Subijanak esan du «segurtasun juridikoa» eskaini behar dela

jon olano
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19aren bosgarren olatuaren kudeaketa eztabaidaren erdigunean dago; zer neurri hartzen diren eta administrazioek zer ahalmen dituzten neurriak hartzeko, eskumen banaketari dagokionez, baina baita neurrien kontrol juridikoari dagokionez ere. Horren inguruan, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak esan du «segurtasun juridikoko elementuak» eman behar direla, auzitegiek ez ditzaten erabaki diferenteak hartu Espainiako autonomia erkidego bakoitzaren arabera. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan mintzatu da Subijana, eta azaldu du segurtasun juridiko hori ematea dela egokiena, «herritarren konfiantza areagotzen» duelako.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak ere gaiaz jardun du. Nabarmendu du «segurtasun juridiko nahikoa» izatea beharrezkoa dela egungo «ezusteko» egoerari aurre egin ahal izateko: «Kogobernantzak eskatzen du irizpideak, arriskuak, diagnostikoak eta erabakiak partekatzea».

Ortuzar, tresna eske

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak ere tresna juridikoak emateko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, izurriari aurre egin ahal izateko. COPE irratian eginiko adierazpenetan, Ortuzarrek esan zuen Sanchezek «azkarregi» jokatu zuela alarma egoera bertan behera utzita: «Begiak itxi eta berehala bertan behera utzi nahi izan zuen [alarma egoera], denboraldi turistikoa salbatu eta ostalaritzaren edota zerbitzuen sektorearen egoera ekonomikoa suspertu zedin».

Ortuzarren iritziz, horrek ulertarazi zuen «dena gaindituta» zegoela: «[Pandemiak] Gure lekuan jarri gaitu, eta gaur, ez aurreko olatuetan bezain larri, baina arazo larri bat dugu leku askotan». Zentzu horretan, kexu da gobernuaren jokabidearekin: «Espainiako Gobernuak gehiengo osoa izango balu bezala jokatzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.