Espainiako Vuelta. Gotzon Martin. Euskaltel-Euskadiko ziklista

«Beldurrik ez daukadala uste dut, baina hori Vueltan bertan ikusiko dut»

JUANJO OTAZU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Inor gutxik esperoko zuen maiatzean Gotzon Martin (Orozko, Bizkaia, 1996) Espainiako Vueltan izatea. Erori eta larri zauritu zen, bakarka entrenatzen ari zela, eta oso denbora gutxiko prestaketa izan du ahalik eta sasoirik onenean iristeko. Bizkaitarra gogotsu dago itzuli handi batean bigarrenez parte hartzeko.

Euskaltelek gorriz markatua izaten du egutegiaren zati hau. Nola dago taldea, eta zein dira taldearen helburuak Vueltan?

Denboraldiaren bigarren erdia oso garrantzitsua da guretzat. Donostiako Klasikoa, Getxoko Zirkuitua, Burgosko Itzulia, Espainiako Vuelta... izen handiko lasterketa asko dira denbora laburrean. Helburua presentzia izatea da. Aurrean sartu nahi dugu, eta egunero borrokatu.

Aurten taldekako erlojupekoari egin beharko diozue aurre. Berezia da, ezta?

Ez da ohiko saioa, ez. Berezia da, eta ez dugu inoiz horrelako saiorik egin. Hala ere, prestatu dugu saioa, eta dena emango dugu.

Aurten bi etapa amaituko dira Euskal Herrian, eta beste bat hasi. Bereziki begiz joak ditu taldeak bi egun horiek?

Gurea bezalako talde batentzat etapa guztiek dute garrantzia, baina, bai, nola ez. Etxeko etapa guztiak izan ohi dira bereziak, batez ere gure zale asko errepide bazterretan izango direlako; bereziki egun ona izan nahi dugu. Ihesaldian egoten saiatuko gara, eta, indarrak edukiz gero, aurrean egotea saria izango da.

Bigarrenez arituko zara Vueltan. Zein da zure helburua?

Iaz egindakoarekin oso gustura gelditu nintzen, baina aurtengoa oso desberdina izango da, batez ere izandako prestaketagatik. Hala ere, iazko sentipenak berritzea helburu polita da niretzat. Garaipen bat edo postu on bat lortzea saria izango litzateke.

Hiru hilabete igaro dira erori eta larri zauritu zinenetik, eta jada bueltan zara. Zer moduz zaude?

Ondo nagoela uste dut. Orain dela pare bat hilabete ez nuen uste Espainiako Vueltan izango nintzenik; denbora gutxi izan dut prestatzeko, baina gogor egin dut lan. Ez nago iazko sasoi berean, baina esperientzia handiagoa daukat, eta espero dut egunetik egunera hobetzen joatea.

Nolakoa izan da prestaketa lesioari buelta eman eta Vueltara ondo iristeko?

Etxean egon naiz, eta denbora asko igaro dut bakarrik lanean. Taldearen laguntza guztiarekin, noski. Denboraz larri genbiltzan, baina ondo planifikatu dugu, eta ondo atera da dena. Oso pozik nago bertan egongo naizelako

Eroriko horrek beldurra sortu dizu tropelera itzultzeko orduan? Askotan esan ohi da horrelako eroriko baten ondoren ez direla jaitsierak lehen bezala egiten.

Beldurrik ez daukadala uste dut. Egia da orain arte egin ditudan lasterketetan ez diodala jaitsiera bihurri bati aurre egin behar izan. Baina horretarako ere prest nagoela uste dut, eta Vueltan bertan ikusiko dut beldurra daukadan edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.