Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Maitasunaren bila

Komediaren arauei fidel segitzen du Richard Curtisek. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
'About Time'

Zuzendaria: Richard Curtis. Aktoreak: Domhnall Gleeson, Rachel McAdams. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 123 minutu.

Aurreikus zitekeen moduan, Richard Curtis zuzendari britainiarraren About Time hirugarren filmak une atsegin eta dibertigarria pasatzeko parada eskaintzen du; horrenbestez, helburua primeran betetzen du. Ikusleari eskatzen duena eskaintzen dio komedia alai eta irrigarri honen bidez, ez gehiago, ez gutxiago. Love Actually gisako pelikula arrakastatsu eta famatuen egilea komedia erromantiko batekin itzuli da, nola ez, lau urteren ostean, eta film polita gauzatu du.

Barre eginarazteaz gain, fantasiari tokia egin nahi izan dio oraingo honetan, baina denboran atzera bidaiatu ahal izatea barre algarak ugaritzeko aitzakia bat baino ez da. Baliabide eraginkorra izan daiteke, baina funtsezkoena Tim (Gleeson) eta bere maitasun istorioa da, azken finean. Back to the Future saga ospetsuan gertatzen zen modu berean, denboran atzera egiteak zenbait arrisku eduki ditzake, gehien maite duzuna bat-batean galdu baitezakezu. Baina kontu honek guztiak ikusleengan sor ditzakeen errezeloak alde batera uztea komeni da, garrantzitsuena, lehen esan bezala, Tim eta Maryren arteko maitasun istorioa baita. Gainera, publikoak barre egiten duen bitartean norberak asmatutako arauak haustea ez da hain larria: hortaz, Timek iraganera egindako bidaiekin gozatzea besterik ez dugu egin behar.

Behingoagatik ez gara gaiztoak izango. Barregarriena emakumeek dohain miragarri hori ez dutela litzateke, eta gizonezkoen laguntzarik gabe ezin dezakete iraganera itzuli. Maitasuna nagusi denean, beste guztia bigarren maila batean geratzen da. Timek bere ametsetako emakumea ezagutu nahi du, baina baldar samarra da emakumeei dagokienez; hortaz, iraganera bidaia ugari egin beharko ditu gizajoak. Baina, zorionez, ezertarako gauza ez den pertsonak ere ikasi egiten du azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.