martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Putinen itxurazko indarra

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Mina egin lezake, handia egiten ari da, baina ez du ematen biderik eraginkorrena hartu duenik Errusiako presidente Vladimir Putinek sartuta dagoen zulotik ateratzeko. Lurrean irabazten ari ez dena hirietako zibilak hilda estali nahi du Kremlineko maizterrak, indarraren eta beldurraren itxura eman nahian.

Indarra daukanak, irabazteko estrategia daukanak, ez ditu hiriak bonbardatzen, gerra irabazten den betiko eremu klasikoetan irabaziko du: armez lurrean, airean eta itsasoan, eta hitzez bulegoetan. Diplomazia, alegia. Azken tresna horren alorrean, diplomazian, itxita dauzka Putinek kantzilertza garrantzitsu gehienen ateak, egoera itzulezin esaten zaionera eraman baitu Putinek bere estrategia. Txinak ez dio erabateko babesa eman orain arte, Turkiak ere ez... Eta Bielorrusiaren, Ipar Korearen, Eritrearen eta Siriaren babesak ez dauka inolako eragin diplomatikorik.

Ukrainako hiritar asko hil ditzake Putinek bonben bidez hurrengo hilabeteetan bonba faltarik ez daukala, baina heriotza bakoitzak urrundu egiten du hitzezko konponbidea. Ahuldadearen adierazleak dira bonba horiek.

Helburu bat baino gehiago dauzka Putinen estrategiak. Lehena, mendekua, ortzi mugan garaipenik ikusten ez duenaren mendekua. Bigarrena, beldurra zabaltzea ukrainarren artean, Ukrainako Volodimir Zelenski presidenteari presioa egin diezaioten negoziazio mahaian Putinekin esertzeko. Itxuraz behintzat, Putinek negoziazioa nahi du, ez ordea Zelenskik. Hirugarrena, Ukrainaren aurka bortitzago jo dezala eskatzen dioten herritarren eta militarren odol nahia asetzea.

Bien bitartean, AEBek eta Europak ez dute orain arteko estrategia aldatuko, puntu nagusia haien soldadu bakar bat ere ez hiltzea baita. Putinek nahi adina herritar ukrainar hil ditzake —milaka daramatza hilda, eta hilko ditu gehiago—, baina AEBek eta Europak ez dute esku hartze zuzenik egingo gatazka horretan.

Ukrainak jartzen ditu hildakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.