Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak ere kargua utziko du

2017an hasi zen postuan Juan Carlos Soto. Oposizioetako filtrazioen auzia kudeatzen jardun da, Mujika zuzendari ohiarekin batera

Juan Carlos Soto, Maria Jesus Mujikaren alboan, irailean egindako agerraldi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari kargua utziko du Juan Carlos Sotok datozen egunotan. Atzo iluntzean eman zuen albistea eldiarionorte.es atariak, eta hainbat hedabidek zabaldu zuten, baina ez dago argi zergatik utziko duen postua, eta dimisioa emango duen ala Eusko Jaurlaritzak kargutik kenduko duen. Osakidetzako lan eskaintza publikoko (LEP) azterketetan atzemandako filtrazioen ingurumarian kargua utziko duen bigarren arduradun politikoa da Soto; azaroan Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak dimititu zuen.

2017ko abuztuan hartu zuen Sotok Giza Baliabideetako zuzendari postua —2006tik 2009ra zuzendariorde izana zen—, Jose Maria Armentiaren ordez. Karguan urte eta erdi egin ostean utziko du, oposizioetako iruzurrak kalte eginda. Filtrazioen inguruko krisia kudeatzen aritu da, jendaurrean zein Osakidetza barruan; duela bi hilabetera arte, Mujikaren alboan. Hedabide batzuen arabera, gainera, lan eskaintza publikoetako irregulartasunen berri izan zuen Sotok, auzia jakinarazi aurretik. Horren harira, haren dimisioa galdegin izan dute oposizioko talde politikoek.

Ekainetik, ekaitz betean

Osakidetzan egindako LEP handiena izan zen iazkoa, baina polemikak inguratuta egon da ekainetik. Anestesia espezialitateko azterketarekin lehertu zen: proba egin baino lehen, notarioarenera jo zuten hautagai batzuek, eta idatzita utzi zuten nortzuek gaindituko zuten etsamina; asmatu egin zuten. Mediku espezialisten beste arlo batzuetara ere zabaldu ziren susmoak —notetan agertutako alde handiak hauspotuta, besteak beste—, eta Osakidetzako langile batzuen testigantzek berretsi zuten halako filtrazioak «ohikoak» izan direla urteetan.

Sindikatuek hemeretzi kategoriatan atzeman zituzten filtrazioak edo irregulartasun zantzuak, baina Osakidetzaren barne ikerketak zortzi diziplinari baino ez zien erreparatu. Hiru espezialitatetako azterketak berriz egin behar zirela ebatzi zuen: Kardiologia, Angiologia eta Kirurgia Baskularra, eta Anestesia. Dena den, azken azterketa hori bertan behera utzia du Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 3. zenbakiko Epaitegiak behin-behinean: filtrazioen inguruko auzia epaitegietan argitu arte probarik ez errepikatzea erabaki du —espero izatekoa da gainerako etsaminak ere etengo dituztela—. Fiskaltzak martxan du auziari buruzko ikerketa —zortzi espezialitatetako prozesuak aztertzen ari da—, baina luze joko du instrukzioak: gutxienez, udara arte. Arartekoak ere txostena ireki zuen; urtarrilean aurkeztuko ditu ondorioak.

Eremu politikora ere zabaldu da ekaitza, baina mezu kontrajarriak igorri izan ditu Jon Darpon Osasun sailburuak. Uztailean, Osakidetzaren barne ikerketak ondorioztatu zuen ez zegoela «ardura indibidualik egozteko frogarik», eta hori sutsuki defendatu du kontseilariak; azaroan, berriz, dimisioa eman zuen Mujikak, eta, handik astebetera, lekuko gisa deklaratzera deitu zuen fiskalak.

2019an, aldaketak

Kudeaketari lotutako soslai bat hautatu zuten Mujikaren ordezko: Juan Diego Casalsi egokitu zaio krisia bideratzea. LEPa kudeatu zuen taldean egin ditu lehen aldaketak, baina harago doa sindikatuen eta alderdi batzuen eskaera: oposizioen eredua irauli nahi dute. Darponek aitortua du aldaketa batzuk egin behar direla; 2019ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko du «eredu berria», baina 2020ko lan eskaintzara arte ez dute martxan jarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.