Gaur Aberri Eguna daukagu, Vicent eta Maria, eta azken urte luzeotako dinamikarekin segitzen dugu, nor bere aldetik. Abertzale ez diren alderdiek ez dute ospatzen, eta abertzaleek deialdi bateratua egin gabe jarraitzen dute. Euskal Herria Batera taldeak bi urte daramatza ospakizun bateratuaren aldeko lanean, eragile politikoekin harremanetan, baina oraingoz ez du lortu deialdi bateratua.
Atzo eragile politiko eta sozialak bildu zituen ideia horren aldeko ekitaldian, baina hipotesirik onenean 2024 arte itxaron beharkodugu. Urteko gainerako egunetan alderdi abertzaleen arteko elkarlan politikorik ez badago, eta urteak daramatzate egoera horretan, oso zaila izango da bat egitea ospakizun horretan, nahiz eta, seguru nago, abertzale askoren gustukoa izan. Azken Diadan ikusitakoak, Vicent, detailetan sartu gabe eta kanpotik ikusita, ez du animatzen festa bateratuak egitera, aurretik gutxieneko akordioak ez badaude, eta eragileen arteko harmoniarik ez badago.
Hiru barruti administratibotan banatuta gaude euskaldunok, zuen irakurleek ondo dakiten bezala. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJk eta PSEk urteetan irauteko bokazioa daukan hitzarmen estrategikoa daukate, erakunde garrantzitsu guztietan gehiengo lasaia bermatzen diena. Ia kasu guztietan, EH Bildu kanpo uzten du akordioak. Eusko Legebiltzarrean, lozorroan dago estatutu berriaren proiektua. EAJk eta PSEk ez dakite zer egin atzerapen marka guztiak hausten ari den egitasmoarekin.
Nafarroan, denak maiatzaren 28ko hauteskundeei begira daude, eta badirudi oraingo eskema errepikatuko dela hurrengo lau urteetan: PSN buru edukiko duen gobernua, beste alderdi progresisten babesarekin. Iruñean daude jarrita begiak, baina izango dugu horretaz hitz egiteko aukera.
Ipar Euskal Herrian, bere muga guztiekin, aurrera segitzen du 2017tik lanean ari den eta lurralde osoa hartzen duen erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa. Kide guztiek eskumen gehiago nahi dituzte; ez, ordea, Parisek.

ZUZENDARIEN GALEUSCA
Berrikuntzarik ez Aberri Egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu