Hiru lagun hil dituzte tiroz Parisen, kurduen zentro baten aurkako erasoan

Darmaninek esan du erasoagatik atxilotuak «atzerritarren kontra» egin nahi zuela antza denez, baina ez dagoela argi kurduak ote zituen jomugan

Darmanin agertu ondoren, istiluak izan ziren Poliziarekin. TERESA SUAREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Hiru pertsona hil ziren atzo Parisen, kurduen Ahmet-Kaya zentroan gertatutako tiroketan; Poliziak 69 urteko gizon bat atxilotu zuen erasoa leporatuta. Laure Beccau Parisko fiskalaren arabera, atxilotuak aurrekariak ditu «ekintza arrazistak» egiteagatik. Esaterako, iaz Parisko immigranteen kanpaleku batean «homizidio saiakera bat» egin izana egotzi zioten, eta atxilotu egin zuten. Hori jakinarazi zuen fiskalak, eta gehitu «arrazoi arrazistak» kontuan hartuko dituztela ikerketa egiteko orduan. Hilketa eta nahita egindako homizidioa egozten dizkiote.

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa erasoa izandako lekura joan zen, eta adierazi zuen antza denez «atzerritarren kontra» jo nahi zuela ustezko egileak, baina ez dagoela argi espresuki kurduak ote zituen jomugan. CDKF Frantziako Kontseilu Demokratiko Kurduaren arabera, militante kurduak ziren hildakoak: bi gizon eta emakume bat. Darmaninek gaineratu zuen erasotzailea ez zutela lotzen eskuin muturrarekin. Adierazi zuen ez zutela detektaturik kurduen kontrako mehatxurik, eta iragarri herrialdeko kurduen zentroen gaineko zaintza indartuko dutela. Mintzatzen ari zela, istiluak hasi ziren Poliziaren eta erasoa gertatu den eremura bildu zirenen artean. Poliziak negar gasa erabili zuen.

Beste hiru pertsona zauritu zituen tiroketaren egileak, baita bere burua ere. Enghien kalean gertatu zen, Errepublikaren plazatik gertu. AP berri agentziak Murat Roni aktibista kurdua elkarrizketatu du, eta hark esan du Ahmet-Kaya har daitekeela «kurduen Parisko enbaxadatzat».

Fiskalak jakinarazi zuen duela gutxi behin-behinean aske utzi zutela ustezko hiltzailea, helegite bat onartu ziotelako. Iaz sable bat eskuetan zuela sartu zen Parisko hamabigarren barrutiko errefuxiatuen kanpaleku batera. Gainera, Le Figaro egunkariaren arabera, 2016an hari lapurtzen saiatu zen bati hainbat labankada eman zizkion. Armak baimenik gabe edukitzeagatik zigortu zuen auzitegi batek 2017an.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Twitterren idatzitako txio batean esan du «eraso lazgarri baten helburua» izan direla Frantziako kurduak. Bestalde, EH Bilduk eta EH Baik ohar bateratu bat kaleratu zuten atzo, eta elkartasuna adierazi zioten «Parisko eta mundu osoko kurduen komunitateari», baita biktimen senideei ere. Era berean, eskatu zuten erasoaren inguruko ikerketa bat abiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.