Albistea entzun

Koronabirusa

Txakurrak birusa atzematen

EHUk ikerketa bat hasi du txakur hezitzaileekin. 200 boluntarioren izerdi laginak bilduko dituzte; gero, positibodunen usain molekulak bereizi eta txakurrek usain hori bilatzen ikastea da helburua.
Ainhoa Isla, Iosu Mendez eta Ur txakurra, ikerketaren proban, atzo, EHUko Bizkaiko campuseko kiroldegian.
Ainhoa Isla, Iosu Mendez eta Ur txakurra, ikerketaren proban, atzo, EHUko Bizkaiko campuseko kiroldegian. MARISOL RAMIREZ/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Arteaga -

2021eko ekainak 3 - Leioa

Hezitako txakurrek COVID-19a atzeman ahalko dute, usaimenaren bitartez. Horixe da EHUko ikerketa talde baten eta txakur hezitzaile talde baten hipotesia. Leioako (Bizkaia) campuseko kiroldegian bildu ziren atzo elkarlanean hori erakusteko EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ugo Mayor ikertzailea, Iosu Mendez txakur hezitzailea eta beste hainbat lagun. Eta txakurrak: hiru txakur.

Kiroldegiko atarian zeuden animaliak, jabearen furgonetan sartuta, erakustaldia noiz hasiko zain. Bazekiten lanera zihoazela, hala adierazi zien irakasleak: «Lan egin behar dugula esan diet goizean, kirolari bat lehiaketa bat baino lehenago egoten den moduan daude: adi eta prest». Kiroletako gela laborategi bihurtu zuten; gimnasioko pisuak, sokak eta apalak alde batean; aurrez aurre, berriz, zenbakitutako ontzitxoak. «COVID-19» jartzen zuen botika kutxaren tankerako kaxa batean. Eskularruekin eutsita zeukan Ainhoa Isla ikertzaileak.

Froga hasi aurretik ikerketaren nondik norakoak azaldu zituzten: oraindik hasierako fasean daude. Hau da, azken 48 orduetan COVID-19an positibo eta negatibo eman dutenen izerdi laginak biltzen dabiltza, bakoitzaren usainari «sinadura» bereizgarri bat esleitu, eta horrela txakurrek ezberdindu ahal izateko. 200 boluntario inguru behar dituzte. Bilketa taldea horiei gaitza atzeman eta hurrengo goizean joango da boluntarioen etxera, lagina laborategira eramateko, esterilizatzeko, eta kutsatuta daudenen molekula aromatikoak atzemateko. Positiboen usain molekula hori da txakurrak hezteko erabiliko duten osagaia.

Sarituz, erakutsi

Errusiako Ivan Pavlov fisiologoaren baldintzapen klasikoa da txakurrak hezteko erabiliko duten teknika, hau da: COVID-19 positiboen usaina sumatzen duten aldiro, saritu egingo dituzte. «Positiboen usaina zein den ikasiko dute, eta usain hori aurkitzen duten aldiro sarituko ditugu: janaria, jostailuak, laztanak... Horrela, usain hori jomugan izango dute, ez birusa aurkitu nahi dutelako, baizik eta saria eskuratu nahi dutelako», azaldu zuen Mendezek.

Hala ere, usaina isurtzen duten molekula dosiak apalagoak dira pertsonetan izerdi laginetan baino, eta, ondorioz, atzemate lana ez da beti erraza izango: «Usain hori errazago aurkituko dute gasa batean kolonia, desodorantea edo beste edozer daraman pertsona batean baino; beste usainekin batera nahasten da». Usainaren bilaketa orain ondo egiten bada, gero eragozpenik ez dela egongo uste dute. «Laborategiko lana ondo egiten bada, hori ezin da arazo izan, lana berdin-berdin egin daiteke; drogekin edo lehergailuekin egiten duten bezala», aurreikusi zuen Mendezek. «Laborategiko laginek eta positibo diren pertsonak ez dute usain bera izango, baina usainaren sinadura ondo esleituta, txakurrek ikasiko dute amankomunean duten elementu hori aurkitzen».

Erakutsi ere egin zuten nola jardungo duten txakurrek. Islak lagin bat atera zuen botika kutxa antzekotik, eta 3. zenbakiko ontzian sartu zuen. Barrura sartu zen Mendez bere ikaslearekin. Ur zen txakurra, Border Collie arrazakoa da, eta sei hilabete inguru eman ditu usainaren berezitasunak ikasten. Azken fasean dago txakur hori. Bi buelta eman zituen ontzien artean. Hirugarren ontzian gelditu zen. Asmatu zuen. Beste proba bat egiteko eskatu zuten ikusleek, eta aurrez deus ikusten ez dutela ziurtatzeko, Mendez eta Ur kalera atera ziren. 8 zenbakia duen ontzian sartu zuten lagina bigarrengoan; bi buelta eman zituen berriz. «Badaki non dagoen, baina ezin du huts egin, eta ziurtatu nahi du», azaldu zuen Mendezek. Seguru zegoenean, zortzigarren ontzian gelditu zen.

Txaloak eta irribarreak zabaldu ziren; bazirudien esperantza izpi batek zeharkatu zuela EHUko kiroldegia. Txakurra ere pozik, saria ahoan zuela. Pandemia giroan, agian nabarmendu beharko da aurki txakurren lana ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola, artxiboko irudi batean. ©LANDER FERNANDEZ DE ARROYABE / FOKU

Pirinio, Irunberri eta Zangoza ingurutik Iruñera joan behar dute Batxilergoa euskaraz egiteko

Irati Urdalleta Lete

Pirinio, Irunberri eta Zangoza ingurutik Iruñera joan behar dute Batxilergoa euskaraz egiteko. Irunberrin D ereduan egiteko ikastetxea irekitzea aztertzen ari dira.

Emakume bat, plaza bateko bankuan eserita, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hirigintzan genero ikuspegia txertatzeko laguntzak eskatzeko deialdia zabaldu du Jaurlaritzak

Jone Arruabarrena

Hiri antolamenduko plan orokorretan genero ikuspegia txertatzeko diru laguntzak emango ditu Jaurlaritzak. Eremu publikoan ez ezik etxe barruan ere aldaketak egitea proposatzen dute adituek.

Larunbateko manifestazioaren balorazioa egin zuen atzo Euskara Aurrera-k, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Euskararen aldeko «herri olatu berri eta berritu bat» altxatzera deitu dute

Oihane Puertas Ramirez

Euskara Aurrera-k ontzat jo du larunbateko manifestazioa. Euskalduntzearen arloan urratsak egiten jarraituko dute. Egungo garaira egokitutako hizkuntza politika berriak exijitu dituzte

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen agerraldia, atzo. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Ekainaren 5ean kalejira «aldarrikatzailea» egingo da eskola publikoaren alde

Olatz Enzunza Mallona

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «irakurketa ezkorra» egin du hezkuntza akordioaren inguruan, eta salatu dute ez dituztela lehentasuntzat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.