martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eskuinaren haustura Nafarroan

2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Denok espero genuena gertatu da Nafarroako eskuinean. Espainiako 2019ko hauteskundeetan UPNrekin aurkeztu ziren Sergio Sayas eta Carlos Garcia, alderdia utzi eta PPrekin aurkeztuko dira maiatzaren bukaeran egingo diren udal eta foru hauteskundeetan; udalez gain Nafarroako lehendakaria aukeratuko duen parlamentua ere erabakiko baita hauteskunde horietan.

UPNk adostuta zeukan Pedro Sanchezen gobernuaren lan erreforma babestea, baina Sayasek eta Garciak alderdiaren diziplina hautsi eta, PPrekin bat eginez, aurkako botoa eman zuten. UPNk alderditik bota zituen bi diputatuak. Biek onartu dute PPk, UPNren indarra ahuldu nahian, egindako eskaintza onartzea.

UPN zer den galdetuko dute, Maria eta Vicent, zuen irakurle askok. Bi hitzetan esanda, Nafarroako eremukoa bakarrik den alderdia, erregionalista, eskuinekoa, eta euskal itxura daukan guztiaren aurkakoa. Aspaldi ezkutatu zen UCD alderdiaren eszisioa da, 1979an sortua; Espainiako Konstituzioak aurreikusten zuelako Nafarroak, 4. xedapen iragankorraren bidez, bat egitea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin.

Gehien bozkatu den alderdia izan da UPN azken urte luzeotan, baina PSNk 2015ean ezkerreko frontearekin bat egitea onartu zuenetik, bakarrik geratu da. Iruñean salbu.

PPk ez dauka Nafarroan ez egiturarik, ez buruzagi ezagunik, eta herrietan daukan presentzia hutsaren hurrengoa da. Baina Madrilen erabaki dute badela garaia Nafarroako egoera berezia bukatu, eta alderdia behar bezala hedatzeko saioa egiteko. Horretarako, erreferentziazko buruzagiak behar zituen, eta Sayas eta Garcia prest daude transfugismoaren ariketa egiteko.

Datozen udal hauteskundeetan emaitza txarrak aterako ditu PPk Nafarroako hiri eta herri gehienetan, zerrendak osatzeko ere arazoak edukiko dituelako han eta hemen. Bestelako kaltea, ez oso handia hala ere, egin diezaioke UPNri parlamenturako bozketan.

Ezkerra pozik eskuinaren zatiketarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.