Katalunia

Torrentek Sanchezen inbestidura atzeratu du, Estrasburgoren zain

Llarena epaileak saiora joateko baimena ukatu dio hautagaiari, eta haren defentsak Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko du, etzi, kautela neurrien bila. CUPek abstentzioari eutsiko dio bozketan

Jordi Sanchez irudiaren erdian—, iazko urrian, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu aurretik. VICTOR LERENA / EFE.
ander perez zala
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak etzi egitekoa zen inbestidura saioa atzeratzea erabaki zuen atzo, azken orduan. Hasieran, data horri eustearen aldekoa zen, baina JxC Junts Per Catalunyarekin batzartu ostean, Jordi Sanchezen inbestidura saioa atzeratzea erabaki zuen, beste hitzordurik finkatu gabe. Aurretik, Pablo Llarena epaileak ez zion baimenik eman Sanchezi astelehenean Kataluniako Parlamentuan izateko, eta, testuinguru horretarako, presidentegaiaren defentsak iragarria zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko zuela. Hala egingo du etzi, 08:00etan, kautela neurriak eskatzeko; erabakiak Torrenten babesa du, hautagaiaren eskubide politikoak bermatzea baita helburua, Sanchez bere inbestidura saioan izateko. Estrasburgoren erabakiaren zain geratu da Torrent: «Parlamentuko presidente gisa, diputatu guztien eskubide politikoak bermatzeko eta defendatzeko borondatea dut», idatzi zuen Twitterren. ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoa alderdiak ere Torrenten erabakiaren alde egin zuen.

Sanchezen defentsak jarritako helegiteari ezezkoa eman zion atzo eguerdian epaileak, eta behin-behinean espetxean jarraituko du ANC Kataluniako Asanblea Nazionaleko presidente ohiak, kartzelatik behin-behinean ateratzeko baimena ere ukatu baitio —urriaren 16tik dago espetxean—. Defentsak epaileari eskatu zion Sanchez aske uzteko, hautagai izendatu zutenez inbestidurara joateko eskubidea zuelako, baina Llarena ez da iritzi berekoa; autoan argudiatu du JxCk eta ERCk joan den astelehenean adosturiko akordioak indartzen duela Sanchezi leporatzen dizkion delituak berriz egiteko «ezohiko arriskua». Hala, epaileak ez du argi Sanchezek Espainiako Konstituzioa eta egungo legeria errespetatuko ote lituzkeen.

Herriakusazioaren —Vox alderdia eta Estatuaren Abokatutza— jarrera jakin gabe hartu zuen erabakia Llarenak. JxCren eta ERCren akordioa erabiltzeaz gain, Llarenak argudiatu du Sanchezi leporatzen dizkion matxinada eta sedizio delituak «larriak» direla, eta «froga berri eta garrantzitsuak» bildu dituztela, indarkeria eta beste hainbat elementurekin zerikusia dutenak; horiek guztiak, presidentegaiari «zuzenenean egotz daitezkeenak».

PDeCAT alderdiarentzat, ordea, ez dago argudio legalik Sanchez espetxean mantentzeko. Espainiako Kongresuan alderdiaren bozeramaile Carles Campuzanok atzo argudiatu zuen ez zela gai halako argudiorik aurkitzeko: «Erabakiok Kataluniako gizarteak eskatzen dituen irtenbide politikoak blokeatzen dituzte». Madrilentzat, aldiz, beste hautagai bat bilatzeko unea da orain: «Katalanak ezin dira behin eta berriz engainatu», ohartarazi zuen Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren eledunak. Harentzat, independentisten akordioa ez dator bat Gorenean adierazi zutenarekin.

CUPek ez du jarrera aldatu

Sanchez inbestitzeko akordioa asteazken gauean helarazi zioten JxCk eta ERCk CUPi, eta, Eduard Pujol JxCko diputatuaren esanetan, antikapitalisten «planteamendu politikoei» erantzuten die. CUPek, ordea, ez du «aldaketa sakonik» ikusi proposamen berrian, eta atzo iragarri zuen abstentzioari eutsiko diola Sanchezen inbestidura saioan —lau diputatu ditu—.

Komunikatu baten bidez, koalizio antikapitalistak azaldu zuen akordio berriak ere «gabezia garrantzitsu eta erabakigarriak» dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.