Gutxienez bost pertsona hil dituzte Hego Kurdistanen, protesten bigarren egunean

Ustelkeriaren aurka eta oinarrizko zerbitzuetan hobekuntzak lortzeko ari dira manifestatzen. Irakeko Gobernuak murrizketak egin nahi dizkie

Protesten bigarren eguneko irudia. ANF.
ander perez zala
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gutxienez bost pertsona hil zituzten eta 103 zauritu atzo Hego Kurdistango Rania hirian, protesten bigarren egunean. Irakasleek eta funtzionarioek deituta, ustelkeriaren aurka eta oinarrizko zerbitzuetan hobekuntzak lortzeko atera dira kalera egunotan manifestariak, eskualdeko hainbat hiritan. Protesta gisa, bost alderdi politiko nagusien eraikinei eraso zieten.

Irailaren 25eko independentzia erreferendumaz geroztik —baiezkoak irabazi zuen, botoen %92,73rekin—, kurduen egunerokoa okertu egin da, Irakeko Gobernuak bultzatutako neurrien ondorioz. Besteak beste, soldatak ez dituzte jasotzen, eta berogailuak martxan jartzeko keroseno gasaren prezioa etengabe ari da garestitzen. Egunean lau orduz dute soilik elektrizitatea, eta askorentzat garestiegia da sorgailu bat erostea.

Galdeketa egin eta hilabetera bete zuen Bagdadek bere mehatxuetako bat, joan den urriaren 16an: Kirkuk konkistatu zuen, petrolioan aberatsa den eremua, eta 2014tik pexmerga milizia kurduaren zaintzapean zegoena—EI Estatu Islamikoaren eskuetatik askatu zuen miliziak—. Horrek eragin handia izan du Hego Kurdistango krisian, eta bi gobernuen arteko harremanean.

Irtenbide bila, Kirkukeko Probintziako Kontseiluaren buru Rebwar Talabanik eskutitz bat bidali zion atzo Irakeko lehen ministro Haider al-Abadiri, Kirkuken egonkortasuna lortzeko zenbait proposamenekin. «Bagdaden eta Erbilen arteko borroken biktima bilakatu dira herritarrak. Giro egokia behar dugu kontseiluak bere tokia berreskura dezan, bere funtzioak betetzeko eta eskualdea gobernatzeko», eskatu zuen.

Irakeko Gobernuaren presio ekonomikoa izugarria izaten ari da, eta, aurreko neurriez gain, eskualdeari bideratzen dion aurrekontuaren kopurua jaistea asmo du Bagdadek; egun, aurrekontuaren %17 bideratzen du Hego Kurdistanera, eta %12,6ra jaitsi nahi du.

Hamabost urteko zigorra

Urmiako Gorte Militarrak kartzela zigorrak ezarri zizkien atzo Ekialdeko Kurdistango hiru herritarri: bati zazpi urtekoa, eta beste biri launa urtekoak. Rojhilatekoak diren arren, hiruekintzaileak 1.648 kilometrora dagoen kartzela batean sartu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.