Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Thriller

2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gero eta jende gehiagok txertoaren bi ziztak ukan ditu. Abiadura urria izanagatik, prozesua aitzina ari da eta uda atarian (ar)talde immunitatea lortuko bide dugu. Aspeko bortuetan marraka eta jauzika airosean esbaditzen ahalko gara orduan. Duela gutxi arte bakunaren kontra zegoen lagun bat ere ernatu zen, partekatzen dugun medikuaren kontsultaren sekretuan bere dosia hartzera. Ez nizkion alabaina iragan neguko bere no vaxx diskurtsoak errepikatu...

Euri arrats apal batez egin zidan aurreneko zizta erizain gazte eta xarmantak. Ezkerreko beso gainean dolorearen sua nabaritu arren, ez nuen oihurik egin, ez eta ume moko baten antzerako malkorik isuri. Duinki zuzendu nintzen gero aiduru gelara, han zeudenen konpainian, txertoa egin eta hamabost minutuak ahitu arte. Emazte bat mintzo zen goraki, etxean utzia zuen txakurraz, gizon trapu batek eztul mardula askatu zuen eta denak adi jarri ginen, dardarka.

Ospitaleko labirintoan, Minautoroaren harpe ilun eta hertsira eramango ninduten gezi berdeak jarraitu nituen. Kezkatua. Galdua. Harreran izen-abizenak hartu zizkidaten eta berehala medikuaren parean nintzen. Une latza, txertoaren arriskuak zein diren bihikatzen dizun momentua: ehun mila kasuetatik batean alergia garratza pitz daiteke txertoa ukan eta ondoko oren laurdenean. Herio kondena eskuan bainuan begiratu nion medikuari. Sendagilea irriz lehertu zen, arriskurik ez zegoela, lasai egoteko, estatistikak zirela, besterik ez. Gauzak erran behar zituztela, pazienteak jakinean egoteko.

Ziztaren lekuan uspel grisa atxiki dut bizpahiru egunez. Ene salbamendu-estigma ahurraz ferekatzen nuen noiztenka. Bigarren aldiaren perspektibak ez nau hainbeste arranguratzen. Agian, ezinbesteko txertatzea errituala, bizi izan dugun osasun tsunamiaren azken putarra da. Pentsamendu horiek nituen buruan eri-etxetik jalgitzean, haur denboran, Oragarreko eskolan, nola pikatzen gintuzten gogoratzen nuela. Egun haietan berdinki euria ari zuen eta Urrutibeheiti medikua heldu zen Donapaleutik, orratz luze batekin gure ziztatzera, abereak bagina bezala, lerroan, urrikirik gabe. Marka larria daukat oraindik azpian.

Eter usaina desagertu da. Txertoak ARN xingolarekin osatzen dira. Gurasoen abisua eskatzen da haurrak tratatzeko tenorean. Lehen eta gaur, haatik, hor dago beldurra, mesfidantza, ahoskatzen ez den iritzia, aldekoa, kontrakoa. Eta irudi zuri-beltzen gainetik, Andrei Tarkovskiren Ispilua filmean nola, esperantza izpia ageri da lebitazioan.

Izpi hori gutariko bakoitza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.