, eta euskal erakundeen eta EAJren jarrera eskertu du.

«Akordio honek erakusten du [Espainiako] konstituzioak eta autonomien estatuak zedarritzen duten esparru juridiko-politikoa oso zabala dela», esan du Montorok, «eta horren barruan adostasunerako lekua badagoela». Baina erantsi du hori «elkarrizketatik eta akordiorako borondatetik» baino ezin dela egin.

Ciudadanos, gogor

Aurkeztutako osoko zuzenketen defentsan, Ciudadanoseko Albert Riverak esan du ez dituztela kontzertu ekonomikoa eta kupoa zalantzan jartzen «konstituzioan daudelako, gustatu ala ez», eta soilki mintzatuko zela kupoa kalkulatzeko moduaren kontra, «iruzur politikoa» iruditzen zitzaiolako. Baina bere hitzaldian behin eta berriro egin du kontzertuaren kontra, oso gogor egin ere. Esan du kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren legeek ez dutela «elkartasuna» bermatzen: «Alderantziz, espainiarren arteko desberdintasunak areagotzen dituzte».

Riveraren ustez, EAE «elkargo aberatsa» da, «baina, gainerakoei dirua eman beharrean, dirua jaso egiten du», eta hori «gainerako espainiarrek» ordaintzen dutela erantsi du. «Nola azal daiteke injustizia hau?», galdetu du.

Zalantzan jarri du euskal erakundeen ustezko kudeaketa ona —«gainerakoek halako bi edukita, nik ere ondo kudeatuko nuke», esan du—, eta PPri gogorarazi dio Ciudadanos izan zela Rajoyren inbestiduraren alde bozkatu zuena, eta EAJk ez zuela horrelakorik egin. Espainiako 2018ko aurrekontuak onartzeko prest ez egotea aurpegiratu dio EAJri. «Zuei Espainia ez al zaizue axola?», galdetu die jeltzaleei.

Kontzertu ekonomikoaren kontrako erasoan ezusteko bidaideak topatu ditu Ciudadanosek. Compromis Valentziako ezkerreko taldeak Ciudadanosen jarrera txarretsi du —«zuriak» izatea leporatu die Compromiseko eledun Ignasi Candelak—, baina iragarri dute ezezko botoa eman behar zutela, «pribilegiorik gabeko finantzazioaren alde» daudelako: «Nazkatuta gaude Espainiako politikaren ardatza Madril-Katalunia-Euskadi izateaz», esan du Candelak.

Gainerako indar politikoen hitzaldietan Ciudadanosen kontrako kritikak nagusitu dira. UPNko Iñigo Jesus Allik salatu du azken aldian «modan» jarri dela «Madrilen kupoaren eta Nafarroako itun ekonomikoaren kontra hitz egitea».

EAJko Idoia Sagastizabalek esan du kontzertua ez dela «pribilegioa», ezta «dena konpontzen duen panazea» ere: «Arriskua dakarren sistema da, alde bakarrean hartzen dugun arriskua. Horrek ondo kudeatzera eta neurriz gastatzera behartzen gaitu», esan du. Ciudadanoseko diputatuei «kontzertua zer den ez ulertzea, edo ulertu nahi ez izatea» leporatu die.

Unidos Podemoseko Nagua Albak esan du bere taldeak «baiezko kritikoa» emango ziela bi lege egitasmoei, «nazio anitzeko estatua defendatzen dugulako, eta herritarren ongizatea beste edozeren gainetik jartzen dugulako», eta kritikatu du negoziazioa bideratu den modua. Esan du finantzaketak ez lukeela «bi alderdiren arteko negoziazio gai» izan beharko, ezta «guda zelaia» ere «gainerako alderdien kidetasuna saritzeko edo zigortzeko».

EH Bilduren jarrera

Iragarri bezala, EH Bilduk baiezko botoa eman dio kontzertuaren legeari, eta abstenitu egin da kupoaren legearen bozketan. Jarrera hori ez da EAJren gogokoa izan, eta ondoren egindako adierazpenek agerian utzi dute bi indar politikoen artean dagoen aldea.

EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak esan du kontzertua «tresna garrantzitsua» dela, «gure eskubide historikoaren azken hondarra eta abiapuntua», baina, aldi berean, «gainditu» beharrekoa, «Madrilekin lotzen gaituen soka» den neurrian.

Era berean, desadostasuna agertu du negoziazioa egiteko moduarekin. «Legez jasotako eskubide batez ari gara, ez negoziatu beharreko edo trukerako txanpon gisa erabil daitekeen zerbaitez», esan du. Nabarmendu du euren ustez akordioa ez dela «ona» eta «menpekotasuna» sustatzen duela. Gainera, ez du ontzat jo kupoaren bidez Espainiako Estatuak eman ez dituen eskumenak ordaindu behar izatea eta horien artean monarkia eta armada egotea, «euskal herritarrentzat lehentasunezkoak ez direnak», zehatzu duenez.

Bere hitzaldian, EAJko diputatu Idoia Sagastizabalek esaldi bakarra erabili du EH Bilduren jarrera gaitzesteko, eta koalizioa aipatu gabe esan du «ulertezina» dela «euskal diputatu batzuek beren herritarren interesen kontra jotzea». Baina saioa amaitutakoan, askoz gogorragoa izan da Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea —kongresuan egon da gonbidatu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazurekin eta foru aldundietako ordezkariekin batera—.

«EAJren kontra egin nahian, euskal herritarren interes orokorren kontra egitea» leporatu die Ortuzarrek EH Bilduri Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, eta ohartarazi egin die: «Hau ez dugu inoiz ahaztuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.