Gazteak kateatu nahian

Etorkizunari begira, eremu digitalean gazteak erakartzea izango da ETBren helburu nagusietako bat. Primeran plataforma jarriko dute martxan 2023an; eta haurrentzat, Makusi marka berria.

Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, irailaren 8an, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun

Telebista munduan, ikusle datuen bilakaera da 40 urteotako aldaketa nabarmenetako bat. Euskal Herriko adibidea agerikoa da: duela 40 urte, Euskal Herrian ikusten zen telebista guztia publikoa zen; 1983an, hiru herritarretik batek euskarazkoa ikusten zuen —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Gero, ETB2 sortu zenean, %10era pasatu zen euskarazko telebistaren ikusleen ehunekoa. 2004-2005 urteetan, %5eko batez besteko kuota izan zuen ETB1ek. Jaitsi eta jaitsi jarraitu zuen, are gehiago lurreko telebista digitalaren eskaintzarekin. 2010etik hona, %2ko ikusle kuotaren bueltan dabil euskarazko katea; iaz eta aurten, %2,2koa da.

 

Baikor mintzo da, hala ere, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria. «Duela bi urteko datuekin alderatuta, ETB1en ikusle datuak euskaldunen artean handitzen ari dira. Gure helburuetako bat ikusle gehiago izatea da». Ez edonola. «Kalitatezko edukiak eskaini nahi dizkiogu gizarteari, eta zerbitzu publikoaren funtzioa bete». Proiektu batzuen datuekin pozik dago Iparragirre: «Kirolak indartsu daude; Gaur egun albistegia azken urteetako daturik onenak ematen ari da, eta prime time-ko apustu berri batzuek datu onak dituzte».

Azkeneko urteetan, edonola ere, herrialde guztietan gertatu da ikusle datuen fragmentazioa, kate kopuruen ugaritzea dela-eta. Eta telebista guztietan izan du eragina streaming plataformen goraldiak ere. Iparragirre Londresen izan berri da konferentzia batzuetan. «Europa osoan hausnarketa da eszenatokia hankaz gora jarri dutela plataformek. Pandemian asko handitu zen plataformen kontsumoa». Eta, orain, telebista guztiak egokitu nahian dabiltza. «Baina egoera ez da egonkortzen: etengabe mugitzen ari da». Iparragirreren arabera, «ekaitz erraldoi baten erdian» daude ETB eta telebista guztiak. «Ekaitz horretan, itsasargiko argiaren bila gabiltza, olatuen kontra nabigatzen».

Ikusi gehiago:ZERU ARGIAN, TXORIAK ILUSIOA PIZTU ZUEN

Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak dio testuingurua aldatu egin dela. «Kultura digitalaren garai honetan sartu diren eragile berriek sekulako ahalmena lortu dute. Merkatu librearen ideologia oinarri duten eragile erraldoi horiek kultur kontsumoaren iturri bilakatu dira, eta kolokan jarri dute, gainera, gure arduradunek gure kulturan eragiteko duten ahalmena». Hala ere, Rekaldek uste du eragile horiek ez dituztela beharrizan guztiak asetzen: «Bertako kultura, lekukotasuna, hizkuntza eta identitatea islatuko dituen eskaintzaren beharrizana ez dute erraldoi horiek betetzen. Eskaintza horren apustua egin ahal izateko, beharrezkoak dira erregulazio eta politika aldaketak».

Maialen Sorzabalbere gidoilari, aktore eta umoristak, ildo beretik, hala ohartarazi du: «Bi aukera daude: streaming plataformen olatuan surfean ibili edo hondartzatik gainontzekoak surfean nola dabiltzan ikusi».

Primeran plataforma

ETBk fokua zenbait esparrutan jarriko duela iragarri du Iparragirrek, eta, bide horretan, Primeran streaming plataforma jarriko dute martxan 2023an. «Plataforma horrek dituen helburuen artean gazteengana hurbiltzea dago. Halaber, asmoa da euskarazko edukiak kontsumitu nahi dituztenek eta esparru digitalean egin nahi dutenek izan dezatela leku bat euskarazko edozein eduki kontsumitzeko».

ETBko zuzendariak aitortu du plataformen mundua «oso beteta» dagoela. «Ez da erronka erraza izango, baina badakigu gazteak digitalera doazela. Eta badakigu gu horretan sartzen ez bagara euskara ez dela oso norabide onean joango esparru digitalean». Primeran ez da izango soilik EITBko edukiak izango dituen plataforma bat. Akordioak egingo dituzte beste eragile batzuekin, haien edukiak zerbitzuan egon daitezen.

Pantailak Euskaraz-en iritziz, Primeran plataformak «kalitatezkoa» eta «euskalduna» behar luke izan: «Euskara hutsezkoa edo euskara argi lehenetsiko duena». Sorzabalberek uste du plataforma horrek «denetarik» eskaini beharko lukeela, euskaraz. «Eta belaunaldi guztientzat». Eta Lander Arretxea gidoilari eta BERRIAko telebista kritikariak dio euskarazko edukiaren bilgune nagusia izan behar lukeela plataformak. «Horrek esan nahi du azken hamarkadetan egin diren film, telesail eta ekoizpen gehienek egon behar dutela hor, baina egon behar dutela euskarazko bikoizketarekin ikus daitezkeen edukiak ere. Euskarazko hedabideekin eta eduki sortzaileekin ere izan beharko luke harremana ETBk, haien eduki nabarmenenak plataforman ager daitezen. Zuzeneko emankizunak ikusteko aukera ere eskaini beharko luke». Asier Urbieta zinemagile eta Altsasu telesaileko zuzendariak, berriz, interesgarritzat joko luke beste batzuek egiten ez dituzten eskaintzak Primeran-ek egitea. «Eduki propioak eta desberdinak izan beharko lituzke».

Ikusi gehiago:Kronologia: 40 urte

Altsasu telesaila izan zen Urbietak ETBrentzat egin zuen aurreneko fikzioa. 2020ko abenduan estreinatu zuen ETB1ek, eta lehen atalak %63ko ikusle kuota lortu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 13-24 urte bitarteko gazteen artean —Katalunian ere datu bikainak izan zituen, TV3en—. 2021eko otsailean, ordea, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean esan zuen ez dietela jarraipenik emango Altsasu-ren moduko fikzioei, halakoek «polarizazio politikoa» eragiten dutelakoan. Iragarpen horrekin kritiko agertu da Urbieta: «Beste herrialdeek ez dute inolako arazorik gaur egungo gai korapilatsuen inguruan hausnarketa bultzatzeko fikzioaren bitartez. Guk zergatik eduki behar dugu?». Adibidetzat jarri du BBCk duela gutxi estreinatu duen telesail bat, This England, Boris Johnson lehen ministro ohiak pandemiaren kudeaketan izan zuen jokabidearen gainekoa.

ETBko zuzendariak iragarri duenez, Itsaso izango da euskarazko hurrengo telesail berria. Argi dago ez diotela jarraituko Altsasu-ren bideari. «Zuzendaritzan ikusten dugu euskararen eta euskal izanaren enbaxadore izan behar dugula Euskal Herritik kanpo», azaldu du Iparragirrek. Iparraldeko kostaldeko irudiak ere agertuko dira Itsaso-n. 2023ko bigarren hiruhilekoan estreinatuko dute. «Fikzioak egitean, partner edo bidelagunak bilatuko ditugu. Laster itxiko dugu Itsaso nazioarteko plataforma batean zabaltzeko akordioa». Aste honetan bertan, Disney Plusen jarri dute Irabazi arte telesaila.

Arretxearen arabera, ETBk azkeneko urteetan estreinatu dituen telesailek ez dute harrera berorik izan. Aintzat hartzekotzat jo du alboko herrialdeetako edo nazioarteko telesailek baino baliabide gutxiagorekin egindakoak izan direla: «Baina arazoa ez da ETBk fikzio gutxiegi egiten duela, baizik eta ausartagoa behar duela izan egiten duen horretan, baliabide gehiago jarri, eta, behin eginda, ondo banatu eta sustatu. Horrela lortuko du erreferentziazkoa izatea bere xede taldean dauden euskaldunentzat». Hori nerabe eta haurrekin lortzen du ETB1ek: Go!azen eta Irabazi arte telesailen datuak oso onak dira haurren artean. «Baina gainontzekoekin, oraingoz, ez dute lortzen».

Urbietaren iritziz, ETBk «apustu irmoa» egin beharko luke telesailen alde. «Ikusleak jarraipen bat behar du fidelizatu ahal izateko».

Gazteak eta eremu digitala

Primeran plataformaz gain, Iparragirrek iragarri du datozen hilabeteetan haurrentzako eskaintza berria egingo dutela: Makusi plataforma. «Fokua euskal haur eta gaztetxoengan jarriko dugu, esparru digitalean. Duela urte asko Superbatek egin zuen lana, eta gero Betizuk, proposamen berri batekin egingo dugu, gaurko garaietara egokituta».

Sorzabalberek aitortu du ETBk baduela familia osoa telebista aurrean jartzeko eragin eta ahalmena oraindik. «Eta horri eutsi behar zaio, hori zaindu behar da, eta sendotu». Hala ere, gidoilariak uste du arreta belaunaldi guztietan jarri beharko litzatekeela, «bereziki gaur egun eskaintza gutxi bideratzen zaien horietan».

Hartzaile gazteak kateatzeko erronka eragile askok dute, telebista eta plataforma gehienek. ETBk ere bai. Arretxeak jokalekua zehaztu du: «Zinemak, telebista tradizionalak eta publizitate klasikoak badituzte tarifa eta lan dinamika aurrez ezarritako batzuk. Horrek egiten ditu garesti sortu nahi dituenarentzat, baina horrek bermatzen du bertan ari diren profesionalen egonkortasuna eta gutxieneko ongizatea. Horrek bihurtzen ditu sektore jasangarri eta emankor».

Interneterako edukietan ez da halakorik, ordea. «Dena da malguagoa eta, edonork kamera batekin eta etxetik edukia egin dezakeelako aitzakia horrekin, denon lanaren balioak egin du behera», dio Arretxeak. Kontua da Interneten eta gazteentzat egiten diren bideoek ere mundu mailako erreferenteen edukiekin konpartitzen dutela erakusleihoa. «Haiek, babesleen edo ikustaldi kopuruen bidez, dirutza irabazten dute. Bertakook, batere ez. Ez badiegu eduki sortzaile horiei babesa ematen, ezin bada duinki bizi sarerako edukiak eginez, ez dugu sekula izango Euskal Herriko gazteen arreta eta interesa bereganatuko duen ekosistema sendo bat. Eta tarteka arreta hori lortzen badugu ere, luzera begira ez da jasangarria izango».

Ikusi gehiago:Hasiera eta ibilbidea

Salbuespentzat Gaztea irratia jo du Arretxeak: «Gaztea gero eta gehiago da ikus-entzunezko edukia ekoizten duen EITBren azpimarka bat da, eta hor bai, nolabaiteko egonkortasunarekin egiten dute lan, gauza berriak probatuz». Sorzabalberek ere goraipatu du Gazteak «lan polita» egin duela esparru horretan. Eta gogoeta hau egin du: «Badago euskaraz sortzeko gogo eta ilusioa. Eta horren erakusgarri dira gazteentzat sare sozialetan eta bestelako plataformetan plazaratu diren eduki asko». Gidoilariari iruditzen zaio baliabide gehiago eskaini behar zaiola sektore horri. «Gazteentzat sortzen den eduki dezente sare sozialetan aurki daitezke, baina sare sozialetan egoteak ez du esan nahi baliabideak murriztu edo desagertu behar direnik. Egun kalitatezko edukia baldin badago, imajinatu baliabide gehiagorekin zer sor daitekeen».

Etorkizuneko egitasmoetan, ETBko zuzendariak nabarmendu du orain arteko eredua aldatu beharko dutela: «Frankizien eredu bertikaletik eredu horizontalera pasatuko gara, crossmedia-ra. Lan egiteko eta pentsatzeko beste eredu bat eskatuko du EITB talde osoan». Esaterako, hemendik hamar urtera Irabazi arte-ren 12. denboraldia balego, ez litzateke telebista saio huts gisa pentsatu behar. «Produktu bat izango da podcasta baduena, sare sozialak, presentzia Gaztea irratiaren unibertsoan, eta horrek denoi eskatuko digu behetik gora eta ezker-eskuin egitea kudeaketa».

Etorkizunari begira, Arretxea baikor mintzo da: «Telebista tradizionalaren eremuan, ETBk gaztelaniazko edukiak lehenetsi ditu. Ez, ordea, eremu digitalean bultzatu diren egitasmoetan». Aukera bat badela ikusten du telebista kritikariak: «Gaztea eta Primeran bihurtzen badira ETBren ildo estrategikoaren bi oinarri oso sendo, eta horietan euskarazko edukia bada nagusi, paradigma aldaketa nabarmena izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.