Paperik gabeko langileak. Testigantzak

«Nire lehen lana: 09:00etan hasi eta 22:00etan bukatu, astelehenetik igandera, 650 euroren truke»

Marta Veronica Alegria. Nikaragua, 50 urte.

Marta Veronica Alegria. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ogibidez abokatua zen Nikaraguan, nazioarteko merkataritzan aditua. 2019an, baina, bere herrialdean pairatzen zuen «jazarpen» egoera jasanezin bilakatu zen, eta Euskal Herrira etorri behar izan zuen Alegriak, Bermeora (Bizkaia). Asilo politikoa eskatu, eta 2021ean lortu zituen paperak, baina lehen urte horietan etxeko langile moduan jasandako lan abusuak ez ditu ahaztu. «Nire lehen lanpostuan, astelehenetik igandera egiten nuen lan, emakume bat zaintzen. Egunean hiru aldiz joan behar nuen harengana: 09:00etatik 12:00etara lehenbizi; 14:00etatik 18:00etara gero, eta 20:00etatik 22:00etara afaria eman eta oheratzeko. Egun osoa zen. 650 euro ordaintzen zizkidaten hilean. Bost iraun nuen».

Bigarren lanpostua ere gogoan du, hura ere Bermeon. Etxeko langile egoiliar gisa, menpekotasun handia zuen adineko bikote bat zaintzen. «Dena egin behar zitzaien: dutxatu, zaindu, gauean kasu egin... 1.000 euroko soldata». Pandemiaren zatirik gogorrena egin zuen han, urtebete, eta tarte horretan asilo «txartel gorria» lortu zuen. Hari esker, lan baimena eskuratu zuen. «Seme adinekoenari Gizarte Segurantzan erregistra nintzan eskatu nion, eta hark ezetz. 'Segurua nahi baduzu, zuk ordaindu beharko duzu', esan zidan. Bikotea zentro batean sartu zuten gero».

Paperak zituen, baina esplotazioa ez zen amaitu. Errezilgo (Gipuzkoa) landetxe batera jo zuen gero, eta bertan etxeko langile kontratua egin zioten, baina bere benetako jarduna ostalaritzakoa zen. «Hamasei orduko lanaldia zen, eta zati bat beltzean ordaintzen zidaten», azaldu du. Gutxi iraun zuen, handik Kantabriara joan zen, gero Sodupera (Bizkaia), eta buelta Bermeora. Berriz ere egoiliar, 90 urteko emakume bat eta arazo neurologikoak zituen 50eko beste bat zaintzen. Urtebete iraun zuen. «Kontratuak zioen ez nuela gaurik egiten, ez nuela han jaten... Abokatuen laguntzarekin kalte ordaina lortu nuen».

ATH-ELE elkartearen atea jo zuen, eta abokatuak onartu du asko ikasi duela etxeko langileen legediaz. «Egoiliar izatea esklabotza da», argi du. «Paperik ez nuenean jateko ere ez nuen. Edozer gauzari baietz esan behar. Ez dugu ulertu paperik ez izan arren, eskubideak baditugula. Baina beldurrak, ezjakintasunak eta behar gorriak bat egiten dutenez, agertzen denarekin biziraun behar duzu». Egun, beste etxeko langileei aholku ematen saiatzen da: «Tratu txarra jasotzen dute, etengabe».

Ikusi gehiago:Kontraesanen esklabo

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak: kasu ezagunak

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak. Testigantzak. Johanna Flores: «Instrumentu gisa ikusten gaituzte, ez pertsona gisa»

Ikusi gehiago:Maria Teresa 'Maite' Guzman Cortes: «Bizimodua zail dago egun: esplotazioa inoiz baino handiagoa da»

Ikusi gehiago:Kona Marley: «Legez kanpo nengoen, ezkutuan bizi behar nuen»

Ikusi gehiago:Marisol: «Paperak lortu eta oporrak eskatzean, kaleratu egin ninduten»

Ikusi gehiago:Oumar: «Paperik gabe, ezin dut lanik egin, arriskutsua baita»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.