Klima larrialdiak eragingo dituen kalteak aztertzen ekin zioten atzo bigarren asteari, Nazio Batuen Erakundearen COP26 klima aldaketari buruzko goi bileran, Glasgown (Eskozia). Lurraren berotzearen ondorioei dagokienez, herrialde pobretuenek jo zuten alerta, eta ez da harritzekoa, horiek baitira estaturik zaurgarrienak, ondoriorik latzenak jasaten hasiak direnak. Horregatik, herrialde aberatsenei eskatu zieten bete dezatela «berehala» 2009an hartu zuten konpromisoa: 2020rako urteko 85.000 milioi euro bideratzea herrialde pobretuenetara, horiek klima aldaketara egokitu eta kalteei aurre egiteko presta daitezen.
Kwaku Afriyie Ghanako Ingurumen ministroaren esanetan, estatuen arteko negoziazioek ez dute islatzen herrialde aberatsetako agintariek jendaurrean erakutsi duten anbizioa. «Oso zorigaiztokoa eta tristea da benetan».
Arrisku handiena duten estatuen egokitzapen planek ezinbestekoa dute herrialde industrializatuenen ekarpena. Horregatik, «konpromisoetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu die Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak herrialde aberatsetako agintariei. «Hemen estatu batzuk daude egoera honen arduradun direnak eta ordaindu behar dutenak», esan du Patrick Muyaya gobernuko bozeramaileak.
Herrialde aberatsenek hitzeman dute beranduenez 2023rako beteko dutela 2009an Kopenhageko goi bileran egin zuten promesa. Eztabaida korapilatsuagoa espero da emisio historikoei buruz. Ez dago irizpide adosturik herrialde industrializatuenek garabidean daudenei zer ordain eman beharko dieten neurtzeko, eta ez dute konpromiso zehatzik iragarri oraindik.
Obama Glasgown
Barack Obama AEBetako presidente ohiak kameren arreta bereganatu zuen COP26ra iritsi bezain laster. Klima larrialdiaren aurrean zaurgarrienak diren herrialdeak izan zituen gogoan; uharteak, bereziki: «Ni ere uharteko semea naiz [Hawaiin jaio zen]». Herrialde pobretuentzako laguntza handitzearen alde mintzatu zen: «Herrialde aberatsetan bizi garenok zama gehigarri bat dugu arduradunak ez diren herrialdeak eta ahal apalagoa dutenak laguntzen ari garela ziurtatzeko».
Obamak gazteei ohartarazi zien agintariek ez dutela ausart jokatuko boto emaileen presioa sentitzen ez badute. «Bozkatu zuen bizia horren araberakoa balitz bezala, hala da eta».
COP26
Arrisku handiena duten estatuek «berehalako» ekintzak eskatu dituzte
Ghanako Ingurumen ministroak salatu du herrialdeen arteko negoziazioak urrun daudela jendaurrean erakutsitako anbizio mailatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu