Pablo Lorente. Sustrai Erakuntza fundazioko kidea

«Lobby energetikoa ukiezina da»

Bizitza erdia darama Pablo Lorente castejondarrak zentral termikoaren aurka borrokan. Orain arteko epai guztiek arrazoia eman diete, baina administrazioek ez dute zentrala ixteko urratsik egin.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Castejongo zentral termikoaren auzia bide luzeko lasterketa izan da Pablo Lorenterentzat (Castejon, 1969). Sustrai Erakuntza fundazioa sortu aurretik ere, azpiegitura energetiko horren aurkako mugimenduetan parte hartu zuen 1990eko hamarkadaren bukaeran, UPNko agintariak eta Elerebroko arduradunak proiektuaren lehen zirriborroak aurkezten hasi zirenean.

Pozik zaude Auzitegi Gorenaren epaiarekin?

Albiste ona da, baina ez dugu ilusio handirik. Aintzat hartu behar dugu Auzitegi Gorenak hirutan ebatzi duela Castejongo zentralaren kontra, eta, oro har, zazpi direla jada azpiegitura hori legez kanpokoa dela frogatzen duten sententziak. Hortaz, ez gara fio.

Zer esan du Gorenak zehazki?

Zentrala eraiki zutenean, garai hartan indarrean zen ingurumen araudia ez zutela bete; besteak beste, herritik hurbilegi eraiki zuten: lehen etxebizitzetatik 50 metrora eta herriko plazatik 500 metrora. 2012an, legedia aldatu zuten, eta gutxieneko distantzia gordetzeko baldintza kendu. Hori aitzakia gisa hartu zuen Espainiako Industria Ministerioak, zentralaren lizentzia berritu eta proiektua blindatzeko. Horren ostean, Madrilgo Auzitegi Nagusiak esan zuen arrazoia genuela, baina ezin zuela zentralaren aurkako epaia betearazi, 2012ko lege berria eskuan, sententzia adierazpen hutsa zelako. Orain, berriz, Auzitegi Gorenak errieta egin dio Madrilgo epaileari, gogorarazi dio epaia bete beharrekoa dela eta neurriak hartzera premiatu du.

Hortaz, zentrala ixtea beste biderik ez dio utzi...

Hala beharko luke, bai, baina ikusiko dugu. Aurretik ere, enpresak izkin egin izan die kontrako epaiei, administrazioek ez baitiote trabarik jarri. Kondenatua norbanako bat edo enpresa txiki bat izan balitz, administrazioek ofizioz hartuko lukete esku auzian, eta itxiera agindua betetzen dela ziurtatu. Zentrala zigilatu, itxi eta desegin, horiek dira egin beharreko urratsak. Kasu honetan, ordea, ez da halakorik egin.

Zergatik ez?

Borroka ez delako enpresa baten aurkakoa bakarrik, energiaren lobby erraldoiaren aurkakoa baizik. Eta lobby hori ukiezina da. Isunak eta zigorrak ezartzen dizkietela? Eta zer? Bi hilabeteko argindar fakturekin ordaindu ditzakete. Eta administrazioak ere otzan azaltzen dira botere horren aurrean. Castejonen auzian, Nafarroako nahiz Espainiako gobernuak eman dituzte zentrala eraikitzeko baimen administratiboak, eta orain atzera eginez gero, enpresak kalte-ordainak eskatuko lizkieke.

Oso kritikoa zara administrazioek auzi honetan izandako jokabidearekin...

Alde batetik, Espainiako Gobernuak ardura zuzena dauka energia eredu jakin bat ezartzeko garaian, eta, bestetik, Nafarroako Gobernua arduratu da udalei eskuduntzak kentzeaz, gisa honetako azpiegiturak eraiki ahal izateko. Bereziki mindu gaitu egungo Nafarroako Gobernuaren jarrerak, itun programatikoa sinatu zuten lau indarretatik hiruk bat egin baitzuten zentral termikoen aurkako aldarriarekin, baina ez dira gai izan Castejongoa geldiarazteko. Entzungor egin diete gure eskaerei.

Zeintzuk dira ziklo konbinatuko zentral baten ezaugarriak?

1990eko hamarkadan arrakasta handia lortu zuen teknologia horrek, eta Espainian, Jose Maria Aznarren gobernuak bultzada eman nahi izan zion, energiaren sektorearen liberalizazioaren arrimura. Badu abantaila bat: ikatza edo fuel olioa baino energia garbiagoa da, baina horrek ez du esan nahi kutsatzen ez duenik, ezta hurrik ere! CO2 eta berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen ditu atmosferara.

Noiz hasi zineten zentralaren kontra antolatzen?

1997. urteko udan etorri zitzaizkigun Castejongo alkate Javier Sanz Carramiñana, PSNkoa, eta garai hartako Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilari zen Javier Markotegi, UPNkoa, proiektuaren nondik norakoak bizilagunei azaltzera. Tira, azalpena baino gehiago, propaganda ekitaldia izan zen hura: esan zuten zentralaren proiektuak aberastasuna ekarriko zuela, lanpostuak sortuko zituela, Nafarroako elektrizitate hornidura bermatuko zuela eta, are, argindarraren faktura merkatuko zuela!

Eta egia al zen?

Bai zera! Gezur hutsa zen dena. Tira, dena ez: lanpostuak sortu zituzten. Zehazki, alkatearen bi alabak eta suhia sartu zituzten hor. Horrez gainera, milioika euro jaso zituen udalak lanen lizentzia eta zergei esker. Tamalez, zentraletik eratorritako diruak ez zuen asko iraun: alkateak bere agintaldia bukatu zuenerako, 11 milioi euroren zorra zuen Castejongo Udalak, eta Nafarroako langabezia tasa handienetako bat.

Zentralaren zazpi heriotza agiriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.