Antropologia Feminista Kongresua

Jakintzaren prekaritateaz

Unibertsitatean eta eremu akademikoan bizi duten prekaritateaz aritu dira kongresuan, «feminista, egiturazkoa eta politikoa izango den ekarpen kolektibo bat» egiteko asmoz.

Unibertsitatea, ezagutza eta prekaritatea: biziraupen zaila mahai ingurua egin zuten atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Gaur egun unibertsitatea nola eraikita dagoen kontuan hartuta, leku prekarioak egon behar dira erakunde gisa erreproduzitu dadin», ohartarazi zuen atzo Marta Perez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Antropologia eta Psikologia Sozialeko irakasleak. Izan ere, gai horri tiraka egin zuten Antropologia Feminista Kongresuko lehenengo mahai ingurua: Unibertsitatea, ezagutza eta prekaritatea: biziraupen zaila.

Ikusi gehiago:Ezagutzak batuz, eraldatzeko

Matxalen Legarreta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintzako irakasleak moderatu zuen, eta hitza hartu zuten belaunaldi desberdinetako bost hizlarik, ibilbide akademikoaren garai desberdinetan daudenak. «Ulertzen dugu karrera akademikoa bere garai guztietan zeharkatzen duela prekaritateak, ez hastapenetan bakarrik», adierazi zuen Legarretak. Horrela, unibertsitatean eta esparru akademikoan bizi duten prekaritateari eta indarkeria instituzionalari buruz aritu ziren, «feminista, egiturazkoa eta politikoa izango den ekarpen kolektibo bat» egiteko asmoz.

Prekaritateak «modu askotara» gurutzatzen ditu hizlariak. Leire Castrillo AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko kidearen arabera, «mota askotako eta izaera oso ezberdineko» prekaritateak daude eremu akademikoan, eta haien artean ez ezik, beste aldagai batzuekin ere gurutzatzen dira: besteak beste, klasearekin, generoarekin, arrazarekin eta adinarekin. Nabarmendu zuenez, norberak jasaten duenak ez ezik, inguruko prekaritateek ere eragiten dute.

Prekaritate moten artean, Castrillok prekaritate linguistikoa, denbora eta espazioari dagokiona, aintzatespenarekin lotutakoa, eta ezagutza eta informazioa lortzeko prekaritatea nabarmendu zituen, besteak beste. Horiek guztiak euren artean desberdinak izan arren modu antzekoan haragitzen direla azaldu zuen ikerlariak: «Larruazalari eragiten dio, pisuari, antsietateari... osasun mentalean ere badu eragina».

Maider Galardi AFIT taldeko kideak adierazi zuen hori guztia «ustez prekarioa ez den espazio batean» gertatzen dela, akademia barruan, hain zuzen. Horrek egoera «anbibalente batean, bidegurutze batean» jartzen dituela nabarmendu zuen: «Sentitzen dugu erdian gaudela, eta aldi berean bi aldeek gurutzatzen gaituztela». Horren adibide da, esaterako, akademiaren elitizazioa nolabait errekonozitua dagoela, baina, aldi berean, egoera prekarioan daudela: «Dena da prekarioa baina aldi berean ezer ere ez».

Nor nori egokitu

Esparru akademikoan jasaten duten egoera prekarioari aurre egiteko, Castrillok adierazi zuen akademia egokitu beharko litzatekeela pertsonen egoeratara, eta ez pertsonak «akademiaren prekaritatera».

Hori horrela, estrategia indibidual zein kolektiboak planteatu zituzten. Indibidualei dagokienez, proposatu zuten ikerketa plazerera ahalik eta gehien eramaten saiatzea, baina Castrillok ohartarazi zuenez, sexuak ere eragina dauka halakoetan: «Hori egitea errazagoa da gizonentzat». Horrez gain, aipatu zuten, besteak beste, umorea erabiltzea baliagarria izan daitekeela egoerari aurre egiteko, edo, bestela, «amorru produktiboa» erabiltzea, horrek sortzeko ahalmen «ikaragarria» baitu.

Oinarri kolektibo eta inklusibo on bat sortzeko beharra nabarmendu zuen Miriam del Pino AFITeko kideak. Horrek balio izango luke, besteak beste, elkarri emozionalki babesa emateko eta duintasuna emango dieten estrategia kolektiboak bilatzeko.

Galardik adierazi zuenez, egoerari buru egiteak egiturari berari begiratzea eta horri aurre egitea eskatzen du, eta hori «txikitik» ere egin daiteke: biltzarretan, departamentuetan edo sailetan, esate baterako.

Elena Casado Aparicio Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Soziologia irakasleak ere egin zion erreferentzia unibertsitatearen egiturari: «Unibertsitatea bera menderatze egitura bat da; ezin du besterik izan». Horregatik, nabarmendu zuen bakoitzak aukeratu behar duela erakunde horretatik zer hartzen duen. Gainera, unibertsitate barruko mekanikek «subjektibazio eta objektibazio prozesuak eta prekarizazio dinamikak» martxan jartzen dituztela azaldu zuen.

Horrekin batera, prekaritatea «birpentsatzeko» beharra nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.