Katixa Agirreren nobela proiektuak irabazi du Augustin Zubikarai saria

'Amek ez dute idazten' deituko da eleberria. Hamazazpi lan aurkeztu dira Ondarroako Udalak eta Elkarrek antolatutako sarira

Katixa Agirrek datorren astean jasoko du saria. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) Amek ez dute idazten nobela proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamazazpi lan aurkeztu dira, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria datorren astean jasoko du Agirrek, hilaren 27an, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien barruan.

Amek ez dute idazten proiektuak amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta, hari detektibesko baten bidez: emakume gazte batek bere haur txikia hiltzen du, ageriko arrazoirik gabe, eta kasu horrek jakin-mina eta, are, obsesioa sortzen dio protagonistari. Idazlea da bera, eta ama ere bai. Emakume hiltzailea noizbait ezagutu zuela ohartzen da, eta horretaz idaztea erabakitzen du.

Katixa Agirre ikus-entzunezkoetako doktorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Haur literaturako zenbait liburuz gain, helduentzako hiru liburu argitaratu ditu: Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009) ipuin liburuak eta Atertu arte itxaron (2015) eleberria.

Bederatzi urtez nobela laburren lehiaketa izan zen, baina, 2010ean, formatuz aldatu, eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauek izan dira sariaren irabazleak eta lanak: Joxean Agirre (Zwei Frauen -bi emakume-), Itxaso Araque (Damutzen ez direnak), GarbiƱe Ubeda (Hobe isilik), Garazi Kamio (Orube abandonatuak), Jasone Osoro (12etan bermuta) eta Miren Gorrotxategi (33 ezkil).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.