Ostiral Santuko Akordioak. Hizkuntzaren eztabaida

Stormonten ezina

Gaelikoari duela hogei urte eman zioten lehenengoz aitorpena Ipar Irlandan. Hala ere, oraindik ez du legerik lortu, eta gobernu krisiak zaildu du xede hori. Irtenbidea Londresen egon daiteke.

Sinn Fein alderdiaren Belfasteko egoitzako afixa, gaelikoarentzat hizkuntza legea eskatzen duena. ANDER PEREZ ZALA.
ander perez zala
Belfast
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Urtebete eta hiru hilabete igaro dira Ipar Irlandako Gobernua desegin zenetik, eta urtebete eta hilabete igaro da hauteskundeak egin zituztenetik. Sinn Fein eta DUP Alderdi Demokratiko Unionista, tarte horretan guztian, ez dira ados jartzeko gai izan, hainbat auzitan dituzten desadostasunak direla medio. Horietako bat gai korapilatsua da: Irlandako gaelikoaren hizkuntza legea. Duela hogei urte jaso zuen lehen aitorpena Ipar Irlandan, Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenean; adostu zuten hizkuntza garatzeko eta berpizteko neurriak beharrezkoak zirela, eta Erresuma Batuak ere bat egin zuen behar horrekin. Gerora, 2001ean, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatu eta berretsi zuen Londresek, eta, beste bost urteren ostean, hizkuntza babesteko lege baten beharra aitortu zuten Saint Andrewsko Akordioan; Ipar Irlandan autonomia berrezarri zuten urtea izan zen.

Hogei urte igaro dira hizkuntzak lehen aitorpena jaso zuenetik, baina gaelikoak oraindik ez du hizkuntza legerik lortu. «Ez du estatus ofizialik Irlanda iparraldean, eta hizkuntza minorizatua da. Estatuak bultzaturiko politikek eragin zuzena izan dute erabileraren eta hiztun kopuruaren murriztean, baina azken 50 urteotan kopurua hazi egin da», adierazi dio BERRIAri Grainne Gillenek, Conradh na Gaeilge hizkuntza sustatzeko elkartearen kontseilu exekutiboko kideak. Elkarrizketarako hitzordua Belfasteko auzo nazionalista nagusiko Culturlann gunean finkatu du, egoitza toki berezia baita harentzat: «Unibertsoaren zentroa da, Belfasten gaelikoa dakien komunitatearen etxea. Nire kasuan, 16-17 urte nituenetik etortzen naiz hona. Ingelesez hitz egiten hazi nintzen, baina nire familiak beti nahi izan du nik gaelikoa ikas nezan, hizkuntza hori bere identitatearen parte sentitzen duelako, senideak hiztunak ez diren arren. Culturlann bilakatu zen beste hiztunak ezagutzeko toki bat, sentitzeko Irlandako hizkuntza normalizatuta dagoela, hemen bakarrik bazen ere. Jendea ezagutzeko eta hizkuntza erabiltzeko toki bat da».

Beste hainbat pertsonak bezala, hizkuntza ez du etxean ikasi, eskolan baizik. «12 urte nituenean hasi nintzen gaelikoa ikasten, eskolako ikasgai gisa. Guztiz maitatu nuen hizkuntza lehen egunetik, iruditzen zitzaidalako neure buruaren galdutako parte bat berreskuratzen ari nintzela». Erresuma Batuko 2011ko erroldaren arabera, Ipar Irlandan 184.898 herritarrek dute hizkuntzaren «ezagutzaren bat»; biztanleriaren %10,65 dira. Horietako 104.943 (%6,05) dira hitz egiteko gai, eta 4.130 bat herritarrentzat (%0,2) da etxeko hizkuntza.

Kopuru horiek hobetzeko, ezinbestekotzat du Gillenek hizkuntza lege bat lortzea. «Saint Andrewsko Akordioak zehazki esaten du gobernuak hizkuntza lege bat egin behar duela. Hamabi urte igaro dira, eta ez da gertatu. Nazioarteko akordio bati buruz ari gara; legeak indarrean egon beharko luke jada». Balizko errealitate hori, ordea, zaildu egin da nazionalisten eta unionisten arteko gobernu krisiaren ondorioz, eta Conradh na Gaeilge taldea Westminsterrera begira jarri da, aurrerapausoak emateko, Stormontek eman ez dituenak lortzeko —Conradh na Gaeilgek auzitara eraman zuen Ipar Irlandako Gobernua iazko otsailean, Saint Andrewsko Akordioa eta Programme for Government 2011-15 testuetan hitzartutakoa ez betetzeagatik—. «Ipar Irlandan sexu bereko pertsonen ezkontza eskubidea lortzeko prozesua egiten ari dira hemengo LGTB taldeak Westminsterren, eta arreta handiz jarraitzen ari gara auzi hori, hizkuntzarekin berdin egin ote daitekeen argitzeko. Aldi berean, Komunen Ganberako diputatuekin ari gara hizketan, eta, egia esan, nahikoa babes lortzen ari gara: Alderdi Laboristako diputatuena, Eskoziako Alderdi Nazionalistakoena eta Galesko Plaid Cymrukoena, adibidez». Ez du baztertzen Alderdi Kontserbadorearen babesa ere lortzea, galesera babesten dutelako. «Oraingoz, balizko bide bat da, eta ironikoa, hemen ez gai izatea eta Londresen agian zer edo zer lortzea».

Lehen eskolak

Culturlannetik hiru kilometrotara, Belfasteko gaeltacht —arnasgune— historiko bat dago, gaelikozko lehen eskola sortu zen gunea. Hizkuntza babesteko modu berezia bururatu dute: «1960ko hamarkadaren amaieran, lagun talde gazte batek zelai bat erosi zuen Shaw's Roaden, hamasei etxe eraikitzeko. Erraz azaltzen da garai hartan hizkuntza babesteko finkatu zuten dinamika: gune horretan etxea erosteko, erosleak hiztuna izan behar du, eta berdin gertatzen da saltzeko garaian, soilik hiztunei sal diezaiekete. Hala babesten dute hizkuntza».

Gazte talde hori hezten joan ahala, haurrak izan zituzten, eta horiek gaelikoz hezteko beharra ikusi zuten. Gaelikozko lehen eskola sortzea erabaki zuten orduan. «Ez zuten Erresuma Batuko Gobernuaren baimenik, eta mehatxuak jasan behar izan zituzten, espetxean sartuko zituztela, esaterako. Baina aurrera jarraitu zuten, eta dirua bildu zuten irakasleak ordaintzeko. Beren eskola liburuak ere egin zituzten».

Eskola hori, Ipar Irlandako lehen gaelscoil-a, bederatzi haurrekin abiatu zen, 1971n. Egun, 43 eskola daude umeentzat —3 eta 4 urte artekoentzat—, lehen mailako 35 eskola haurrentzat —5 eta 11 urte bitartekoak—, eta 5 eskola gazteentzat —11 eta 18 urte bitarteko haurrekin—. Denera, 6.000 haurrek jasotzen dute hezkuntza guztiz gaelikoz Ipar Irlandan. Elkartearen datuen arabera, 2024. urterako bikoiztu egingo da ikasle kopurua, 12.000 izateraino. «Gora doa», laburbildu du Gillenek.

Eskubide urraketak

«Ni bizi naizen tokian, Belfast iparraldean, duela lau aste neurri bat onartu zuten kale izenei buruzkoa: bozkatu zuten ingelesez izatea soilik, alegia, munduko hizkuntza guztiak debekatu dituzte, ingelesa izan ezik. Ulster Erdialdea barrutian, adibidez, bi elekoak dituzte. Barrutiaren araberakoa da azkenean. Bidegabea da! 32 kilometrotara bizi den batek gaelikoz izan ditzake eta guk ez? Horrelako adibideengatik eskatzen dugu hizkuntzarentzako estatus ofiziala, lege bat».

Conradh na Gaeilge 1893ko uztailaren 1ean sortu zuten Eoin Mac Neillek eta Dughlas de hIdek (Douglas Hydek), gerora Irlandako lehen presidente izango zenak. Egunerokoaren alderdi guztietan gaelikoa sustatzea da taldearen helburua, Irlandako hizkuntza komuna izan dadin: hezkuntzan, legedian, sare sozialetan eta zerbitzuetan, esaterako. «Hizkuntza komunitatearen bidez sustatzen saiatzen gara, sareak sortuz, musikaren bidez, kulturaren bidez. Eta gazteentzat guneak sortzen ditugu, hizkuntza erabil dezaten eztabaidak izateko. Eta Euskal Herria inspirazio iturri izan da hizkuntzaren aldeko elkarte askorentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.