Bruselak %55era igo nahi du 2030erako berotegi gasak murrizteko xedea

Ursula von der Leyenek hitzaldia du bihar Europako Parlamentuan, eta emisioen helburua %40tik %55era handitzearen alde agertuko da

Auto bat, kea jaurtitzen. ALEXANDER RUESCHE / EFE.
Irune Lasa.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Jakinekoa da Europako Batasunak klima larrialdiari aurre egin nahi badio berritu eta handitu egin behar dituela emisioak murrizteko helburuak. Bere Itun Berdearen ildotik, Europako Batzordeak erabaki du zenbat murriztu nahi dituen 2030erako: urte horretarako, batasuneko berotegi gasen emisioak 1990. urtekoak baino %55 txikiagoak izan behar dute.

Atzo zabaldu zen filtrazio baten arabera, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek helburu berri hori defendatuko du bihar Europako Parlamentuan; hots, orain arteko %40ko murrizketa helburua gainditu, eta 2030erako emisioen murrizketa %55ekoa izatea, baita iturri berriztagarriek energia beharren zati handiagoa betetzea ere.

Presioa bi aldeetatik

Ez zegoen argi Bruselak zenbateraino aldatuko zuen murrizketa helburua, %50era edo %55era. Europako Batzordeak alde batetik Europa ekialdeko herrialdeen presio dauka. Poloniak, Hungariak eta ekialdeko herrialdeek besteek baino menpekotasun handiagoa dute karbono isuri handiko energia iturriekin eta ekoizpenekin. Ondorioz, zailagoa eta gogorragoa dute helburuak betetzea. Horregatik, aurretik ere eskatu dituzte konpentsazioak eta laguntzak Itun Berdearen harira.

Beste aldetik, anbizio handiagoko helburuak posible eta beharrezko direla uste dutenen presioa ere badauka Europako Batzordeak. Joan den astean, esaterako, Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeak bere jarrera bozkatu zuen, eta 2030erako emisio murrizketek %60 txikiagoak izan behar dutela hobetsi zuen: 40 boto jaso zituen alde, eta 37 boto kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.