Koronabirusa. Errefuxiatuak. Vasilis Stravaridis. MSFko kidea

«Premiazkoa da ahulenen ebakuazioa»

Errefuxiatuak hartzen dituzten Greziako uharteetan ospitaleek gaitasun oso urria dutela nabarmendu du Stravaridisek. Kanpamentuak beren kaxara uztea onartezina litzatekeela dio.

MSF MUGARIK GABEKO MEDIKUAK.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Greziako Lesbos uhartean lehen koronabirus kasuak atzeman eta egun gutxira hitz egin du Vasilis Stravaridis MSF Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko Greziako zuzendari nagusiak BERRIArekin. Errefuxiatuek koronabirusari aurre egiteko duten osasun babes ahula salatu du.

Lehenengo koronabirus kasuak baieztatu dira Greziako Lesbos irlan. Zein da egoera irletako kanpamentuetan?

Lau urte dira errefuxiatuen ebakuazioa eskatzen ari garela, talde zaurgarrienetatik hasita: haurrak eta osasun arazo kronikoak dituztenak ebakuatu ditzatela lehenbailehen. Baina oraintxe bertan are gehiago da premiazkoa ahulenen ebakuazioa. Ez dira antolatutako kanpamentu batean bizi. Gehiengoa kanpamentuen kanpoaldean bizi da, olibondoen azpian, udako kanpadendetan. Kasu batzuetan, bi edo hiru familia bizi dira elkarrekin kanpadenda edo edukiontzi bakarrean. Bestetik, Morian, esaterako, ur iturri bakarra dago 1.300 pertsonarentzako. Bi adibide horiek argi uzten digute OMEk gomendatzen duena ezin dela bete. Biztanleria horren zaurgarri hor bakarrik uztea, ezer ez dela gertatuko pentsatuz, guztiz onartezina da.

Eskerrak oraingoz ez dugun kasurik izan kanpamentuetan. Hori da orain arteko positiboena, baina denbora kontua da lehenengo kasuak agertzea.

Europako Parlamentuak ere eskatu du talde zaurgarrienen ebakuazioa. Urratsik egin da?

Gauza asko entzuten ditugu, eta zurrumurru asko dago Greziako Gobernuak eta EBk har ditzaketen neurriei buruz, baina guk soilik errealitateak islatzen duenaz hitz egin dezakegu. Zoritxarrez ezin dut esan zerbait aldatu denik. Eztabaida badago. Egon daiteke zerbait positiboa COVID-19aren ondorioz dagoen presioarengatik, baina ez da nahikoa. Errealistak izate aldera, hau guztia hurrengo bi hilabeteetan amaitzen bada, beldur naiz ez ote garen lehengora itzuliko eta jende honetaz ahaztuko; ez ote garen gure normaltasunera bueltatuko, eta berriro ere pertsona hauen ebakuazioa eskatzen ibili beharko.

Zer lan ari da egiten MSF?

Komunak prestatu ditugu, ur iturriak eta dutxak. Esaterako, Samosen, 60.000 litro ur banatzen ditugu egunean. Ezin dugu udaleko ur hornidura sarera konektatu. Udalak ez du halakorik nahi eta oztopoak jartzen ditu. Beraz, kamioi bat alokatu behar dugu egunero, gutxienez, 60.000 litro ur eskaini ahal izateko. Kopuru hori ez da pertsona bakoitzeko ur beharra asetzeko nahikoa. Krisi egoera batean ere pertsonako sei edo zazpi litro ur behar dira, eta ez gara gutxieneko horretara iristen. Egoera are larriagoa da COVID-19arekin.

Horrez gain, gure taldeak saiatzen dira kanpalekuetan bizi diren guztiei hartu behar dituzten neurriak azaltzen, beren buruak, familiak eta gertu dituztenak babesteko.

Positiborik baldin badago, badago protokoloren bat gaixo horiek bakartzeko?

Teorian, bai. Baina irla hauetako ospitaleen gaitasuna oso mugatua da. Adibidez, bi edo hiru ohe izan ditzakete. Kasu asko izango bagenitu, ez lirateke nahikoa izango. Gu saiatzen gara Osasun Ministerioarekin harremanetan izaten, egoerak okerrera egingo balu eremu bakartu bat prest izateko. Baina hau guztia oso poliki doa.

Morian klinika bat daukagu. Egunean ehun haur baino gehiago artatzen ditu. Bertan saiatu gara eremu bat egokitzen koronabirusak kutsatutako kasu susmagarririk agertuko balitz pertsona horiek artatzeko. Era berean, agintariekin hitz egiten ari gara, ondoan beste eremu bat egokitzeko. Helburua da berrogeialdian egon beharko luketen pertsonak eremu horretan hartzea.

Esperientzia duzue beste epidemia batzuen kudeaketan. Zein irakaspen atera daiteke krisi horietatik?

Esperientzia handia dugu antzeko egoerekin. Esaterako, ebolari aurre egiteko Afrikan garatu ditugun proiektuekin. Garrantzitsuena orain prebentzioa da, jendeari mezua helaraztea, eskuak nola garbitu behar diren azaltzea, nola mantendu gutxieneko distantzia. Izan ere, behin horren populazio handia eta hain baldintza prekarioetan bizi dena kaltetzen denean, askoz ere zailagoa da egoerari aurre egitea.

Greziako Gobernuak kanpalekuak konfinatu ditu. Tentsioa handitu du neurriak?

Badugu kezka jendea blokeatuta sentitu daitekeelako gutxieneko baldintzak betetzen ez dituen toki batean, eta horrek tentsioa handitu dezakeelako. Hala ere, orain arte ez dugu istilu larririk izan.

Eskuin muturra oldartuta ibili da Greziako irletan. COVID19ak egoera okerragoa bihurtu du?

Arazorik handienak urtarrilean eta batez ere otsailean izan ziren. Eskuin muturreko taldeen indarkeriak neutralagoak ziren beste talde batzuen oniritzia izan zuen. Azken horiek ikusi dute gobernuak ez diola egoerari irtenbiderik ematen, eta haiek ari direla jasaten porrot egin duen estrategia bat. Ez da inolaz ere onargarria EBko herrialde batean mediku zerbitzua eta zerbitzu humanitarioa jomugan izatea. Zerbitzu horiek ahalegintzen ari dira Greziako Gobernuak eta EBk erantzunik gabe utzi duten arazo bati aurre egiten.

Orain, jende guztia ari da segurtasun bila. Grezian adibidez, ikusi dugu herritar batzuk kutsatu kopuru jakin bat zuten hiriak utzi dituztela seguruago sentitzen diren herrietara joateko. Normala da. Denok bilatzen dugu segurtasuna. Hori da lehenengo baldintza. Errefuxiatuek ere segurtasuna bilatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.