Hamabi emakumeri eraso egitea egotzita, tatuatzaile bat epaituko dute gaur

Donostian atxilotu zuten iaz, emakume batek sare sozialetan salatu ostean. Fiskalak 21 urteko kartzela zigorra eskatu du, eta defentsak, absoluzioa

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Bezero zituen hamabi emakumeri eraso egitea leporatuta, Donostiako tatuatzaile bat epaitzen hasiko dira gaur. Fiskalak 21 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat; hiru sexu eraso egotzi dizkio, zazpi sexu abusu, hiru jazarpen eta derrigortze delitu bat. Emakumeetako bi akusazio partikular gisara aurkeztu dira auzibidera; defentsak, berriz, zigorrik ez, absoluzioa eskatu du gizonarentzat; haren abokatuak dio emakumeen salaketak gezurrezkoak direla, eta salatu du ez dituztela «berme guztiak» errespetatu ikerketan.

Donostiako Udaltzaingoak iaz atxilotu zuen tatuatzailea. Ikerketa «ofizioz» abiatu zuten, andre batek sare sozialetan egindako salaketaren ondoren; kontatu zuen Donostiako tatuatzaile batek abusuak egin zizkiola saltokian. Tatuaje bat besoan egitekoa ziola, baina tatuatzaileak «galtzetako botoia askatzeko» agindu ziola , eta sexu ukituak egin zizkiola. «Handik alde egin nahi nuen, baina shockean nengoen».

Mezu horren berri izanda, udaltzaingoak ikerketapean jarri zuen gizona. Kasuak oihartzuna izan zuen hedabideetan, eta salaketak pilatzen hasi ziren. Hiru egunen buruan, atxilotu egin zuten gizona; ordurako, bederatzi andreren salaketak jaso zituzten. Behin-behinean kartzelan sartu zuten gizona, epailearen aginduz.

Komentarioak eta ukituak

Udaltzaingoak denera 21 emakumeren salaketak jaso zituen, baina epaiketara hamabirenak iritsi dira. Fiskalaren akusazio idazkiaren arabera, gizona urteetan aritu zen emakumeei eraso egiten: 2013tik 2018ra. Fiskalak sinesgarritasuna eman die hamabi emakume horiek salatutako erasoei; besteak beste, azaldu du sexuarekin lotutako komentarioak egin zizkiela tatuatzaileak, ukituak ere egin zizkiela, eta musuak eman, nahiz eta haiek adierazi zioten deseroso zeudela jarrera horrekin. Tatuajeak egiteko zeukan saltokian gertatu ziren salatutako eraso gehienak, baina tartean dira gizonaren etxean eta tatuaje eskola batean salatutako erasoak ere. Hamalau delitu egotzi dizkio fiskalak, eta 21 urteko zigorra eskatu.

Defentsak, berriz, argudiatu du salaketa horiek ez direla «egiazkoak», eta gizona libre uzteko eskatu du. Abokatuaren esanetan, «funtsezko eginbideak» geratu dira egin gabe ikerketan. Besteak beste, emakumeen eta tatuatzailearen arteko mezuak erakustea nahi du. «Argiago utziko lukete nolako harremana zeukaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.