Saioa Agirre: «Galdetu zidaten ama izan nahi al nuen; prestatzeko, ez nintzela izango»

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jon olano
Madril
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«2010eko apirilaren 14an atxilotu ninduten, Sopelan [Bizkaia]. Salveko kuartelera eraman ninduten. Durangora joan ginen, eta, gero, Zornotzara, nire etxea eta gurasoena miatzera.

»Basurtuko erietxera eraman ninduten, lunbalgia eta gernu infekzio bat neuzkalako. Guardia zibil batekin hitz egin nuen, ikaratuta nengoelako, ez nekien zer gertatuko zitzaidan. Galdetu nion zer egingo zidaten Madrilen; ea joko ninduten, edo torturatuko. Lasaitzen saiatu zen, esanez lasai egoteko, gauza horiek jada ez zirela gertatzen, soilik oso salbuespenezko kasuetan. Guardia zibil bera hasi zen belarrira oihukatzen, mehatxatzen, esanez nahi zutena kontatzen ez banien txikitu egingo nindutela Madrilen. Egingo zidaten gutxienekoa izango zela bost egunez biluzik egonaraztea, eta hitz egiten banuen esku hartuko zuela, hainbeste ez jotzeko. Bidaia gogorra izan zen; begiak ixten zitzaizkidan, eta ez zidaten lokartzen uzten.

»Madrilen, mozorroa kendu zidaten, eta makurtu egin ninduten. Soto batera iritsi ginen; dena oso zikina eta iluna zegoen. Beldurra ematen zuen lekuak; terrorezko pelikula bat zirudien. Beldur izugarria sentitu nuen.

»Han ez zegoen argirik. Hasieran, sarri atera ninduten kalabozotik. Halako batean, guardia zibil ugari sartu ziren kalabozoan, eta hormaren kontra jarri ninduten. Horietako bat gerturatu zen, eta belarrira galdetu zidan ea ama izan nahi al nuen. Harritu egin ninduen galderak, baina baiezkoa erantzun nion. Esan zidan prestatzeko: ez nintzela izango, eta galdeketa hastera zihoala.

»Itzuli zirenean, poltsa bat jarri zidaten buruan, eta arrastaka eraman ninduten galdeketa gela batera. Hormaren kontra jarri ninduten. Galdetu zidaten ea ba al nekien zergatik nengoen hor; ezetz esatean, kolpe bat jo zidaten buruan. Berriro galdetu zidaten, eta nik gauza bera erantzun. Eta berriro jo ninduten. Arropa kentzen hasi ziren, soinekoa askatzen eta galtzerdiak kentzen. Erresistentzia jarri nuenez, joka hasi ziren. Biluzik nengoen galdeketetan. Ariketa fisikoak egitera behartu ninduten; bitartean, atximurka egiten zidaten titiburuetan. Bagina birritan ukitu zidaten. Zigarroaren kea nire poltsaren barrura bota zidaten; ezin nuen arnastu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.