Joxetxo Arizkuren euskal presoa ospitaleratu egin dute, bihotzeko arazoekin

Sarek salatu du espetxea informazio «nahasgarria eta urria» ematen ari zaiola. 2018an ere eraman zuten erietxera. Askatzeko eskatu dute

maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia, eta azkena izan dadila nahi dute. Josetxo Arizkuren Ruiz euskal presoa ospitalera eraman zuten igandean, berriro, bihotzeko arazoak direla eta 2018an ere gertatu zitzaion—. Eri diren bertze presoekin batera aska dezatela eskatu du Sarek: «Josetxok ezin du minutu bat gehiago pasatu bere gertukoen eta konfiantzazko mediku baten artatzerik gabe. Josetxok etxean egon behar du».

Izan ere, larriki eri diren presoen zerrendan dago Arizkuren, eta Sarek ohartarazi du bazekitela «edozein momentutan gerta zitekeela» horrelako zerbait. Sarek salatu du, halaber, espetxea informazio «nahasgarria eta urria» ematen ari zaiela: «Atzo bihotzeko baten zantzua izan zuela jakin genuen, eta gaur, aldiz, bihotzekoa izan zela esan dute (are larriagoa) eta ospitalizatua dagoela. Ez dugu, beraz, haren osasun egoeraren inguruko informazio garbia jaso, eta horrek senitartekoentzat dakartzan kezka eta beldurrak areagotzen ditu».

Sarek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñeko Merindades plazan, Arizkuren eta larriki eri diren bertze presoak askatzea galdegiteko. Sarek nabarmendu du legez aske beharko luketela.

Arizkurenek 62 urte ditu, eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hura Murtziatik Logroñora hurbiltzea onartu zuen aurreko astean. Sareren ustez, «berandu» etorri da iragarpena: «Eta, gainera, ez da nahikoa».

Asier Ormazabal, aske

Asier Ormazabal Hernaniko (Gipuzkoa) presoa aske gelditu zen igandean, Frantzian eta Espainian 23 urte preso egin ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.