Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

Ez zorroztu aizkora zure borreroari

Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

2023ko martxoak 19

Norekin pentsatuta bultzatu zuen PPk 2015eko martxoan mozal legea? Alderdi bereko manifestariekin pentsatuta? PSOEkoekin? EAJkoekin? Ez dirudi Espainiako poliziek idatzi eta Espainiako Parlamentuak onartu zuen legeak alderdi horietako kideak zeuzkanik jomugan. Lege horrek ez dihardu bakarrik kaleetako istiluez, baina neurri errepresiboen bateria oso bat dauka poliziek —eta hauen arduradun politikoek— babes legala eduki dezaten oztoporik gabe erreprimitzeko.

Legealdia galdu du Espainiako Gobernuak lege hori indargabetzeko, edo errotik aldatzeko. Pedro Sanchezek gobernura iritsi aurretik hainbat aldiz agindu zuen indargabetu egingo zuela mozal legea eskubideak murrizten zituelako: 2015ean behin, 2018an bi bider eta, garrantzitsuena dena, 2019an Unidas Podemosekin sinatu zuen gobernu akordioan. Askok pentsatu genuen —Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente sozialistak 2004ko apirilean kargua hartu eta biharamunean armada Iraketik erretiratzeko hartu zuen erabakia gogoan— Moncloara iritsi eta oso epe laburrean beteko zuela hitza, legegintzaldi berriaren lehen neurri efektista izateko helburuarekin. Ez du egin. Polizien beldur.

Arestian aipatutako alderdietako kideak ez bazeuzkan PPk buruan, zein alderditakoak zeuzkan? Unidas Podemosekoak Madrilen, Herrialde Katalanetako independentziazaleak, EH Bildukoak Hego Euskal Herrian, BNGkoak Galizian, bateko eta besteko sindikatuak, grebalariak, talde alternatiboak, okupak, etxegabetzeen aurkakoak...

2011n Madrilgo Sol plazan abiatu zen prozesutik sortu zen Podemos, eta polizientzat lehentasunekoa zen sortzen ari zen mobilizazio tipologia hori zigortzeko tresna juridiko gogorra edukitzea. Baita Ertzaintzarentzat ere, maiz erabili baitu lege hori.

Podemosi kaleko hegoak mozteko diseinatutako legea babestu du asteon Unidas Podemosek; seguru asko alderdi horrek legealdian irentsi behar izan duen kontraesanik handienetako bat izango da.

Ez zorroztu aizkora zeure borreroari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...