Noiz sortua: 2019-01-08 00:30:00

Ia 500 preso gutxiago, baina gaixo gehiago

Handituz doa eritasun larria eta sendaezina dutenen kopurua: 2008an, 765 presoetatik bederatzi ziren, eta, gaur egun, 275etik 21
Jaiki Hadi medikuen elkarteko kideak, atzo, Hernanin emandako prentsaurrekoan.
Jaiki Hadi medikuen elkarteko kideak, atzo, Hernanin emandako prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2019ko urtarrilak 8

Jaiki Hadi mediku elkarteak emandako datuok esanguratsuak dira: gaur egun 21 dira gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak (BERRIAren arabera, 275 preso daude), eta 2008an —orduan sortu zen elkartea—, kartzelan ia 500 euskal preso gehiago egon arren (765, Jaiki Hadik dioenez), bederatzi. Proportzioan, asko igo da kopurua. «Ikaratzeko moduko datuak dira», esan dute Jaiki Hadi-ko eledun Fernando Arburuak eta Matti Iturraldek, atzo Hernanin (Gipuzkoa) kide batzuekin emandako prentsaurrekoan. Elkarteak dio eragina daukatela espetxealdi luzeek, presoen adina handitzeak eta politikek. Zerrenda «edozein unetan» handitu daiteke. Preso eri guztiek «lehenbailehen» eta «baldintzarik gabe» kalean egon behar dutela exijitu dute.

Jaiki Hadi-k beste preso bat gehitu du gaitz larri eta sendaezinak dituztenen zerrendara: Gurutz Maiza. Patologia larriak ditu, eta adin nagusikoa da. Harez gain, zerrenda publikora pasatu ditu lehen anonimatuan zeuden bi, haiek eskatuta: Kepa Arronategi eta Joseba Erostegi. Orain arte Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Mikel Otegi, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Garikoitz Arruarte, Josetxo Arizkuren, Joseba Borde, Mikel Arrieta eta Ibon Fernandez Iradi ziren zerrenda publikoan zeudenak. Beste sei euskal preso, anonimatuan daude. Iaz, gaixotasun sendaezinak dituzten bi preso kaleratu zituen Espainiako Estatuak, baina ez eritasun arrazoiengatik, zigorrak osorik bete zituztelako baizik: Manu Azkarate eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak esan izan du «zorroztasun» handiagoa beharko litzatekeela zerrenda egitean. Jaiki Hadi-k nabarmendu du bere zerrendak «funtsa» izan ohi duela, medikuen txosten «objektiboetan» oinarrituak egoten direlako, eta gogoratu du duela urte eta erdi arte preso erien zerrenda anonimoan zegoen bat joan den asteburuan hil dela, gaixotasunagatik: Juan Mari Maiezkurrena —zigorra etenda, 2017ko ekainean askatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, biriketako minbizia zuela eta—. Arburuak azaldu du Lozarena «aitzakia hutsa» dela pausoak ez emateko.

Jaiki Hadi espetxeetako medikuen txostenetan oinarritzen da lehenik. Kasu bakoitza aztertu ondoren, osatu egin ohi ditu, eta kartzeletako arduradunei itzultzen dizkie. Beraz, gobernu ordezkariek badakite zein den preso eri bakoitzaren egoera, elkartearen esanetan. «Bereziki kezkatzekoak» dira, haren arabera, gaixotasun psikiko larriak dituzten kasuak, minbiziaren fase larrietan daudenak, endekapenezko gaixotasun larriak dituztenak eta bihotzeko gaitz arriskutsuak dauzkatenak —ez du kopururik eman—.

Iturraldek garbi esan du: espetxea ez da tokia gaixotasuna tratatzeko. «Ez da bateragarria gaitz sendaezina duen preso bat kartzelan egotea, ezin duelako duintasunez egin bizimodua. Kartzela eta kartzelaldia heriotza arriskuko gune bilakatu dira».

Moncloan PSOE denetik, larri gaixorik diren hiru euskal preso gerturatu dituzte Euskal Herrira —Arronategi Zuerara (Aragoi), Codo Logroñora (Errioxa) eta Fraile Duesora (Kantabria)—. Ordea, hurbilketa ez da nahikoa, Jaiki Hadi-ren ustez. Berriro exijitu du baldintzarik gabe aske behar dutela, baina, hori ez dagoen artean, Euskal Herriratzea dela neurririk onena, «familiatik gertueneko kartzelan egoteko eta konfiantzako medikuak izateko». Estatuko erkidegoetan Katalunian eta EAEn osasun publikoko medikuen esku dago espetxeetako osasun arloa, eta Jaiki Hadi-k deritzo euskal preso erien tratamendurako garrantzitsua litzatekeela hori. «Gobernuak egoera hori saihestu egin nahi du, ordea».

Arburuak eta Iturraldek salatu dute estatuek «erabilera politikoa» egiten dutela preso eriekin ere. «Ezin da onartu, presoon bizia jokoan baitago». Hala, Jaiki Hadi-k zuhurtziaz hartu du Espainiako Gobernuak 3/2017 agindua indargabetu izana. Ongi deritzo bi hilabeteko bizi itxaropena kentzea, baina agindu berria gauzatzean «txalotuko» du neurri berria. «Preso hauek kaleratzea espero dugu guk».

Iturgaitz, kaleratzearen alde

Carlos Iturgaitz PPko eurodiputatuak ETB1eko elkarrizketa batean esan du Eduardo Zaplana PPren ministro ohi eta preso eriaren «egoera berean» dauden presoek «arrazoi humanitarioengatik dudarik gabe aske» egon behar dutela; «preso guztiek», erantsi du, «ETAkoez» galdetzean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna