martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Barrionuevo Ajuriaeneko Itunean

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

1983-10-15. Joxean Lasa eta Joxi Zabala errefuxiatuak bahitu eta hil egin zituzten Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibilek, Enrique Rodríguez Galindo koronela eta Julen Elorriaga PSE-EEko kidea buru zituztela. Galindori PSOEko ministroek hamalau domina jarri zizkioten paparrean. Elorriaga PSE-EEk izendatu zuen 1982tik 1987ra Gipuzkoako gobernadore zibila izateko. 1987tik 1989ra bitartean PSOEren gobernuaren ordezkaria izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

 

1983-10-17. (Bi egunetara) Espainiako Poliziako lau kide Joxe Mari Larretxea ETA pm-ko kidea bahitzen saiatu ziren Hendaian. Jendarme batek atxilotu egin zituen lau poliziak. Paueko espetxean denbora gutxian eduki eta gero, libre utzi zituzten. Espainiako Gobernuak hitzeman zuen lau poliziak aurkeztu egingo zirela epaiketara. Ez ziren aurkeztu. Espainiako Barne Ministro ohi Jose Barrionuevok berriro onartu du berak agindu zuela Larretxea bahitzeko.

1983-1987. GALek 27 herritar hil zituen.

1987-1991 eta 1991-1998. EAJk hiru koalizio gobernu osatu zituen PSE-EErekin.

1988-1992. Ajuriaeneko Itunaren iraupena. PSE-EE itunaren barruan egon zen. Tarte horretan, Paco Etxeberriaren taldearen ikerketaren arabera, gutxienez, 1.164 tortura kasu egon ziren, gehienak PSOEren ardurapeko Guardia Zibilak eta Poliziak egindakoak.

PSOE-PSE-EEk ez zuten inolako eragozpenik eduki EAJrekin batera koalizio gobernuak osatzeko, ezta Ajuriaeneko Ituneko kide izan eta oso parte aktiboa hartzeko ere. Nonbait, alderdi horrek ez zeukan inolako ardurarik haien agindupean zeuden poliziek egindako giza eskubideen urraketetan. Hiru arrazoi egon zitezkeen ezer ez eskatzeko:

1.- Urraketa horiek ez ziren gertatu, beraz, ez zegoen zer exijitzerik PSOE-PSE-EEri.

2.- Gertatu ziren baina beste alderdiek ez zuten horren berri izan.

3.- Gertatu ziren, bazekiten noren ardurapekoak ziren, baina demokratek beste aldera begiratzea hobetsi zuten.

Eta orain, krokodilo malkoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.